Asiako hamar uririk onenak
2009-06-17 11:29 BidaideArtikulu hau idazteko ideia abrozimentuari aurre egiteko metodo moduan sortu zan, baina emoitzak benetan interesgarriak dira. Lagun bat etxera bazkaltzera etorri zanean hasi zan dana. Bidaia-giden editorialetan parte hartzeko eskatu eustan, modu sinbolikoan baino ez bazan be: 'zure lagunei zuzendutako Asiako hamar uririk onenen zerrendea osotu behar zeunke'.
Artikulu hau idazteko ideia abrozimentuari aurre egiteko metodo moduan sortu zan, baina emoitzak benetan interesgarriak dira. Lagun bat etxera bazkaltzera etorri zanean hasi zan dana. Bidaia-giden editorialetan parte hartzeko eskatu eustan, modu sinbolikoan baino ez bazan be: 'zure lagunei zuzendutako Asiako hamar uririk onenen zerrendea osotu behar zeunke', esan eustan, nik buruan milaka ideia hobe nituala jakinarazo arren.
Gaur, Zhengzhoutik Shanghaira joateko hegazkina itxaroten nagoan bitartean (ordu biko atzerapena izan arren, oraindino ez da ailegau), nire eskuko ordenagailuaren bateria argazki zaharrak begiratzen baino modu eraginkorreagon zelan gastau pentsetan hasi naz. Excel programea zabaldu eta, zutabe batean, Asiako urien edo, hobeto esanda, ekialde urrunekoen zerrenda bat idatzi dot, mundu mailako garrantzia daukienak zein, beste barik, berezitasunen bat daukienak kontuan izanda. Gero, bederatzi aldagai jarri dodaz, tartean, bizi-mailea karu ala merke dagoan, aisialdia eta bidaiarientzat oso garrantzitsuak diran ezaugarri bi: garraio publikoa eta klima. Arlo bakotxaren notea jarrikeran, ahalik eta subjetiboena izaten ahalegindu naz. Batuketa guztiari pertzepzino pertsonala ganeratu deutsat, neuk ez beste inok bizi izan dituan esperientzietatik ondorioztatutakoa. Beraz, nota guztiak batuta, uri bakotxak, gehienez, 100 puntu izango leukez.
Japoneko bi uri garrantzitsuenak zerrendearen lehenengo postuetan dagoz eta ez da harritzekoa. Halanda be, nire eretxi personalak nipondar uriburuaren alde egin dau, 85 puntugaz. Tokio metropoli berezia da, segurua, garbia, entretenigarria, jateko gozoagaz eta ikusteko leku askogaz. Karua da, bai, baina merezidu dau pagetea, kontsumiduten dozunak kobretan deutsuena balio dauelako. Kioto be zoragarria da, baina ez da horren ikusgarria eta ez dauka uriburuak besteko eskaintza zabalik.
Begibistakoa da hormigoizko eta asfaltozko sail handiak gustetan jatazala ze hirugarren postuan Hong Kong jarri dot; ganera, nigaitik, lehenengo be jarriko neuke, Kiotoren aurretik. Aurrekontu eskasa izan arren be, arazorik barik bisitau geinke uri osoa, lekuetara ailegetea oso erraza da, aisialdi eskaintzea zabala eta jente lar dagoan inguruetatik berehala urten zeinke.
Behin dominak emonda, olinpiar diplomea odol britainiarra daukan Singapurrek lortu dau. Bertan, dana da perfektua, suitzar erloju bat baino perfektuagoa, baina abrozidua da, kultur jarduerak faltetan eta merkataritza-guneak sobretan jakoz. Hori bai, segurtasun-arloan, garbitasunean eta garraiobidean punta-puntako uria da. Ganera, danetarik jan daiteke, gozo eta prezio onean.
Orain arte aitatutako lau uriak -nire ustez, Asiako onenak- lurralde garatuetakoak dira, hau da, 'lehenengo mundukoak'. Edonor joan daiteke, segurtasun-arloan bikainak dira eta. Zerrendako bosgarrena -Txinako uriburua-, barriz, 'bigarren mundukoa' da, garapen-bidean baitago. Halanda be, nire barruari kasu egin ezkero, Pekin baino, Shanghai -urte batzuetatik hona nire bizilekua dan uria- laugarren egongo litzateke zerrendan. Baina zikinkeriak eta bertako biztanleen adeitasun falteak puntu asko kentzen deutsoz Txinari. Eta hori, hizkuntza-arazoak kontuan izan barik. Aldagai hori sartu izan ezkero, Hong Kong eta Singapur zerrendearen lehenengo lekuetan egongo litzatekez, Japonian eta Txinan bidaiatzea oso gatxa baita bertako hizkuntzak ezagutu ezean.
Pekinen atzetik Bangkok eta Shanghai dagoz. Lehenengoa oso erosoa eta atsegina da, baina segurtasun-arloan alde ilunak daukaz; bigarrena, Shanghai, zazpigarren jarri behar izan dot, bihotzak hori esan ez arren, gauzak, askotan, diran modukoak diralako, ez guk gura doguzan modukoak.
Puntuak kontau eta Seul zortzigarren geratu dala ikusteak harritu egin nau, izan be, gatzbako uria otu jatan. Ez Txina ez Japon. Baina segurua, garbia, erabilerraza... da eta, prezio kontuetan puntu gitxi emon deutsadanez, zortzigarren geratu da, bestela seigarren egongo litzateke. Baina hori balorazino personala baino ez da.
Zerrendea ia burutik pasau be ez jatazan uri bik zarratzen dabe. Batetik, Vientiane, Laoseko uriburua, hasierako zerrendan ez egoana eta, bestetik, ez neban pentsauko Katmandu hamar onenen artean sartuko zanik. Baina Vientiane-n bizi dan bake-giroa bikaina da, jateko eta lo egiteko kontuetan uri merkea da eta bertakoak oso atseginak dira. Himalayako uriburuari jagokonean, uri handia ez izan arren, daukan exotismoagaitik eta bisitau daitekezan milaka lekugaitik lortu dau zerrendan sartzea.
Badakit asko ez zareela bat etorriko nik egindako balorazino honegaz eta baleiteke zerrendan egon behar leuken hainbat uri kanpoan geratu izana. Baina bisitariak gehien bisitetan dituan uriak baino ez aztertzea erabagi dot. Dana dala, irakurle, zuk egindako edozein balorazino onartzen dot eta, beraz, idatz egizu zeure eretxia emoteko.
Orain artekoak onenak izan dira. Hurengo artikuluan, txanponaren beste aldea erakutsiko dogu: Asiako hamar uririk txarrenak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!