Donostiako Musika Hamabostaldiak Mikel Laboa eta Itoiz taldea omenduko ditu

Bizkaie! 2009-06-16 11:01   Musikea

Abuzturen 4an hasi eta irailaren 5era bitartean ia ehun ekitaldi izango dira Donostiako Musika Hamabostaldian, 13 ziklotan banatuta. Daniel Barenboim, John Eliot Gardiner, Maria Joao Pires eta musika klasikoko beste hainbat izarrek eskainiko dituen kontzertuakaz batera, euskal musikako bi izen handik omenaldia jasoko dabe: Mikel Laboa kantaria eta Itoiz musika taldea.

Abuzturen 4an hasi eta irailaren 5era bitartean ia ehun ekitaldi izango dira Donostiako Musika Hamabostaldian, 13 ziklotan banatuta. Daniel Barenboim, John Eliot Gardiner, Maria Joao Pires eta musika klasikoko beste hainbat izarrek eskainiko dituen kontzertuakaz batera, euskal musikako bi izen handik omenaldia jasoko dabe: Mikel Laboa kantaria eta Itoiz musika taldea.

Abuztuaren 8a Mikel Laboaren eguna izango da. Musika jaialdiaren eta kantariaren arteko loturea sakona izan zan: 1999ko edizinoan, Euskal Herriko Gazte Orkestreagaz eta Donostiako Orfeoiagaz kontzertua emon eban Laboak.

Egun osoko jardunaldia izango da, erakusketa bat eta mahai-inguru bat egingo dira eta, iluntzean, Victoria Eugenia Antzokian, 'Laboaren Mundua' ikuskizuna eskainiko da. Josetxo Silguerok zuzendutako kontzertuan, Iñaki Salvador, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika egongo dira taula ganean.

Bestalde, Itoizen musikea abuztuaren 25ean entzungo da Hamabostaldian, 'Itoiz Suite' aurkeztuko baita Victoria Eugenia Antzokian. Banda ezagunak 1970eko eta 1980ko hamarkadatan ezagun egindako kantuak berridatzi ditu Juan Carlos Perez taldeko liderrak bertsino sinfonikoan, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretauko ditu kontzertu berezi horretan.


Donostiatik kanpo

Ohikoa danez, jaialdia ez da Donostiara mugatuko. 'Musika Aitzaki' zikloaren barruan hainbat kontzertu egingo dira inguruko hainbat udalerritan be. '1900-1936: Abangoardia aroa' da aurtengo Hamabostaldiko ardatzetako bat, XX. mende hasieran Donostia-Miarritze eremuan izan zan kultur loraldia gogora ekarri gura dauen proposamena. Ziburura, Miarritzera eta Kanbora egingo dau salto Hamabostaldiak.

Ganera, kontzertuak eskainiko dira Mutrikun, Zumaian, Errenterian eta Hondarribian. 'Hormen arteko oihartzunak' ikuskizunaren estreinaldia egingo da abuztuaren 28an Hondarribiko Jostaldi pelotalekuan; Gorka Alda konpositorearen musikea ardatz hartuta, proposamen berezia izango da, barritzailea, zesta-puntea, musikea eta jantzea buztartuko dituana. Azkenik, Organo Zikloaren bidez be Donostiatik kanpo urtengo dau jaialdiak, kontzertuak eskainiko baitira Usurbilen eta Azkoitian.

Neska-mutilentzat berenberegi antolatutako ikuskizunak be urtero eskaintzen ditu Musika Hamabostaldiak. Aurten, abuztuaren 19an izango dira emonaldi horreek. Victoria Eugenia antzokian, 'La Pequeña Flauta Magica' eskainiko da, Bartzelonako Gran Tetre del Liceuk egindako produkzinoa, Mozarten 'Xirula Magikoa' operan oinarrituta Comediants konpainiak sortutakoa. Antzokiko Klub Aretoan, barriz, 'Ehunzango baten ipuinak' eskainiko dabe, antzerki lan baten bidez umeak musikara hurreratzen dituan ikuskizuna.

'Musika Bai!' udalekuak be egingo dira Hamabostaldiaren barruan, abuztuaren 17an hasi eta 29a bitartean. Udaleku horreetan parte hartzen dabilzan ume eta gaztetxuek emonaldi bat eskainiko dabe abuztuaren 19an Okendo plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu