Fanfarre, Banda eta Kaleko Musika Taldeen Nazinoarteko IV. Haizetara Lehiaketea Amorebieta-Etxanon
2009-06-15 14:43 MusikeaDatorren astegoienean, bagilaren 19tik 21era, IV. Haizetara Lehiaketea izango da Amorebieta-Etxanon. Aurreko hiru ekitaldietan izandako arrakastearen ondoren, laugarren honetan sei herritatik datozen bederatzi banda izango dira, ikus-entzuleen gozamenerako, dixieland, funky, latin-funk, ska eta rythm´n blues lako estiloak jorratuz.
Datorren astegoienean, bagilaren 19tik 21era, IV. Haizetara Lehiaketea izango da Amorebieta-Etxanon. Aurreko hiru ekitaldietan izandako arrakastearen ondoren, laugarren honetan sei herritatik datozen bederatzi banda izango dira, ikus-entzuleen gozamenerako, dixieland, funky, latin-funk, ska eta rythm´n blues lako estiloak jorratuz.
Taldeek herriko bazter guztiak alaituko ditue. Hurreratzen diran guztiek aukerea izango dabe, besteak beste, musika alai eta dibertigarriaz gozetako eta bigarren eskuko musika-tresna eta prezio oneko instrumentuen feria bisitetako; kasu honetan, musika-denda espezializatuek parte hartuko dabe, berbarako, Gipuzkoako Donosti Soundek eta Bizkaiko Txirula Soundek.
Haizetara Jaialdia orain hiru urte sortu zan Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik. San Juan gauaren inguruan egiten dan banda eta kaleko musika taldeen lehiaketea da jaialdi hau. Herriko artxibo historikoetan batzen danez, San Juan jaietan ohikoa zan musika taldeak kaleetan ikustea. Lehiaketa honegaz, XX. mendearen hasieran, batez be, 1913 urtearen inguruan, musikea San Juan suagaz lotzen eban jaia berreskuratu nahi dau Udalak. Era berean, Haizetara jaialdiaren bitartez munduko beste hainbat tokitako musika joera barrienak ezagutzera emoteko, musika arloagaz loturik dagoan publikoa erakarri nahi dau herrira.
Lehiakideak
Hogeita hamarretik gora izan dira euren proposamena aurkeztu daben hautagaiak, eta horreen artean musika-estilo diferenteak batzen dituen bandak aukeratu dira. Lehiaketan parte hartuko daben bandak aukeratzeko, musikearen kalidadeaz gan, kultur ekarpena, ikus-entzuleakazko alkarreraginerako gaitasuna eta errepertorioaren aberastasuna izan dira kontuan, maila goreneko musika eta kultura eskaintzea bermatzeko asmoz.
Honakoak dira aukeratutako bandak: LA FANFARE EN PETARD (Strasbourg-Frantzia), FANFARE DU BELGISTAN (Utrech-Bélgica). DESBUNDIXIE (Leiria-Portugal), LA BRASSA BAND (Madril). TURUKUTUPÁ (Gasteiz), EXPRESS BRASS BAND (München-Alemania), FESTICULTORES TROUPE (Santiago de Compostela), D´IXIE ET D´AILLEURS (Baule-Frantzia), BRASTA (Utrech-Holanda) eta banda konbidatua: IRMAOS ESFEROVITE (Vila do Conde-Portugal).
Nazinoarte mailako lehiaketa hau irabazten dauenak 10.000 euroko saria jasoko dau. Era berean, ikusleen artean erabagitako 4.000 euroko sari berezi bat, BBK-k emonda, eta musikarien arteko musikaririk onenarentzako beste sari bat izango dira lehiaketa honetan. Azken sari hori sari nagusia erabagiko dauen epaimahai berak emongo dau, 1.000 euroko saria izango da eta herriko Pausa Digital enpreseak emon dau.
Lehiaketako emonaldiez gan, formatu txikiko beste kontzertu batzuk be izango dira herriko taberna, jatetxe eta hoteletan. Hiru banda ibiliko dira: Euskal Herriko Sei On Suite eta Bop Assault Force, eta Barnouche taldeko kataluniarrak.
Bigarren eskuko musika-tresnen feria
Bigarren Eskuko Musika-tresnen Feriaren egunak eta orduak ondokoak izango dira: barikuan, hilak 19, 18:30etik 21:30era; zapatuan, hilak 20, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara eta domekan, bagilak 21, 12:00etatik 14:00etara. Feriaz gan, luthierren erakusketea be izango da: hari-instrumentuak, arkudunak, erdi arokoak, gitarra, perkusinoa, kaxoi flamenkoak, txirulea eta albokea, besteak beste.
Bi tailer be programau dira: bata, perkusinoaren gainekoa, zapatuan, arratsaldeko 20:30ean eta domekan, barriz, eguerdiko 13:00etan, Augusto Gonzalez luthierrak emona, eta bestea, musikoterapiaren gainekoa, zapatuan arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Musikoterapia Eskolako irakasle Carles Perezen eskutik.
Era berean, prezio oneko musika tresnak erosi ahalko dira aurten lehenengoz, eta zenbait denda espezializatuk hartuko dabe parte ekimen honetan: Gipuzkoako Donosti Soundek eta Bizkaiko Txirula Soundek, besteak beste.
Lehiaketaz eta instrumentuen feriaz gan, Jorge López de Gereñuk oihalean eta paperean egindako akrilikoen erakusketea izango da Zelaieta zentroan, 'Arimaz: Jazza margotzen' izenburupean bagilaren 15etik 27ra.
Kale Musikarien nazinoarteko Lehiaketea - Egitaraua
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!