Gaur hasiko da Getxoko Blues Jaialdia Lonnie Brooksen eskutik

Bizkaie! 2009-06-12 10:51   Musikea
Bagilaren 12tik 14ra, besteak beste, Lonnie Brooks Band, Mike Hammer & The Taxi Drivers eta Johnny Mars Blues Band izango dira Getxon

Eguneko protagonistea Lonnie Brooks gitarra-jole beteranoa izango da, eszenatokien gainean berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea dauena. Horren aurretik Belceblues talde bergararra jardungo da, 'Infer' bere lehenengo diskoaren kantak eskaintzeko.

Gaur, bagilak 12, barikua, hasiko da Getxoko XXI. Nazinoarteko Blues Jaialdia. Lehenengo egunean, saio bikotxa egongo da Erromoko Santa Eugenia plazan, 21:30etik aurrera. Eguneko protagonistea Lonnie Brooks gitarra-jole beteranoa izango da, eszenatokien gainean berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea dauena. Horren aurretik Belceblues talde gipuzkoarra jardungo da, 'Infer' bere lehenengo diskoaren kantak eskaintzeko. Ohikoa dan legez, saio guztiak dobakoak izango dira.

Ibilbide musikalari Chicagon bultzadea emoteko etxetik alde egin eta 40 urte geroago, Lonnie Brooks-en (1933, Louisiana) musikeak oraindino funky erritmoen eta Bayou, Opelousas eta Lafayetteko urtegietako soinuen mamina dauka. Brooks-ek bere jatorrietako soinuak Texasko swing, Memphiseko soul eta Chicagoko blues garbienagaz buztartzen ditu norberaren nahasketea sortzeko.

Lee Baker Jr. izenagaz jaioa, Brooks Port Arthur-eko gazte langilea zan, bere etxeko atarian gitarrea joten ari zala Clifton Chenier mitikoak begiradea harengan jarri ebanean; Red Hot Louisiana Band-eko kide izateko konbitea egin eutson. Handik gitxira, 'Guitar Junior' ezizenagaz, rockaren eszenan bat-batean sartu zan 'Family Rules', 'The Crawl' edo 'Roll, Roll, Roll' lako hit arrakastatsuekaz.

1959an, Sam Cooke talde ospetsuagaz bat egin eban hegoaldetik zeharreko bira batean. Lankidetza horren emoitza moduan, estilo propioa garatzen hasi zan, Chicagoko erritmoak Muddy Waters, Howlin' Wolf, Little Walter, Otis Rush edo Magic Sam-en eraginakaz batuz. Sasoi haretan Jimmy Reed-egaz be ibili zan alkarlanean eta 'Big Boss Man' klasikoa grabau eta bere izena oraingoaren ordez aldatzea erabagi eban.

60. hamarkadan kontzertu ugari emon zituan AEBetako mendebaldean eta 'Broke and Hungry' lako lanak grabau zituan Guitar Junior izengoitipean. 1978an, azkenean entzuleen aintzatespena heldu jakon; baita kritikearena be, 'Two Headed Man' albumaren bitartez. Album hori Alligator zigilu entzutetsuko Living Chicago Blues series bildumarako grabau eban.

Lan horrek vodoo blues estiloaren sorrerea markau eban eta Brooks-en zigilu personal bilakatu zan. 1979n bere arrakasta musikaletako beste bat kaleratu eban: 'Bayou Lightning', Grammy sarietarako izentau izatera eta nazinoarteko aintzatespena lortzera eroan ebana. Ordutik, Louisianako artista jaialdi entzutetsuenetan ibili da eta hainbat estilotako artista ugarigaz kontzertuetan hartu dau parte, 'Blues Brothers 2000' filman bere burua antzezteaz gan.


Omenaldia Koko Taylorri

Zapatuan Getxo&Blues jaialdiak Koko Taylor 'Bluesaren erreginari' egingo deutso omenaldia. Artista handiak aurten parte hartu behar eban jaialdian, baina pasa dan eguaztenean hil zan. Holan, bada, agertokian estilo anitzeko artistak alkartuko dira: E. C. Scott abeslaria, Henry Butler eskarmentu handiko piano-jole eta abeslaria, bluesa, rhythm&bluesa eta jazza lantzen dituana, eta Kenny Neal gitarra-jolea. Era berean, horreekaz guztiekaz The Koko Taylor's Band-ek joko dau, abeslari handiaren taldeak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu