Beñat Olano eta Ander Solozabal gasteiztarrak, Arabako eskolarteko txapeldun

Bizkaie! 2009-06-08 11:14   Bertsolaritzea

Txapelak bigarrengoz Ander Solozabalen burua aukeratu dau, eta bigarren saria igaz hirugarren geratu zan Xabi Igoarentzat izan da. Bi honeek eskuratu dabe, Beñat eta Perugaz batera Altsasun jokatuko dan Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finalerako txartela. Finala bagilaren 20ean izango da, Altsasuko Burunda pilotalekuan.

Arabako eskolarteko txapelketako finala jokatu da astegoienean, Gasteizko Armentia ikastolan. Goizeko 9:00etarako Araba osotik hurreratutako 80tik gora ume eta gazte batu dira azken txanpari ekiteko asmoz.

Saio jentetsua eta arina izan dala aitatu dabe bertaratutako hainbat lagunek, eta antolatzaile lanetan ibili diran Arabako Ikastolen Alkarteak eta Arabako Bertsozale Alkarteak balorazino oso positiboa egin dabe. Parte hartze handia, maila altua eta publiko ugari izan dira.

Idatzizko lana izan da lehenengo egin beharrekoa, eta bertan egindako lan guztien artean txapelduna eta bigarrena aukeratu ditue sail bakotxean.


Idatzizko finala: Sarituak

Lehen Hezkuntza
- Txapela: Mailen Fernández (Amurrio, Lucas Rey ikastetxea).
- 2. saria: Peru Abarrategui (Aramaio, San Martin Eskola).

DBHko lehen zikloa
- Txapela: Jone Otxoa (Alangua, Aniturri Institutua).
- Bigarren saria: Alazne Vadillo (Amurrio, Aresketa ikastola).

14 urtetik 18 urtera bitartekoetan
- Txapela: Amaia Lasaga (Gasteiz, Koldo Mitxelena institutua).
- Bigarren saria: Estitxu Saratxo (Elosu, Ikasbidea ikastola).


Bat-bateko finala

Txikienak jaun ta jabe 14 urtez azpiko finalean

Idatzizko lanak amaitu ostean bat-batekoaren txandea izan da. Oholtza gainera igon dira 14 urtez azpiko finalistak, eskualdeetako finalerdietatik sailkatutakoak: Ane Olano, Maddalen Arrausi eta Beñat Olano gasteiztarrak, Bingen Sainz arizalarra, Jon Unai Aspe aguraindarra, Unai Gondra artzinegarra eta Antton Carretero eta Peru Abarrategi aramaioarrak. Saio polita egin dabe, arina eta freskoa. Bigarren fasera Jon Unai, Binge, Beñat eta Peru sailkatu dira, baina azkenean txikienek nagusienei aurrea hartu eta ezustekoa emon dabe. 11 urte baino ez daukiez lehen bi sarituek: Beñat Olanok jantzi dau txapela eta bigarren saria lehenengo aldiz txapelketan parte hartu dauen Peru Abarrategi aramaioarrak irabazi dau.


Handietan, Ander Solozabal txapeldun

14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteen txandea izan da azkena. Sei finalista izan dira oholtza gainean, Elyem Chej legutiarra, Estitxu Saratxo elosuarra, Ander Solozabal gasteiztarra, Ainhoa Comas amurrioarra eta Maria Izaga eta Xabi Igoa aramaioarrak. Ez da izan txikien mailan besteko sorpresarik, urteak eta esperientzia nagusitu baitira. Bigarren fasera hiru bertsolari sailkatu dira: Ander, Elyem eta Xabi. Bakarkako lan polita egin dabe hirurek, bi punturi erantzun eta hitzari bertso bana. Baina txapelak bigarrengoz Ander Solozabalen burua aukeratu dau, eta bigarren saria igaz hirugarren geratu zan Xabi Igoarentzat izan da. Bi honeek eskuratu dabe, Beñat eta Perugaz batera Altsasun jokatuko dan Euskal Herriko Eskolarteko txapelketako finalerako txartela. Finala bagilaren 20ean izango da, Altsasuko Burunda pilotalekuan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu