Patxi Salaberri euskaltzain osoak 'Izen ttipiak euskaraz' liburua aurkeztu dau
2009-06-04 18:12 KultureaLiburu honetan, hipokoristiko edo izen ttipien azterketea egiten du Patxi Salaberrik. Berak azaldu dauen legez, izen ttipiak oso garrantzitsuak dira, 'egungo deitura eta etxe-izen asko ondo ulertzeko aukerea emoten deuskuelako'.
Gaur, bagilaren 4an, Izen ttipiak euskaraz izeneko liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak Durangon, Landako elkartegian. Liburua Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain osoak egin dau eta Akademiak argitaratzen dauen Onomasticon Vasconiae bildumearen 26. zenbakia da.
Liburu honetan, hipokoristiko edo izen ttipien azterketea egiten du Patxi Salaberrik. Berak azaldu dauen legez, izen ttipiak oso garrantzitsuak dira, 'egungo deitura eta etxe-izen asko ondo ulertzeko aukerea emoten deuskuelako'.
Gaurko aurkezpenean, Patxi Salaberrik lanaren egiturea azaldu dau: 'Izandako iturriez eta bestez azalpenak emon ostean, izen ttipia zer dan definiduten ahalegindu naz lehenengo eta, gero, munduko zenbait hizkuntzatan (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, errusiera…) zelan moldatzen diran ikusi dot. Euskeraz hipokoristikoak egiteko izan diran baliabideak aztertu dodaz, bustidurea edo palatalizazinoa, atzizkien erabilerea eta izenen laburtzea, berbarako. Gero ondorioak heldu dira, laburdurak eta erabilitako bibliografia'.
Amaitzeko, honako hau nabarmendu gura izan dau: 'Izen ttipi asko galdu doguz bidean, oinarriko izenak eurak galdu diralako edo atzizkia honezkero ez dalako emonkorra. Kasu horreek dira, berbarako, Txaria, Txariako, Txartiko, Matxikote, Txaringo, Peruski, Joanesgo, Xemerot eta beste hainbeste'.
'Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana' ikastaroa
Liburu honen aurkezpena 'Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana' izeneko ikastaroaren barruan egin da. Ikastaro hori Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatu dau eta euskera teknikari batzuk konbidau ditue udaletan egindako lana ezagutarazoteko.
Adituek, egindakoaz gan, bidean izandako trabak eta urtenbideak be azaldu ditue. Honeek izan dira gaurko adituak:
- Zumaiako Udala. Imanol eta Xabier Azkue
Herriko toponimia ikertu eta geroago gizarteratzeko hainbat bide jorratu ditue. Egin diranak eta egin gura dituenak azaldu ditue, ikerlari eta teknikari ikuspegitik.
- Getxoko Udala. Javi Aranguena
Aspaldian egin zan ikerketea eta liburua CD batean eta webgunean zabaltzeko asmoa dabe. Produktu horrek zati bi ditu, umeei zuzendutakoa eta toponimia lan osoa, mapa eta guzti.
- Erandioko Udala. Ana Hernandez
Osoko bilkuran onartutako gizarteratze plan osoa azaldu dau. Honezkero hasita dago eta laster egongo dira kalean lehenengo produktuak: planoa, liburuxkea...
- Bermeoko Udala. Maite Alvarez de Zarate
Liburu mardula egin eta gero, webgunea sortu eben, ahots-artxibo eta guzti. Ariketak preparetan dabiz ikastetxeetan erabilteko eta datorren urtean mapa eta kale-izendegiaren arautzea da euren helburua.
- Errenteriako Udala. Arantxa Etxezurieta eta Jose Mari Jauregi
1997ko Udal ordenantzak agindua emon eban kale-izenak arautzeko eta toponimia ikertzeko. Kale-izendegia normalizau eta gero, webgunea jarri da martxan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!