Gotzon Barandiaran: ‘sortzaileon arteko auzolana era naturalean piztuteari normala deritxat’

Koldo Isusi Zuazo 2009-06-02 14:51   Barriketan
Larrabetzuko Literatura Eskolako kide eta suspertzailea

Badira bost urte Larrabetzun jatorria dauen Literatura Eskola jaio zanetik. Bost urteotan, euskerazko zein munduko literatureagaz zerikusia daben 50 bat gai eta 35 bat hizlari izan dira tartean. Aurten, barriz, LIteRatUria Larrabetzun gaia hartuta, makinatxu bat berbaldi, errezitaldi, disko aurkezpen, mahai-inguru, liburu aurkezpen eta azoka izango dira bagilaren 5, 6 eta 7an.

Zehetasun guztiak Gotzon Barandiarani eskatu deustsaguz, Larrabetzuko Literatura Eskolako kide eta suspertzaile ez eze, poetea be badan larrabetzuarrari.


1.- Badira bost urte, Larrabetzun jaio eta orain Euskal Herrira zabaldu dan ekimena jaio zanetik… Balantzea egitekotan, zer nabarmenduko zeunke?

Harrokeri barik gauza bat baino gehiago nabarmenduko neukez: bost urteotan literaturearen zaleon artean sortu dogun sarea, Euskal Herri osora zabalduteko hartutako ebatzi ausarta, auzolanean egindako gogoetearen ostean abian jarri doguzan Eako poesia egunak edota Literaturia bera, euskerazko literaturea munduan kokatuteko egindako ahalegina, irakurleak eta idazleak aurrez aurre era naturalean jesartea lortu izana, erosotasunean ez konformetea...


2.- Larrabetzutik Euskal Herrira salto hori, zergaitik?

Literatura Eskola ez zan sortu gitxi batzuen gosea asetuteko, askoren kezkak, ekarpenak eta ilusinoak bideratuteko baino. Txikitik handira egitea sorrerako oinarrietako bat da, urmaelaren erdira harri koxkorra botata ertzeraino zabaldutea lortzea. Larrabetzun txokotu izan bagina gaur egun ez litzateke Literatura Eskolarik egongo.


3.- Euskerazko literatureari zein munduko literatureari buruz gehiago ikastea eta ezagupenak trukatzea da helburua. Ez da gitxi baina besterik lortu dozue?

Irakurterakoan galbahea erabilten ikasi dogula uste dot, belarrietatik zein begietatik sartu gura deuskuen literatureari filtroak ipinten. Horren besteko garrantzia euki dau eta dauka batzen garenon artean dakiguna alkarregaz konpartidu, alkarri erreferentziak emon, literaturearen zereginaz eztabaidatu, euskerazko literaturearen kalidadeaz eretxi bat baino gehiago errespeteteak... Sarea osotzea, azken baten.


4.- Literaturian izango diran ekitaldien artean bat azpimarratzea ez da erraza baina, akaso, azokea nabarmendu beharko geunke. Besterik?

Ez dot uste nabarmendutekoa hori danik, ez liburuen salmenteari bagagokoz. Azokea euskerazko literatur sistemearen hanketako bat da, baina idazle barik ez dago libururik hain gitxi irakurle barik. Irakurleek eta idazleek eukiko dabe protagonismoa, euskeraz idatzi eta irakurten dabenak.


5.- Literatura Eskolearen hasierako antolakuntza taldera eragile eta kolaboratzaile ugari batu dira. Alkarlan, kolaborazino eta lankidetza jarrera horretan, nobedaderik?

Literatura Eskolako kideok sano pozik gagoz eragile askoren arteko auzolanean antolatu dogulako LITERATURIA, izan be, Larrabetzuko, Txorierriko eta Euskal Herriko hainbat lagunen laguntza barik ezin izango genduan holangorik antolatu.

Larrabetzuko Txinpasmendi guraso alkartearen, eskolearen, liburutegiaren, udalaren, Arrekikili euskara alkartearen eta HORI BAI gaztetxearen arteko auzolanean egingo dira LITERATURIA jardunaldiak eta uste dogu hori ez dala ohikoa Euskal Herrian, ez behintzat euskerazko literaturearen inguruan.


6.- Musikea eta literaturea, musikea eta bertsoak batzeko jokereak indar handia hartu dau aspaldion gurean, hor dagoz Gu Ta Gutarrak, Zaharregia, txikiegia agian, Bihotz Bakartien Kluba, Katamalo…

Literaturearen eta musikearen arteko hartu-emonak aspaldikoak dira, Iparragirrek gitarrea hartuta poemak kantetan zituanetik baita ezezagunak jakuzan aurreko sasoietatik be. Kontuak kontu, 80. eta 90. hamarkadetan be makinatxu bat izan ziran musikea eta literaturea batera zabalduten ahaleginduko zirenak. Euskal Herria handia beste da txikia eta sortzaileon arteko auzolana era naturalean piztuteari normala deritxat.


7.- Literaturea eta liburuak buztartzea erraza da baina zer da literaturea zuretzako?

Munduaren historia legez Euskal Herriaren historia ulertzen lagunduten deust literatureak, nireak ez diran ikuskera askoren barri emoten deust, pentsetan erakusten deust, sentiduteko era bat baino gehiago dagoala onartzen, hizkuntzeagaz olgetan ondo pasau neikela ohartuazoten, irudimen barik bizitea sano aspergarria izan leitekela konturatuazoten.


8.- Literaturia ekitaldietan edozeinek parte hartu leike? Izena emotea beharrezkoa al da?

LITERATURIAren zein Literatura Eskolaren ekitaldietan edozeinek parte hartu ahal izango dau, dana dobakoa izango da eta ez da aterik ezertarako zarratuko. Literaturea be euskerazko kulturearen parte dan neurrian, euskaltzale guztientzako astegoiena izango da.


9.- Arrakalak, Katamalo eta euskal poesiaren atarian argitaratutako poemak gogoan, zertan zabilz orain?

Literaturia ahalik eta txukunen antolatzea dogu burukomin orain. Ezer kontetako daukagunean ahaleginduko gara balizko irakurleari ganorazko proposamenen bat egiten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu