Guim Valls: 'elektrizidade bidezko ibilgailuen erabilerea sustatu beharko litzateke'

Zigor Aldama 2009-05-18 11:17   Bidaide
Munduari birea emongo deutso bizikleta elektrikoan

Orain dala hamarkada bi, munduari bueltea emotea dirudunen eta abenturazaleen kontua baino ez zan. Mende erdi atzera egiten badogu, esperientzia hori biziteko aukerea eukienen kopurua nabarmen txikiagoa zan. Baina orain, antza, modan dago Lurra inguratzea eta, zenbat eta modu deigarriagoan, hoba. Guim Valls (Bartzelona, 1976) da XXI. mendean, bost kontinenteak zapaltzeagaz konformau ez, eta abenturea modu deigarrian egiten dabenen zerrendan azkena.

Proiektua, berez, beste edozein baino bereziagoa dala esan daiteke. Valls-ek, nabarmenkeriak albo batera itxita, ibilbideagaz mezu garrantzitsua zabaldu gura dau krisi ekonomikoan eta aldaketa klimatikoan bete-betean gagozan sasoian. Bera izango da lehenengoa bizikleta elektriko baten ganean 8.000 kilometro egiten. Garraiobide hori oso ezaguna egin da bartzelonarra azken bi urteotan bizi dan herrialdean: Txinan. 'Heldu eta berehala, harrituta geratu nintzan bizikleta elektrikoa zenbat txinatarrek erabilten eben ikusita, Bartzelonako jenteak ia zer dan be ez dakien bitartean'.

Arazorik ez badago, Valls-ek maiatzaren 21ean ekingo deutso ibilbideari, Pekineko Nazino Estadioan, 'kabia' ezizenez ezaguna, 2012an koloretako eraztunak jantziko dituan Londres urian amaitzeko helburuagaz. Zelan ez, Valls-en jarraitzaileek une oro izango dabe miloe erdiko aurrekontua daukan abenturearen barri horretarako berenberegi sortutako webgunearen bitartez. Aurrekontu horri aurre egiteko, hainbat babesleren laguntzinoa izango dau eta, diru horregaz, hiru urteko osterean bizirauteaz gan, material guztia kudeatzeaz eta bisaduakaz sortu daitekezan arazoak konpontzeaz arduratuko diran bulego bi, bata Europan eta bestea Asian, manteniduko dira.


1.- Aurrekontu horren zabalagaz, proiektua zer da, abenturea ala negozioa?

Munduari bueltea emotea jente askoren amesa da. Behin, ohetik altzau eta pentsau neban: neuk be egin behar dot, bizikleta elektrikoan. Duda barik, hori da abenturearen arlo garrantzitsuena. Argi neukan, baita, ez nebala motxilea lepoan hartu eta edozelan ibili gura eta, horregaitik, buruari buelta batzuk emon eta babesleak erakarriko zituan proiektu batean pentsetan hasi nintzan. Holan sortu zan olinpiar uri bi batzearen ideia.


2.- Oportunismo hutsa?

Bidaia honen helburu nagusia mundua ezagutzea da, baina nik lan moduan be hartuko dot. Hiru dokumental grabetako -bakotxa 52 minutukoa- eta hainbat komunikabidegaz kolaboretako amesa daukat. Holan, akaso, nire betiko helburua lortuko neuke: bidaietako kazetaria izatea. Baina, horretarako, ezinbestekoa da proiektua edukiz hornidutea eta horregaitik otu jatan uri olinpiko bi lotzeko ideia. Ez dakit horri oportunismo izena emon ahal jakon. Baina argi daukadana da bidaiaren erakargarritasuna ez dala ezaugarri horretara mugatu behar, lan osoaren kalidadera baino. Halanda be, ni ez naz Forrest Gump eta, ailegetan nazan lekuetara ailegauta, ez dot gura inork ni heroi moduan hartzea. Komunikabideakaz kolaboretan lortu gura dodan helburu bakarra proiektua ezagutarazotea da.


3.- Eta garraiobide barriak ezagutzera emotea...

Hori da. Biziten gagozan krisiak eragin positiboren bat be izan behar dau eta uste dot onuragarria izan daitekela egungo sistemea aldatzeko, ez dauela balio ikusi dalako. Elektrizidade bidezko ibilgailuen erabilerea sustatu beharko litzateke. Nik ez dot mundua aldatuko, ezin dot. Gizaki bakar batek be ez dauka horretarako eskumenik ze energia eta ingurumen arloko politikak gobernuen esku dagoz. Baina ekimen txikiak egin eta bata besteagaz batu ezkero, asko aurreratu geinke.


4.- Berbarako, bizikleta elektrikoa erabiliz ‘scooter’ motorraren partez?

Berbarako. Harrigarria da baina auto-industria petrolio-enpresen aginduetara makurtzen da. 1996an, General Motors enpreseak EV izeneko ibilgailu elektriko bat aurkeztu eban Kalifornian. Arrakasta itzela izan eban baina merkadutik kendu eben, petrolio-produktoreen presinoaren eraginez. Txinak, kasurako, min handia egin leuskio petrolio arloari ze ez dagoz euren esanetara.


5.- Baina ibilgailu elektrikoen funtzionamentua oso mugatua da.

Nik 8.000 kilometro egingo dodaz bategaz. Eta ez dot uste ezelako muga gaindiezinik izango dodanik. Ganera, biztanleriaren gehiengoak ez ditu egunean 70 kilometro baino gehiago egiten eta hori da, hain zuzen be, nire bizikletearen bateriaren autonomia. Beraz, edozeinek erabili leike holako garraiobide bat.


6.- Zelan lortuko dozu helburua? Bateria bategaz ez da nahikoa izango...

Ez. Hiru eroango dodaz. Bi bizikletearen gurditxuan joango dira eta han, eguzki-plaka bidezko sistema bati esker, kargau egingo dira. Egokiena 6 ordutan kargetea egotea izango litzateke eta, holan, eguzkiaren energia % 100ean aprobetxau, baina, behar izan ezkero, entxufau egingo dodaz.


7.- Zelakoa da bizikletea?

Txinan egindakoa da baina, jatorriz, etxe ingeles batena da. 1.400 euro inguruko balioa dauka eta, nire 65 kiloez gehi bizikleteak dituan 20 kiloez gan, espero dot 140 kilotik ez pasetea. Falta diran 55 kiloak ekipoarenak dira. Ahal dodan guztietan, kanpin-dendan egingo dot lo eta nire jatekoa neuk preparauko dot.


8.- Beraz, ez dozu inoren laguntzinorik behar. Ez zara lapurreten bildur?

Segurtasunak ez deust loa kentzen, baina bildur gehiago emoten deustie lehenengo munduko lapurretek hirugarren mundukoek baino.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu