Surrealismo txinatarra I

Zigor Aldama 2009-05-13 14:36   Bidaide

Ez jat gustetan kontetan dodazan istorioen protagonistea izatea, baina oraingoan ez dago beste aukerarik. Gura barik, polizia film baten gidoia izan daiteken abentura bat biziten nago, beti be txinatar bertsinoan.

Ez jat gustetan kontetan dodazan istorioen protagonistea izatea, baina oraingoan ez dago beste aukerarik. Gura barik, polizia film baten gidoia izan daiteken abentura bat biziten nago, beti be txinatar bertsinoan. Lerro honeek Shanghaiko etxean idazten nago eta oraindino ez dakit orain dala aste bi hasitako kontuak ze amaiera izango dauen. Orduan, sei hilerik behin egiten dodan moduan, nire pasaportea agentzia batetara eroan neban Txinan biziten ixten deustan visadua barriztetako.

Bulegora, behar ziran dokumentuak eta alboko dendatxu batean ataratako kalidade eskaseko argazki bi eroan nituan. Betiko moduan, baita, bulegoko beharginak, April Yan izeneko neskatoak, paper guztiak hartu, ordainagiria emon eta Bilborako hegazkina hartu baino sei egun lehenagorako dana prest eukiko ebala esan eustan. Sei egunak joan ziran eta ni oraindino Txinan nago.

April-ek deitzen ez eustala ikusitakoan, nik neuk deitu neutson. 'Telefonoa itzalita edo koberturarik barik dago'. Txinatarrez izan arren be, ditxosozko mezuaren soinua bera da. Bulegora deitu nebanean, erantzunak urduri jarri eustan: 'April desagertuta dago, orain dala egun bi joan zan. Zure pasaportea ez dago hemen'.

Jakina, telefonora deitzen jarraitu neban, gizon batek hartu arte: 'Oporretan dago, esaidazu pasaporte zenbakia eta komentauko deutsut'. Hurrengo egunean, barriro deitu eta esan eustan dana egoala ondo, joateko 'X' lekura arratsaldeko lauretan, han bueltauko eustazala dokumentuak nik izapidea pagetan neutsonean. Kasualidadez, 'X' komisaldegi bat zan eta nire laguntzailea eta biok ordubetez egon ginan han aurrean itxaroten, inor agiri ez zan bitartean. Hori gitxi ez balitz, ailegau ginala esateko telefonoz deitu eta 'oraintxe noa' erantzun ostean, barriro deitu eta 'amatauta edo koberturarik barik' mezua entzun neban.

Normala dan moduan, puntu horretara ailegauta, oso urduri paretan hasi nintzan. April egoan bulegora joan eta esan euskuen bere mutil-laguna pasau zala handik esanaz inork April-egaz gura baeban berba egin, berari deitzeko. Hori egin genduan. Mutilak ez ekian zer pasau jakon bere bikoteari eta astebete eroian neska-lagunaz ezer jakin barik. Ganera, ez ekian nor zan April-en telefonoa hartzen eban gizonezkoa. Hori bai, hainbat pasaporte eukazan eskuan. 'Zein da zurearen zenbakia? Topetan ahaleginduko naz'.

Dei horren ostean, mutil-lagunaren telefonoa amatauta egoan. Hurrengo egunean, hainbat dei egin eta beragaz berba egitea lortu nebanean, hara non dinoskun April ez dala bere neska-laguna, ezagun bat baino, eta leitekeana dala telefonoa hartu euskun gizonezko ha atxilotuta egotea. Egoereari ustelkeria usaina hartu eta Espainiaren kontsulatura noa zuzen-zuzen.

Han, nire kasua kontau eta langileetako batek dinost ez nazala bakarra. Berari be, delegaritza nazionaleko behargina izan baino lehen, orduan eukan beharreko zuzendariak, austriarra, pasaportea ostu eutson; ostean, gizona desagertu egin zan. Denporeagaz, saldu egin ebala jakin eban. Batek daki zelan pasau zan nonor dokumentu horregaz, txipa be jarrita eukan eta. Baina, antza danez, lortu eben.

Zorionez, beste kasu batzuetan ez bezela, kontsuladuan oso atsegin dagoz eta dinoste aurreko pasaportea galdu dodala edo ostu deustiela erakusten dauen salaketea eroan ezkero, 20 minutuan barria eukiko dodala. Beraz, goazen bada txinatar poliziarengana, inoiz joan behar ez dan lekura.

Lehenengo pausuan, arazorik ez. Salaketa arrunt bat baino ez dot egin behar eta harridura arpegiagaz begiratzen deustan polizia bati ahalik eta argien emon deutsat jazotakoaren barri. Idatzi dauenaren kopia bat emon deust eta, orain, Shanghaiko beste puntara joan behar naz Etorkinen Bulegora, paper ofiziala jasotera. Han, hasarre arpegia daukan uniformedun batek hainbat galdera egin deustaz: 'Eta zergaitik joan zinan agentzia batetara? Zergaitik ez zinan etorri hona?' Tonua, gitxika-gitxika, gorantza doa eta astelehen goizean etorteko esan deust, bitartean kasua sakon ikertzeko. Akabua. Nire hegaldia domekan da. Galdu egin behar dot. Baina hori ezta txarrena. Ez daukat ez pasaporterik ezta bisadurik eta orain ez dakit ezta noiz urtengo dodan herrialdetik be. Non dago April? Zertan dabil? Ikusitakoak ikusita, legez kanpoko alkarte ostendu baten aurrean gagozala esan daiteke. Hurrengo artikuluan, gehiago...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu