EHUko ikertzaile batek ondarea aztertzeko metodologia barria proposatu dau

Bizkaie! 2009-05-06 15:25

Tesian, Kultur eta natur ondarearen laginen analisia eta analisi horretatik ataratako datuen interpretazinoa egiteko metodologia zientifiko bat landu dau Alfredo Sarmientok. Horretarako, interes artistiko, historiko eta arkeologikoa daben objektu askotan erabil daitekezan hainbat teknika buztartu ditu

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) ikertzaile batek natur eta kultur ondareen laginak aztertzeko eta interpretetako teknika eta metodologiak ikertu ditu, eta ohiko tekniken bidez lortzen dan informazinoa osotzeko metodologia barri bat proposatu dau lan horretan.

Tesiaren egilea Alfredo Sarmiento Romayor da, Kimikan lizentziaduna eta Kimika Analitikoan espezializatua. Tesiaren izenburua da 'Herramientas termodinamicas y quimiometricas aplicadas al estudio espectroscopico del patrimonio', eta zuzendariak Juan Manuel Madariaga Mota eta Kepa Kastro Ortiz de Pinedo izan dira, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Kimika Analitikoko sailekoak.

Tesia egiteko, Bilboko Eleiz Museoan, Alfonso Antxia Espeleologia Zientzien Alkartean, EHUko Arte Ederren Fakultadean eta EHUko Landareen Fisiologiako sailean eta Mineralogia eta Petrologiako sailean ikertzen ibili da Alfredo Sarmiento.

Tesian, Kultur eta natur ondarearen laginen analisia eta analisi horretatik ataratako datuen interpretazinoa egiteko metodologia zientifiko bat landu dau Alfredo Sarmientok. Horretarako, interes artistiko, historiko eta arkeologikoa daben objektu askotan erabil daitekezan hainbat teknika buztartu ditu, besteak beste, teknika espektroskopikoak, modelo kimiometrikoak -laginaren osogaien kontzentrazinoa neurtzeko- eta modelatu termodinamikoa -tenperaturearen eta tenperatura-aldaketen eragina aztertzeko-.

Alfredo Sarmientok aurkeztu dauen lanean frogatzen da proposatutako metodologiak osotu eta hobetu egiten dauela arte ederretako profesionalek -museoetako laborategietan, unibersidadeetan eta abar- erabilten dituen ohiko tekniken bidez lortzen dan informazinoa. Gainera, artelanen jatorrizko materialak zein diran zehaztea azkarragoa eta merkeagoa da prozesu barriagaz.

Metodologia -laginketea, erauzketea, analisia eta modelo kimiometrikoa- lagin errealetan aplikau da, eraginkortasuna frogatzeko. Holan, harria, papera eta ehuna lako euskarrietako pintura-geruzak aztertzeko prozedura hori baliogarria dala egiaztatu dau ikertzaileak.

Natur ondareari jagokonez, ikertzaileak Karrantzako Pozalagua kobazuloan egin dau lan. Ikerketa horretan egin dira, besteak beste, mineralen identifikazinoa eta narriadura-prozesuen azterketea.

Kultura-ondarean, barriz, ikertzaileak Bilboko Eleiz Museoko hainbat artelan aztertu ditu. Azterketa hori egiteko aukerea izan dau, hain zuzen, proposatutako metodologian azterketak egiteko gailu eroangarriak erabilten diralako. Holan, artelanak garraiatzeak eragin leikezan kalteen bildurrik barik egin daiteke azterketea.

Metodologia horregaz pinturen konposizinoa zein dan jakin daiteke -euskarria, pigmentuak eta aglutinatzailea-, eta identifikazino hori egitea lortu da XVI. mendeko bi pinturetan eta XIX. mendeko zenbait paper margotutan. Horrezaz gan, eskultura batzuen alabastroa harrobi desbardinetakoa dala ikusi ahal izan dau ikertzaileak. Gainera, pieza horreek aztertzean lortutako datuei esker eskultura batzuen jatorrizko koloreak identifikau dira, eta hori oso baliogarria da ikuspuntu museistikotik eta didaktikotik.

Era berean, Alfredo Sarmientok ondare-elementuek atmosferako eragileen aurrean daben erreakzino-mekanismoak zehaztu ditu, berbarako, pigmentu kobredunek eraso azidoaren aurrean izaten daben transformazinoa. Mekanismo horreen ezagutzan oinarrituta, egungo garbiketa eta mantentze-prozesuak baino egokiagoak bi garbigarri familia garatu ditu ikertzaileak. Garbigarri horreek erabili dira harrizko erretaula bat garbitzeko, pintura-geruzak kentzeko eta eraikinen etxaurreak garbitzeko, eta emoitza onak lortu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu