Maiatzean zientzia gaiak protagonista Bilboko Bidebarrietan

Bizkaie! 2009-05-05 15:18

‘Bidebarrieta zientifikoa’ programearen V. edizinoak Juan María Pitarke fisikaria, Juan Manuel Madariaga kimikaria, Koldo Callado Farmakologiako irakaslea eta eta Ana ramos itsas-biologoa alkartuko ditu maiatzaren 7tik aurrera.

‘Bidebarrieta zientifikoa’ programearen V. edizinoak Juan María Pitarke fisikaria, Juan Manuel Madariaga kimikaria, Koldo Callado Farmakologiako irakaslea eta eta Ana ramos itsas-biologoa alkartuko ditu maiatzaren 7tik aurrera. Nanoteknologian ia-ia zientzia fikzinoaren aplikazinoa, lorpen kimikoen erabilerea gastronomian, gaixotasun neuronalen jatorrria eta Antartikoko misterioak dira berbaldiotako gaiak.

Bidebarrieta Kulturguneak harrerea egingo deutso maiatzean zientzi dibulgazinoa helburu dauen ‘Bidebarrieta zientifikoa’ izeneko programeari. Berbaldi ziklo honetan, nanoteknologiaren aplikazino harrigarrietatik Antartidako miaketa zientifikoetaraino aztertuko dira. Jardunaldion bitartez, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak zientziaren garapenagaz zerikusia daben gaiei buruzko eztabaida eta zabalpenerako gunea sortu nahi dau, euskeraz nahiz erderaz, izen handiko adituen gogoetak abiapuntutzat hartuta. Aurten, Juan María Pitarke fisikaria, Juan Manuel Madariaga kimikaria, Koldo Callado Neuropsikofarmakologiako irakaslea eta Ana Ramos itsas-biologoa izango dira protagonista. Berbaldiak 19:30etatik aurrera liburutegiko ekitaldien aretoan izango dira. Sarrera librea eta dobanekoa izango da edukierea bete arte.

Lehenengo ekitaldia, hilaren 7an, eguenean, euskeraz izango da baina bat-bateko itzulpena egingo da gaztelerara. Juan María Pitarke (Bilbao, 1960) Materia Kondentsatuko EHUko katedradunak berba egingo dau ‘Nanotzientzia eta nanteknologia: txikiaren erronka handia’ gaiaren inguruan. Pitarkek, CIC Nanoguneko zuzendariak, nanomaterien, atomoen eta partikulen ikerketek zelan laguntzen daben disziplina desbardinetako garapenetan azalduko dau. Holan, zientzia honen ikerketak medikuntzan (minbiziaren kontrako hainbat aurrerapenetako protagonista) edo industria aeroespazialean materiale barrien sorkuntzeari esker, egindako aurrerapenak azalduko ditu. Hitzaldia Aitor Vergara EHUko Fisika irakasleak aurkeztuko dau.

Martitzenean, hilaren 12an, Juan Manuel Madariagak, Kimika Analitikoan irakaslea Euskal Herriko Unibersidadean, sukaldean zientzia honek dauen erabilereari buruz berba egingo dau; ‘Química y fogones: un binomio muy sabroso’ izenburuko berbaldian, lehengaiei gustoa areagotzeko osogai kimiko batzuen erabilerea azalduko dau, sukaldari chef espainiar batzuen artean orain gitxi eztabaida beroa sortarazo dauen gaia.

Hirugarren berbaldia, hilaren 20an, Koldo Colladok emongo dau, Farmakologiako irakaslea EHUn; buruko gaixotasunek sor leikiezan gora-behera biologikoen gaia jorratuko dau eta medikuntzearen bidez zelan konpondu daitekezan arazo horreek. ‘El cerebro humano: tan perfecto y tan vulnerable’ izenburupean, gure gizartean gero eta presentzia gehiago daben gaixotasun batzuen nondik norakoak azalduko deuskuz, besteak beste, depresinoa, eskizofrenia edo adikzinoak.

'Bidebarrieta Zientifikoa' hilaren 28an amaituko da Ana Ramos itsas biologoaren eskutik. ‘Viaje a la Antártida: en los límites de la vida’ izenburuko berbaldian, adituak izotzezko kontinentea inguratzen dauen ozeano ezezaguna hurreratuko deutse bertaratutakoei, baita planetako habitat gogorrenetakotzat joten dan honetan bizirik irautea lortu daben ekosistemak be. Ikertzaileak, 1987an Scotiako Arkuko artxipelagoetako hidrozooak arakatzen hiru hilebete emon zituan ‘Antartika 8611’ proiektuko lantalde zientifikoko kide legez jasotako esperientzia azalduko dau. Gaur egun, Ozeano Antartikoko itsasbarreneko flora eta faunari buruzko proiektuetako ikertzaile nagusia da Vigoko ozeanografia zentroan.

‘Bidebarrieta zientifikoa’ ekimenak ikerketa arloko aditu ospetsuak ekarri ditu Bilbor azken urteotan, besteak beste, Santiago Grisolía, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiaseko Printzea Sariaren irabazlea; Margarita Salas, Zientzi Ikerketarako Kontseilu Goreneko Ikerketa irakaslea Biologia Molekularrari buruzko Severo Ochoa Zentroan; Elxeko Miguel Hernandez Unibersidadeko Bioinjinerutza Institutuko zuzendari ohi eta oraingo Osasun ministro Bernat Soria; Pedro Duque, Europar Espazio Agentziako astronautea; Luis Ruiz de Gopegui, urtetan Ontzi Tripulatuen Fresnedillaseko Jarraipen Estazinoko zuzendari eta 10 urtez NASAren Espainiako arduradun nagusia izandakoa; edota Javier Armentia, Iruñeako Planetarioko zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu