Internetek eta teknologia barriek hitzordua dabe Tolosan maiatzaren 1, 2 eta 3an

z 2009-04-29 18:50

Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazinoak III. Gipuzkoa Encounter topaketea antolatu dabe. Informatikearen alorreko topaketan 700 parte-hartzaile eta 400 ordenagailu baino gehiago izango dira.

Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazinoak III. Gipuzkoa Encounter topaketea antolatu dabe. Informatikearen alorreko topaketan 700 parte-hartzaile eta 400 ordenagailu baino gehiago izango dira Tolosako udal kiroldegian, eta hiru egunez, maiatzaren 1ean, 2an eta 3an, gustu guztietarako jarduerak izango dira: ordenagailuko eta bideo-kontsolako jokoen lehiaketak, tailerrak eta berbaldiak, diseinu grafikoa, musika-sorkuntzea eta animazino digitalak. Gainera, Euskaltelen babesari esker, 1.000 megako abiaduran nabigau ahal izango dabe parte-hartzaileek Interneten.

Tolosar guztiek 15 bideo-kontsola baino gehiago erabili ahal izango ditue 10:00etatik 00:00ak arte, eta era guztietako bideo-jokoetan ibili ahal izango dira: Wii Sports, Pro Evolution Soccer, Virtual Tenis, NBA Live, Singstar, Guitar Hero, Mario Kart Wii eta abar. Tolosako Udalaren gazteentzako topagunean, Usabal kiroldegiagaz konektautako kontsola batzuk jarriko dira, eta, horri esker, bi leku horreen arteko txapelketak egin ahal izango dira. Gainera, GKo Galleryren eskutik (bertako artista gazte batzuek osotutako taldea), Gipuzkoa Encounter topaketako parte-hartzaileen esperientzia bizi ahal izango dabe tolosarrek herriko kaleetan, hainbat jarduera antolatuko baititue ekitaldia abian dan bitartean. Era berean, onena nor dan erakusteko aukerea izango dabe herriko gazteek, Usabal kiroldegian jokatuko dan txapelketan.

Gipuzkoa Encounter topaketako ekitaldirik garrantzitsuenak ordenagailuko eta bideo-kontsolako askotariko lehiaketak izango dira; hain zuzen be, euskal jokalaririk onenak batuko ditue, dagoeneko errotuta dagozan jokoetan ('Counter Strike' eta 'Pro Evolution Soccer'), nahiz nobedadeetan ('Street Fighter IV', 'Mario Kart Wii' eta 'Guitar Hero III') parte hartzeko.

Era horretako topaketen alderdirik ikusgarri eta deigarriena 'modding' delakoa da: ordenagailuen egiturea aldatzea, neonezko argiak jartea, barrualdea ikusteko metakrilatozko leihoak zabaltzea edo, besterik barik, kanpoaldea margotzea itxura parebakoa emoteko. Modding lehiaketan, parte-hartzaileek ekipoak hobetzeko daben sormena eta gaitasuna balioetsiko dira, eta alderdi teknikoa eta estetikoa hartuko dira kontuan. Horrezaz gan, olio bidezko hozketaren tailer bat emongo da Gipuzkoa Encounter-en.

Ordenagailu bidezko diseinuarentzat be izango da tarterik. Bi eta hiru dimensinoko marrazkirik onenentzako sariak izango dira; kontuan izan behar da maila oneneko parte-hartzaileek hilebeteak emon dituela lan horreek egiten. Amateurrentzat, barriz, 'Fast 2D' izenaz ezagutzen dan modalidadea sortu dabe: parte-hartzaileek lau ordu ditue proposatutako gaiari lotutako marrazki bat egiteko ordenagailuan.

Sare sozialek be izango dabe tartea Gipuzkoa Encounter topaketan, gaiari buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo baitira.

Proyelia software librearen atalean, hacking-lehiaketa bat egingo dabe. Zenbait talde aurrez aurre izango dira, lehiaketan agertuko diran zenbait erronkari aurre egiteko, besteak beste, makinatan segurtasun-zuloak topetako eta pasahitzik izan barik zifrautako mezuak desenkriptetako. Helburua da enpresek eta erakundeek informazinoaren gizartean aurrera egiteko oztopoak jarten dituen arazo horreek konpontzeko gai diran personak ezagutzea.

Bateren batek ordenagailutik urruntzeko beharra badauka, Gipuzkoa Encounter topaketan egingo diran bestelako jardueretan parte hartu ahal izango dabe: zaku-lasterketetan, globo-gerretan, CD eta DVD jaurtiketetan... Bestela, Usabal kiroldegiko ugerilekuan eta jacuzzian erlaxa daitekez, parte-hartzaile guztiak doban sartu ahal izango baitira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu