Helburua: Ganges berbiztu
2009-04-29 11:07 BidaideUrrunetik begiratu ezkero, begien aurrean daukaguna zeozer mistikoa eta kolorez betea dala pentsau geinke. Oraindino be, milaka hinduk Varanasi inguruko 'ghat' izeneko eremuetan hartzen dabe bainua, 'Ama Ganges' ibai sagraduaren ertzetan. Adi-adi begiratu ezkero, ur ganean milaka objektu dagozala konturatuko gara: plastikozko boltsak, egurrak eta hildakoak sutan erre ostean geratzen diran giza-hondakinak.
Urrunetik begiratu ezkero, begien aurrean daukaguna zeozer mistikoa eta kolorez betea dala pentsau geinke. Oraindino be, milaka hinduk Varanasi inguruko 'ghat' izeneko eremuetan hartzen dabe bainua, 'Ama Ganges' ibai sagraduaren ertzetan. Adi-adi begiratu ezkero, ur ganean milaka objektu dagozala konturatuko gara: plastikozko boltsak, egurrak eta hildakoak sutan erre ostean geratzen diran giza-hondakinak. Errekarik sagraduenetan sagraduena sasoi bateko Benarés ingurutik pasetan dan lekua da, antza, punturik egokiena berraragiztatzera bidaiatzeko. Baina, itsasontzian egindako osteratxoan konturatuko gara mundu zabalean bainu eder bat hartzeko leku hobeak dagozala, baita Indian bertan be. Varanasi-ko 32 hustubide erraldoiek paisaje tristea irudikatzen dabe.
'Ganges gaixorik dago'. Veer Bhadra Mishra adituaren berbak dira. 'Ganges garbitu' kanpainea egin eban eta UNEDek sari berezia emon eutson lan horri; ganera, Time aldizkariak planetako zazpi heroietako bat zala esan eban. Miloe bat biztanle baino gehiago dituen bost uritatik pasetan dan errekea korotz-urez beterik dago. Urietako estolderia nagusiak dagozan puntuetan, errekako likidoak, litroko, hiru miligramo oxigeno baino gitxiago daukaz, biziteko behar dan minimoa. 'Zorionez, kutsadura hori eremu zehatz batzuetan pilatzen da eta, ganera, % 5 baino ez da kimikoa; beraz, Ganges ibaiaren 2.525 kilometroetako tarte batzuetan isurdeak be topau geinkez'.
Itxaropena eta urtenbidea egon, badagoz. Baina orain dala 27 urtetik Mishra-k zuzentzen dauen Sankat Mochan Fundazinoak proponidu ebanetik hona ezer gitxi egin da eta biztanleak ibaian sartzen eta hango ura edaten jarraitzen dabe, beherako larriak eta kolerea lako gaixotasunak eragin arren. 'Osasun publikoak daukan arazorik larriena da', dino Mishra-k. Laborategiek eskaintzen dituen datuek arrazoia emoten deutse: korotzek eragindako bakterien kontzentrazinoa 100 mililitrotik bi miloekoa da. Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioen arabera, ez leuke 500etik gorakoa izan beharko.
Guzurra dala pentsau arren, arazoa konpontzea nahiko erraza da. Fundazinoak unibersidade estadubatuar batzukaz alkarlanean egindako diseinu berezi bati esker, errekako ura garbitu eta kanalizetako ez da ezta elektrizidaderik behar. Hori bai, 65 miloe dolar behar dira. Gobernuak elektrizidade-sistema eskasa daukan lurraldean korronte elektrikoan oinarritutako sisteman 'pentsau barik' gastau dauen diruagaz konparau ezkero, ez da asko. Izan be, 'montzoiak irauten dauen lau hilebeteetan, elektrizidade-sistema horrek ez dau funtzionetan, ur-mailea altuegia dalako'. Orain, mende laurena burokraziaren kontra burrukan ibili ondoren eta Gobernua bera epailearen aurrera eroan ostean, herrialdeko Lehen Ministro Manmohan Singh-ek, ura garbitzeko grabedade-indarrean eta alga berezien erabilpenean oinarritutako sistemea onartuko dabela jakinarazo deutso Mishra-ri. 'Baina ez deuskue dirurik eskaini proiektua martxan jarteko', dino ironiaz ekimenaren zuzendariak.
'Ez dogu errupia bakar ba be jaso Gobernuaren eskutik', dino Mishra-k. 'Fundazinoaren gastuei aurre egiteko, laborategietan hainbat bolondresek laguntzen deuskue eta, tartean, dohaintza batzuk be badagoz, lanak hasi orduko behar dogun dirua batu ahal izateko'. Alkarrizketea egiten gagozan lekua apaindura gitxikoa dala ikusita eta inguruan dabizan karraskariak kontuan izanda, lujoa zer dan be ez dakie. 'Behar doguzan baliabideak lortu ostean, bost urte behar izango dira proiektua amaitzeko. Behin lanak hasita, ez da atzerapausurik egongo. Sistemeak Ganges ibaiaren ertzetan dagozan hainbat uritarako eta beste erreka batzuetarako be balioko dau. Orduan, bai turistek eta bai bertakoek, errekarik sagraduenaz disfrutau ahal izango dabe, konfiantzaz, ganera. Momentu hori ailegau orduko, laguntzino guztiak ondo-etorriak izango dira'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!