Euskal Herria Zuzenean barrikuntza ugarigaz helduko da Heletara
2009-04-24 11:36 MusikeaEuskal Herria Zuzenean jaialdia garagarrilaren 3, 4, eta 5ean egingo da Heletan. Kokalekua ez da jaialdiak ekarriko dauen barrikuntza bakarra; kontzertuez gan, aurten bestelako ikuskizun ugari izango dira.
Euskal Herria Zuzenean jaialdia garagarrilaren 3, 4, eta 5ean egingo da Heletan. Kokalekua ez da jaialdiak ekarriko dauen barrikuntza bakarra; kontzertuez gan, aurten bestelako ikuskizun ugari izango dira.
Jaialdiaren kokalekua aldatzeaz batera, egitarauan be hainbat aldaketa izango dira aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdian. Zuberoa itxi, eta kostaldetik eta uriguneetatik hurrago dagoan Nafarroa Behereko Heleta herrian izango da aurten jaialdia.
Aurten egitura polizentrikoa emon deutsie jaialdiari eta Eneko Gorri antolatzaileak adierazo dauenez, animatuagoa eta parte hartzaileagoa izango da. Edozelan be, aldaketek ez dabe egiturearen filosofia aldatu, hau da, euskal kulturearen ispilu izatea, munduko beste kulturak agertarazotea eta mobimentu alternatiboen erakustoki izatea.
Euskal Herriko Willis Drumond, We are Standard, Des-Kontrol eta Deabruak Teilatuetan taldeakaz batera, Kaliforniako The Bellrays, Alemaniako Puppetmastaz, Afrikako Seun Kuti eta Jamaikako The Congos taldeek joko dabe EHZ jaialdian.
Kartelburu moduan, punk espiritua eta rock erritmoa Balkanetako aireakaz alkartzen dauen Emir Kusturika & No Smoking Orchestra hurreratuko dira Euskal Herrira. Herrialde desbardinetako taldeez gan, musika estilo desbardinek berotuko dabe giroa. Musika elektronikoak be izango dau tartea jaialdian Beat Torrent bikotearen eskutik. Bestalde, The Sparteens taldeak 1970eko hamarkadako ye-ye estiloan mobiduarazoko ditu ikusleak.
Aurtengo barrikuntzetako bat 'Kolektiboen eszena' izango da. Musika kolektibo desberdinak batuko dituen saioak izango dira hiru egunetan.
Dana dala, musikea ez eze bestelako ekimenak be iragarri ditue, besteak beste, antzerkia, dantzak eta ipuin kontalariak. Pelota partidu bat eta merkatua be izango dira. Pilota partidan bertsolariek egingo dabe barriemoaile lana. Era berean, orain arteko filosofiari eutsiz, eskulangintzako produkzinoak eta mozkin ekologikoak salgai izango diran merkatua be antolatuko dabe 'Familiaren Eguna' izentau daben domekan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!