Sriram V. Ayer: 'Indian, zinea da siniskeria guztiak batzen dituan erlijino bakarra'
2009-04-20 10:44 BidaideSegurutik Chennaiko bost izarreko Taj hotel erraldoia ez da izango lekurik egokiena arte bisualen bitartez Indiako ume behartsuei bizi itxaropena eskaintzeko ahaleginetan dabilen Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko arduradunagaz hitzordua jarteko. Dana dala, ospakizunetarako eguna da gaur eta horren erakusgarri laranjen ura hartzen dago Sriram V. Ayer eta nik, ostera, garagardaoa daukat edalontzian. Kontuak kontu, Hollywoodeko produkzino-etxe nagusienetako bi burrukan dabilz Nalandawayren proiektu garrantzitsuena eskuratzeko, ‘Rangarattinam’ filma, hain zuzen be. Pelikula horretan, premina eta arazo handiak dituen umeak izango dira protagonista eta Sriram V. Ayer aitatu erakundeko sortzaile eta zuzendaria pozarren dago. ‘Slumdog Millionaire’ filmak zortzi Oscar irabazi ditu aurten eta hori berez garrantzitsua izan arren, filmari esker Indiako umeen egoerea zabaldu da munduan. Bada sasoia Nalandaway erakundeak babesten eta laguntzen dituan benetako ‘slumdogs’ horreek (hitzez hitz, 'auzoko txakurrak') izar bihurtzeko.
1.- Ezer baino lehen, zorionak
Bai. Eskerrik asko. Oso gogorra izan da honaino heltzea baina gure lana mundu mailan banatu eta zabaltzea sari ederra izan da. Bizi baldintza negargarrietan bizi eta ahulenak izanik, munduari euren beharrizan, arazo eta sentimenduak erakusteko umeak eurak protagonista diran hogei bat film labur produzidu doguz; film horreetan umeei emoten jakezan tratu txarrak, behar gogorretan, baldintza negargarrietan dabilzan umeak zein umeen arteko berbatutako ezkontzak lako gaiak agiri dira. Kontua da ze zineari esker, errealidade gordina erakutsi eta gaia zabaltzea lortu dogula. Orain, lehenengo film luzeagaz Indian Hiesak jotako umeak zelan bizi diran erakutsiko deutsagu munduari.
2.- Zeintzuk dira Rangarattinamen berezitasunak eta gorabeherak?
Oinarri-oinarrian ‘road movie’ klasiko horreetakoa da baina indiar bertsinoan. Filman Hiesagaz kutsatutako bederatzi umeren historia kontetan da; ume horreek iges egiten dabe bizi diran umezurztegitik uriko ospital batean, hiesak jota hilzorian dagoan euren lagun bat bisitetan joateko. Bidaia horretako gorabeherak tarteko, ikuslea buru-belarri sartzen da ume horreen bizimoduan eta argi ikusten dau oraindino Hiesa zer dan be ez dakian gizarte batek zelan baztertzen dituan gaixotutako umeak.
3.- Oscarretan saritutako ‘Slumdog Millionaire’ filmaren tokian tokiko erantzuna izan daiteke film barri hau?
Ez, ez. Biak dira fikzinozko istorioak baina 'Rangarattinam'-ek, ohiko indiar filmak baino errealistagoa izateaz gan, indiar kutsu gehiago izango dau eta, esangura horretan, gitxienez pare bat jantza saio izango ditu. Horixe da publiko gehiago erakarteko modua. Izan be, zinea da herrialde honetako siniskeria guztiak batzen dituan erlijino bakarra eta, beraz, bide ezin hobea mezuak zabaltzeko. Hori bai, nahitaezkoa da herritarren gustoakaz bat egitea. Horregaitik, hain zuzen, ‘Slumdog Millionaire’ filmak ez dau arrakasta handirik izan Indian.
4.- Zelan jorratuko dozuez hain zerioak diran gaiak mundu guztiari, publiko zabalari gustetako moduan?
Islatu gura dogun gaiari edo errealidadeari eutsiz, dramatismo kutsua baztertzea da giltza eta bi alde horreen arteko orekea lortzea. Horrezaz gan, Indian zinera senitartekoak alkarregaz joaten dira eta, beraz, ezinbestekoa da filma publiko eta edade guztietarako egokia izatea. Gauzak holan dirala, nahikoa didaktikoa izango da.
5.- Edozelan be, eduki didaktiko hori ez ete da sobran egongo mendebaldeko publikoarentzat?
Bueno, kontuan hartu Nalandaway irabazi asmorik bako erakundea dala eta asmoa ez dala filmagaz aberastea. Argi daukagu Gobernuz Kanpoko Erakundearen helburua zein dan, hau da, Indiako umeen arazo eta premina nagusiez herritarrak sentsibilizetea. Akaso, mendebaldean umeentzako eduki eta mezua dituala filmak begitanduko jake baina Indian holako mezua, holako errealidade gordina zabaltzea nahitaezkoa iruditzen jaku.
6.- Onura ekonomikoak lortu ezkero, zer egiteko amesa dozue?
Filmak 20 miloe rupiako (300.000 euro) aurrekontua dauka eta erdibana eroango dabe produkzinoak eta marketingak. Hau esanda, filmaren onura ekonomikoak Nalandaway proiektuan inbertiduko dira.
7.- Kontaidazu zehatz zer egiten dozuen, zeintzuk diran zuon proiektuak
Ikus-entzunezko arteen bitartez laguntzen deutsegu ume behartsuenei; antzerkia, zinea baita irratigintzea be, arlo danak jorratzen doguz. Era horretara, guretzat oinarrizko hiru beharrizan beteten doguz: alde batetik, terapia moduan, arazoak eta preminak adierazoten, ezagutarazoten laguntzen deutsegu, euren mundu zarratu horretatik urten daien; bestetik, umeen sormena eta lider izateko gaitasuna suspertzen laguntzen dabe ikus-entzunezko arte horreek eta,azkenik, herritarrak sentsibilizetako tresna ezin hobea dira. Idea edo asmo nagusia da gehien sufriduten daben umeek zeozer berezia, ohiz kanpokoa egiten dagozala sentidutea. Indiako zazpi estadutan lan egiten dogu eta 5.700 ume inguru dabilz gure proiektuetan. Kasu gehienetan, personen trafikoaren biktima, umezurtzak, prostitutak eta Hiesagaz gaixotutakoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!