Bidaia Bollywood barrira (II)
2009-04-15 12:35 BidaideIndian, honako ideia honegaz danak datoz bat: indiar batek sekula ez leuke 'Slumdog Millionaire' lako film bat egingo. Batzuk lotsatuta, beste batzuk sutsu, baina danek kritiketan dabe filma. Baita, Hollywood produktu barriak topetan dabilen sasoi honetan, filma indiar zinemagintzea mundu mailara zabaltzeko tresna moduan ikusten dabenek be.
Avantika Akerkar bokazinozko antzezlea da. Estadu Batuetan ikasketak egin eta handik bueltan etorri ostean, hogeta hamar antzezpen, film eta telebista-saio baino gehiagotan parte hartu dau, danak Bombay-n produzidutakoak: ‘Masala’ superprodukzinoak eta 'Baginearen bakarrizketak' tartean. Energiaz beteriko emakume honen etxean mendebaldeko zein indiako elementuak topau daitekez. 'Slumdog Millionaire' filmak izandako arrakastearen arrazoiak ulertzen ditu, 'mendebaldean Indiaren ganeko ikuspuntu erromantikoa dagoalako eta, egun, herrialdea biziten dagoan loraldi ekonomikoak bultzatuta, turistentzako gune erakargarri be bihurtu dalako'. Akerkar-en ustez, Barack Obama Estadu Batuetako presidente izentau izanak be loturea dauka mueta horretako bigarren mailako film batek Oscar saria irabazteagaz. Halanda be, argi itxi gura dau film horrek ez daukala zerikusirik Bollywoodegaz, 'Indiako zinemagintzeari bultzadea emoten deutson arren'.
Honako ideia honegaz danak datoz bat: indiar batek sekula ez leuke horrelako film bat egingo. Batzuk lotsatuta, beste batzuk sutsu, baina Indian danek kritiketan dabe filma. Baita, Hollywood produktu barriak topetan dabilen sasoi honetan, filma indiar zinemagintzea mundu mailara zabaltzeko tresna moduan ikusten dabenek be. 'Estadubatuar profesionalak datozanean, euren marketin eta zinemagintza teknikak ikasiko doguz', dino Iqbal M. Khan-ek. 'Orduan, akaso, nazinoartean bizi diran indiarrez gan, publiko zabalari zuzendutako filmak egiteko kapaz izango gara'.
Rajat Kapoor zuzendari independentearen filmek honezkero planetako hainbat txokotako zinema-jaialditan izan dabe arrakastea. 'Hollywood ez dogu ezertarako behar. Gure bidea egin behar dogu. Boyle-ren filma Oscar sariren bat lortu daben hainbat film bezain txarra da'. Ez dabe ukatzen ‘Slumdog Millionaire’ filmak indiar zinemagintzan -eta publiko orokorrean- barruko eztabaidea biztu dauela; aurrerantzean aldaketak etorriko dirala aurreikusten dabe gehienek.
Arjun Bhasin jantzi-diseinatzaile eta GQ aldizkari indiarreko moda zuzendariak esaldi bakarra behar dau egoerea azaltzeko: 'Orain dala bost urte, Bonbay urian 'Milk' filma estreinetea ezinezkoa zan baina, egun, film hori eskaintzen daben zinema-aretoak jentez ganezka dagoz'. Kapoor-en moduan, Bhasin-ek ‘La boda del Monzón’ filman egin eban lan. Film hori indiar moduan aurkeztea 'Vicky Cristina Barcelona' filma espainiar moduan aurkeztea modukoa da. Erdi-mailako ikus-entzule indiarrek gidoi sakonagoak eskatzen ditue, 'baina India zer dan ez dakien mendebaldarrek ez dabe sekula Boolywood-eko film bat ulertuko, independentea izan arren. Mira Nair edo Danny Boyle zuzendariek egindako erdi-mailako lanak baino ez ditue ulertzen'. Mendebaldean saltzen daben indiar jatekoakaz be antzeko zeozer pasetan da: 'publikoari gustetan jakon gustua hartu arte moldatzen dabe'.
Bollywood idazteko modu bi: Kollywood eta Tollywood
Saran-ek zuzendu dituan hamabi filmetatik hamar 'superhit' izan dira. Hau da, 150 egun baino gehiago egon dira ikusgai. Baina ez dira Bollywood-eko filmak, urtean 120 film luze baino gehiago produziduten dituan Kollywood-ekoak baino (Bonbay-tik, urtean, 600 inguruk urteten dabe). Ez dira hindi hizkuntzan grabetan, herrialdearen hegoaldeko Tamil Nadu izeneko estaduko tamil hizkuntzan baino. Produktorearen egoitzea Chennai urian dago, ‘Slumdog Millionaire’ filmeko musikeagaitik Oscar saria jaso eta egun heroi nazionala dan A.H. Rahman-en jaioterrian.
Lekuan lekuko zinemagintzea egiteko joera hori industria guztia astintzen ari da eta, aitatutako epizentruei, beste bat gehitu behar jake: Andhra Pradesh eskualdeko Tollywood. 'Gu izan gara ongia gaizkiaren kontra erakusten eben filmei lepoa emon deutsagun lehenengoak. Pertsonaia barriak sartu doguz, gizarte-arazoak guztiz ahaztu barik, baina guretzat, 'Slumdog Millionaire' filmak ez dau ezer barririk erakusten'.
Eta merezimendu handiagaz, ganera. Chennai-n, aurrekontuen batazbestekoa Bollywood-en erdia da eta, orokorrean, filma hilebete bitan grabau behar da. 'Aktoreei, denpora-tarte horren laburrean, ezin jake lar eskatu; horregaitik dira sinisgatxak, txarrak', aurtortu dau Saran-ek. 'Batzuek, ganera, aldi berean grabetan ditue bi zein hiru film', ganeratu dau Vinay Rai aktoreak.
Halanda be, Kollywood-ek teknikari bikainak emon ditu. Balusubramaniem Kathiresan da bat. Argazkigintza-zuzendaria mendebaldeko zinemagintzara salto egiteko prest dago. Saran-egaz behar egin ostean, laster film frantses batean parte hartuko dau. 'Emoitza onak lortzeko, gauzak irudimenagaz egin behar dira, azpiegitura oso gitxi daukagulako. Hollywood-ek daukan teknologiagaz eta diruagaz, gure lana euren teknikariena baino askozaz hobea izango litzateke'. Antza danez, asko eta asko bat datoz baieztapen horregaz eta honezkero hasita dago profesionalen exodoa Ameriketarantz.
Iraultzea 'slumdogs’-etan
Baina Chennai-n, asko eta asko pozik dagoz ‘Slumdog Millionaire’ filmak izandako arrakasteagaz. Sriram Ayer pozarren dago. Danny Boyle-ri eta zinemagintza indiarraren zein herrialdeko gizarte arazoen ganean biztu dan interesari esker, zuzentzen dauen Gobernuz Kanpoko Erakundea, Nalandaway, lanez ganezka dago. 'Umeen hezkuntzan sakontzeko erabilten doguz ikus-entzunezkoak, errealidadea erakusteko eta terapia moduan, film horreek gizarte eztabaidea eragiten dabelako'. Orain, Hollywood-eko 'major' batek ordaindutako 300.000 euroko film luzea, 'Rangarattinam' izenekoa, mundu mailan zabalduko da eta benetako 'slumdogs' izenekoak bertatik bertara ezagutzeko aukerea egongo da. Proiektu hori hur-hurretik ezagutzeko aukerea izan dot eta, laster, 'Barriketan' atalean izango dozue horren barri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!