Egungo euskal poesiaren egoerea liburu batean laburbildurik

Bizkaie! 2009-04-14 18:42   Kulturea

Jon Kortazar Euskal Herriko Unibersidadeko literatura katedradunak zuzendutako talde batek 1978tik 2001era bitarteko poesia lan esanguratsuenak batu eta eurei buruzko irakurketea egin dau. Helburua, generoaren historiaren barri emotea da.

Jon Kortazar Euskal Herriko Unibersidadeko literatura katedradunak zuzendutako talde batek 1978tik 2001era bitarteko poesia lan esanguratsuenak batu eta eurei buruzko irakurketea egin dau. Helburua, generoaren historiaren barri emotea da.

Liburua osotu dabenen artean dagoz Ibon Egaña, Iratxe Retolaza, Amaia Serrano, Lourdes Otaegi, Francisco Javier Rojo, Iratxe Martin, Ur Apalategi, Angel Erro, Alvaro Rabelli, Miren Billelabeitia, Axun Aierbe eta Jon Kortazar bera. Laguntzaileak, barriz, Idurre Alonso eta Miren Ibarluzea izan dira.

Liburuak bi alde ditu. Batetik, sarrera historiko bat, 2006. urtera arteko poesia be hartzen dauena, eta, bestetik, 23 liburu banan-banan aztertuta. Jon Kortazarrek Bernardo Atxaga, Juan Mari Lekuona eta Kirmen Uriberen lanak aztertu ditu. 'Etiopia', 'Mimodramak eta ikonoak' eta 'Bitartean heldu eskutik', zehatz esanda.

Ur Apalategik Xabier Montoiaren 'Anfetamiñe' eta Juanjo Olasagarreren 'Bizi puskak' poesia liburuak ikertu ditu, eta Alvaro Rabellik, barriz, Itxaro Bordaren 'Bizitza nola badoan', Joseba Sarrionandiaren 'Marinel zaharra' eta Amaia Iturbideren 'Gelak eta zelaiak'.

Lourdes Otaegi kritikariak Bittoriano Gandiagaren 'Denbora galdu arte' eta Xabier Leteren 'Biziaren ikurrak' jorratu ditu, eta Angel Errok Iñigo Aranbarriren 'Dordokak eta elurrak' eta Koldo Izagirreren 'Non dago basque's harbour' lanak. Francisco Javier Rojo Mikel Lasaren 'Memory Dump' eta Amaia Lasaren 'Geroaren aurpegia'-z arduratu da, eta Miren Billelabeitia Aurelia Arkotxaren 'Atari ahantziak' eta Rikardo Arregiren 'Kartografia' lanez.

Ibon Egañak Harkaitz Canoren 'Kea behelainopean bezala', Karlos Linazasororen 'Euriaren eskuak' eta Jose Luis Otamendiren 'Lur bat zure minari' lanak aztertu ditu, eta Axun Aierbek Tere Irastortzaren 'Manual debozio gabecoa' eta Juan Kruz Igerabideren 'Mailu isila'. Iratxe Retolazak, azkenik, Miren Agur Meaberen 'Azalaren kodea' ikertu dau.

Analisi estilistiko edo historikoaz gan, liburuek kultureagaz dituen loturak be aztergai izan dira eta poesiaren ibilbideagaz izan daben loturea.

Lan hau literaturearen historiaren bigarren liburukia da, azken hamar urteotako nobeleari buruzko liburua orain bi urte argitaratu ostean. Hil honen amaieran inprentan sartuko dabe euskal nobela eta zinemaren arteko hartu-emonei buruzko liburua, eta euskal ipuingintzea jorratzen dauen bestea uda baino lehen amaitu nahi dabe.

Aurten bertan argitaratuko diran beste bi liburuekaz, eta hurrengo urteetan kaleratuko dituenekaz, euskal literatura garaikidearen historia idatzita itxi nahi dabe ikerlariek.


Liburuen hiztegia

Talde berak Euskal Literaturearen Hiztegia izeneko gunean, www.ehu.es/ehg/literatura gunean, 130 kritika baino gehiago batu ditu, garai eta estilo guztietakoak, eta laster 200 baino gehiago izango dirala iragarri dabe. Kritikariek liburu bakotxari buruzko kritikea atondu dabe, liburuaren jatorria, nondik norakoak eta baliabide teknikoak zehazteko. Egitasmoa EHUren Euskara Institutuaren webgunearen barruan sartu dabe, eta laster, literatura lanei buruz ez eze, egileei buruzko iruzkinak be sartzeko asmoa dauka Jon Kortazarrek gidatutako taldeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu