Arkeologi Museoa edegi dabe Bilbon
2009-04-02 18:51Bizkaiko Arkeologi Museoa Bilboko Mallonako Bidebarrietan dago, Lezamako tren-geltoki zaharrean; eregitako 3.000 metro koadro ditu, eta bost solairutan dago banatuta. Museo-espazio barri honen instalazinoen bidez, hiru helburu bete gura dira: lurralde historikoko historiaurreko legadua gordetea; horren ikerketa eta katalogazinoa; eta herritarren artean ezagutarazotea.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/Ax/cache/s1462825927arkeologi_content.jpg)
Bzkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbao, Kulturako Foru diputadu Josune Ariztondo eta Bilboko Udaleko alkate Iñaki Azkuna, lurralde historikoko hainbat erakunderen ordezkariakaz batera, Bizkaiko Arkeologi Museoa inauguretako ekitaldian egon dira.
Bilboko Mallonako Bidebarrietan dagoan kultur espazio moderno honetako aretoak ikusteko egin daben bisitan, Ahaldun Nagusiak adierazo dau kultur egiturak ekonomia dinamizetako eta gizarteratzeko lehenengo mailako tresna dirala. Ganera, Bilboko Zazpi Kaleetan dagoan museo-eskaintzea nabarmendu dau; izan be, metro gitxitan hainbat gai lantzen dituen beste lau museo gehiago dagoz.
Jose Luis Bilbaok azpimarratu dau Bizkaiko Arkeologi Museoak bere aretoetan lurraldearen historia biziduna jasoten dauela Historiaurretik Aro Modernora doan ibilbide kronologiko baten bidez. Ibilbide horretan EAEko zonaldeen sorrerea eta garapena dagoz islatuta.
Azkenik, Ahaldun Nagusiak museoaren erakusketa iraunkorra osotzen daben erakusketen bikaintasuna nabarmendu dau. Hareetan, modu interaktiboan, Bizkaiaren bilakaerea azaltzen daben ikus-entzunezko ugari eta orain dala 75.000 urteko aztarnak topauko doguz eta, paisajean, kliman, faunan eta lehenengo biztanleetan jazotako apurka-apurkako aldaketak azaldu ondoren, Bilboko sorrereagaz eta egungo garaiagaz lotzen da.
Museo barria eta modernoa
Bizkaiko Arkeologi Museoa Bilboko Mallonako Bidarrietan dago, Lezamako tren-geltoki zaharrean; eregitako 3.000 metro koadro ditu, eta bost solairutan dago banatuta. Instalazinoetan hamar langile dagoz: arkeologoak, zaharberritzaileak, administrariak eta segurtasuneko langileak.
Kultur espazio barri hau eregiteko lanek 36 hilebete iraun dabe. Epe horretan, lanak egiteaz gan, materialak bertara eroan dira museoko aretoetan behin betiko jarteko. Inbertsinoa 7 miloe eurotik gorakoa izan da.
Museo-espazio barri honen instalazinoen bidez, hiru helburu bete gura dira: lurralde historikoko historiaurreko legadua gordetea; horren ikerketa eta katalogazinoa; eta herritarren artean ezagutarazotea.
Museoko aretoetan, 500 pieza inguruko erakusketa iraunkorra dago. Zaharrenak orain dala 75.000 urtekoak dira, eta Kurtzia/Barrika eta Lemoakoak dira, hain zuzen, Axlor eta Arlanpekoak. Bestalde, begiratoki baten bidez, orain dala gitxi Urdaibain berreskuratutako Ubieta (XV) itsasontziaren pezioa ikus daiteke.
Museoak hilarrien bilduma garrantzitsua dauka; horreen artean, aitamen berezia merezidu dabe Elorriagako San Pedro baseleizakoek (I-IV. mendeak). Ganera, bideo bidez, Muskizeko Ramos hatx-puntako kobazuloan topautako hiletako arreoa jasoten dau. Aurkikuntzatik hildakoen ondoan jarritako jaierazko aizkoren bildumea azpimarratu behar da.
Urdaibaik aztarna askoren ekarpena egin deutso Arkeologi Museoari, batez be Foruko aztarnategiak. Kristo ondorengo I-IV. mende bitarteko biztanleen bizimodura hurreratzeko aukerea emoten deuskue aztarnok.
Aztarnategi horretako lapikoak, mahaiko tresnak, eguneroko erabilerako objektuak (giltzak, aizkorak, burdinezko ziriak, txanponak) eta erlijiosoak dagoz. Azken horreen artean, etxeko aldare baten ganean dagoan Isis Fortuna jainkosearen eskulturea aitatu behar da.
Ekipamentu multimedia handia
Museoan, danetara, 19 ekipo alkarreragile multimedia dagoz eta 5 ikus-entzunezkoak dira. Zona bakotxean, erakusketeari informazino gehigarria emoten deutsen ordenagailuak dagoz.
Ekipamentu multimediaren itxurea bat dator museoaren estetikeagaz, eta zabaldu gura diran edukiak ulertzen laguntzen daben bideoak eta animazinoak eskaintzen ditu. Ganera, ekipamentu alkarreragile bakotxak 20 hazbeteko ukutzeko pataila bati lotutako ordenagailua dauka.
Museo-espazioaren ikus-entzunezkoak zaindu dira. Aitatzekoa da lau metro luze dan sekzino konikoko pantaila baten ganeko proiekzinoa. Horren bidez, Historiaurreko lau sasoi klimatikoak eta horreek paisajean, kliman, faunan, floran eta gizakien artean sortzen zituen aldaketak erakusten dira.
Beste proiekzino batean, buruzagi militar baten hileta-errituala islatzen da. Montajeak bi ikuskera eskaintzen ditu: arkeologoarena historialariarena.
'Ateak Zabalik' jardunaldiak
Bizkaiko Arkeologi Museoak astebururako programa berezia antolatu dau. Eguenean, apirilak 3, arratsaldean hasi eta domekan, apirilak 5, amaituko da.
Museo-espazino barria ezagutarazoteko jardunaldi honeetan hainbat muetatako jai eta kultur ekitaldiak (bisita gidatuak, kalejirak, bidaia birtualak, antzerkia, eta abar) egingo dira.
Zehatzago, programautako jardueren artean, apirilaren 4an (zapatua), 21:00etan, instalazinoetako edukien ganeko ikus-entzunezko bat proiektauko da museoaren fatxadan, Mallonako Bidarrietan.
Bisita gidatuetan izena emoteko, 94 404 09 90 telefonora deitu behar da, edo arkeologimuseoa@bizkaia.net helbidera mezu bat bialduta, apirilaren 3tik (osteguna) aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!