Aiko taldeko maisuek 'Aurrez Aurre' euskal dantza tradizionalen maitaleentzako CD barria aurkeztu dabe
2009-03-30 15:41 MusikeaCD hau, Claude IruretagoYena koreografoak zuzentzen dauen Maritzuli Dantza Konpainiarentzako sortutako doinuen sailkapen bat da. Datorren zapatuan, apirilaren 4an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aurkeztuko da 20:30etan eta sarrerea dobakoa izango da.
Aiko Taldeak, euskal ondarea berreskuratu guran, ‘Aurrez aurre’ bere lan barria aurkeztu dau gaur Bilbon. CD hau, izen bereko ikuskizun musikalaren doinuen sailkapena da, Claude Iruretagoyenak zuzentzen dauen Maritzuli dantza konpainiagaz batera lehenengoz aurkeztuko dalarik. Hitzordua, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da datorren zapatuan, apirilaren 4an. Bilbon gaur goizean izan dan aurkezpenean, Aiko Taldeko musikari Sabin Bikandi, Álvaro García eta Asier Garcíak parte hartu dabe, CDaren babeslea dan BBK Fundazinoko Gorka Martínez eta ikuskizuneko zuzendaria dan Claude Iruretagoyenagaz batera.
Danetara, 26 konposizinoz osotzen dan diskoa (lau doinu herrikoi kenduta, doinu guztiak originalak dira), Aiko taldeko musikariek konposatutakoa da, doinu guztiak izanik musika, genero eta estilo desbardinetan oinarritutakoak, tradizionalak zein unibersalak izan. Beraz, jatorri euskalduneko zortzikoak, jauziak edo makil dantzak zein pabana, gallarda, kontradantza edo mazurka estiloetako eragina daben doinuak entzun daitekez Aikoren hirugarren disko honetan. Guztia Aikoren osogarri bereziakaz: eskusoinua, kitarra, txistua eta danbolina.
Eskusoinua, kitarra, txistua eta danbolinez konposatzen dan ikuskizunaren 90 minutuko CDa da. Erronka berezia izan da musika eta musikariak jantzearen zerbitzura jarri izana eta ez alderantziz, izan be ekimen hau Claude Iruretagoyena koreografoaren eta Jon bere semearen proposamenetik jaio da. Pasa dan udabarrian eskaini eutsen Aikori hurrengo ikuskizuna izango zan 'Aurrez Aurre'-ren musikea sortzeko proposamena, eta ikuskizun berezi honentarako konposatua izan da. Dana dala, jantzarako da, erromerietako, eskenatokietatik kanpo publiko guztiak jantzan egiteko. Aikok ikuskizun batentzat sortu, moldatu, grabau eta produzidutako lehen banda doinua da gaur aurkeztutakoa: ordu t’erdi baino gehiagoko iraupenagaz.
CD honek dakarren musika eta jantzearen esperientzia, datorren zapatuan, hilaren 4an ikusi ahal izango da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Bertan, Iruretagoyenak zuzentzen dauen konpainiak, euskal musikearen ezagutza zabaletik abiatuz eta zehetasun guztiakaz (batez be jantziei jagokenez), euskal jantzek izan daben garapena erakutsiko dau. 45 dantzari taularatuko dira eta Euskal Herriko leku desbardinetako ihauterietako dantza tradizionalak eskainiko deuskuez.
Pasa dan martiaren 21ean, Donibane Lohizunen lehenengoz eskainitako ikuskizun honegaz, Maritzuli eta Aiko Taldeen asmoa euskal folklorea gure ondare kulturalean jagokon leku pribilegiatuan kokatzea da. Horixe da hain zuzen be Aiko taldeak aspalditik dauen helburu bat eta esangura honetan aurten, Dantzaldi Ibiltaria ekimena jarri dau martxan, Bizkaiko herri batzuetatik zehar doan ekimen barritzailea, jantza eta erromeriak antolatzen doana. 'Dantzaldi Ibiltaria' zein 'Aurrez Aurre' diskoa honenbestez, jai herrikoiak berreskuratu eta modernizetako ahaleginetan, beste pausu bat dira.
Aiko Taldea
Aiko musika eta jantza tradizionalaren mundua ezagutarazo, ulertu, ikertu, irakatsi, sustatu, bultzatu, garatu, herrikoitu, gizarteratu eta gureganatzeko sortua dan musika eta jantza maisuen talde bat da. Jantzan egiteko era tradizional eta naturala zabaldu nahi ditu, eta horregaz batera, jantzarako aukera eta gune barriak sortzea; ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat, eta honenbestez mundu guztiak parte hartzeko modukoa. Eta orain ‘Dantzaldi Ibiltaria’-gaz Bizkaiko herrietatik zehar zabaltzen dauena. Helburuak erromeria tradizionalek ohiko balio sozializatzailea har deiela eta aisialdirako dibertimendu izan daitezala dira. Bere ekimenen artean tailer, mintegi eta erromeriak antolatzeaz gan, musika tradizionaleko diskoen argitalpenak egitea dago.
Taldea foklorearen zabalkundean interesaurik dagoen orori zabalik dago. Gaur egun ondorengo musikariek osotzen dabe: Aitor Furundarena (soinujolea eta konposatzailea), Álvaro García Martínez (kitarrajolea eta konposatzailea), Asier García Artetxe (perkusinojolea), Sabin Bikandi (konposatzaile eta moldatzailea), eta dantzari eta dantza maisuak diran Jon Maya, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!