Bidaia Bollywood barrira (I)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2009-03-27 11:32   Bidaide

‘Slumdog Millionaire’ filmak hindi ukutua emon deutso zinemeari, baina indiar batek ez leuke sekula holako lanik grabauko. Bizkaie!-k indiar zinemagintzearen iraultzearen jatorria bilatu dau Gandhiren herrialdean, zinema librea eta 'underground' estiloa loratzen hasi diran garaiotan.

‘Slumdog Millionaire’ filmak hindi ukutua emon deutso zinemeari, baina indiar batek ez leuke sekula holako lanik grabauko. Bizkaie!-k indiar zinemagintzearen iraultzearen jatorria bilatu dau Gandhiren herrialdean, zinema librea eta 'underground' estiloa loratzen hasi diran garaiotan. Industria horretako profesionalik ezagunenetarikoakaz egon gara, urtean ia 900 film egiten dituenakaz eta, egun, oso ezagunak egin diranakaz. Artikulu bitan, benetako indiar zinemea zer dan erakutsiko dogu.

Vinay Rai galant peto-petoa da. Bi bider bi gorputza, azal ilun leuna, begi bihurriak, barrea arpegian -maltzurkeria ukutuagaz- eta injinerutzeak sortutako haginak. Alkarrizketea egiteko geratu garan jatetxera heldu eta segiduan, danak berari begira dagozala konturatu naz, baina ez jat arraroa egin. Errealidadetik kanpoko jantzaz jositako hiru orduko 'masala' filmetako heroi arketipoa da. Rai izaten da neskatoagaz oheratzen dana -eszenea ez da inoiz ikusten-, denpora guztian atzetik ibili eta, hainbat jantza egin ostean, beragaz ezkonduko dala berbea emon eta gero; edo, filmak irauten dituan hiru orduetan eskainitako gaizkileen eraso gogorra jaso ostean hilten dana.

Baina Rai aspertzen hasita dago gatzik bako pertsonaiez eta, mundu honetan hasibarria izan arren, azken lau filmetan beti gauza bera egin behar izan dau. 'Ez dot gura beti antzeko pertsonaia antzezten ibili eta uste dot momentu egokia dala gauza barriak probetako. Multisala diralakoei esker, Indiako zinemagintza-industria inflexino puntu batean dago, publikoa segmentuetan banatu da eta beste mueta bateko zinemagintzea egiteko moduko eskaerea dago'. Oraindino, egiten ari dan filmerako hiruzpalau jantza-eszena grabau behar ditu Pattaya hondartza tailandiarretan, baina argi dauka horren ostean egingo dituan filmeetan pertsonaia desbardinak antzeztuko dituala, Hollywood-eko urrezko garaiaren ezaugarriak kopietan ahalegintzen dan 'starsystem' baten kasuan hori ezinezkoa dala pentsau arren. Orain dala hogei urte, Rai zorotzat hartuko eben.

Eta Rajat Kapoor be bai. Ezinezkoa da aktore-zuzendari-produktore honi begietara begiratu eta gorrotoraino ailegau daiteken bildurrik ez sentidutea. Mendebaldeko ikus-entzuleentzat, Mira Nair zuzendariaren 'La boda del Monzón' filmeko familiako neskato txikia bortxatzen dauen gizon nazkagarria da. Nair zuzendariak ez dau arrakasta handirik lortu bere jatorrizko herrialdean, 'zinemagintzearen ganeko mendebaldeko ikuspuntua daukalako'. Indiar ikus-entzuleentzako, Kapoor estreinau barri dan ‘Siddhart: el prisionero’ filmeko protagonisteari egiazkotasun handiagoa emoteko 40 egunez dutxau barik egon zan aktorea da. Bere burua film independenteen zuzendari eta produktore legez aurkezten dau eta Bombay uriaren kanpoaldean daukan 'underground' etxeak be hori erakutsi gura dau. Baina, autortzen dauen legez, hori guztia XXI. mendeko indiar zinemagintzea biziten dagoan eztandeari esker dauka, biztanleen artean gizarte-maila ertainak gora egin -150 bat miloe izateraino- eta 35 milimetroek orain arte eskainitakoakaz kokoteraino dagozalako.

Kapoor-en lehenengo filma, ‘Private detective’, ez eben ezta estreinau be. Halanda be, aurten soinu-edizino onenaren Oscar saria jaso dauenaren debuta izan zan, bere lagun Resul Pookutty-ena. Orain, zuzendariak hiru film barri grabetako amesa dauka, 'jantzarik bakoak', eta, ikusitakoak ikusita, ez jako aurrekonturik faltauko. 'Nire lehenengo film luzea 60.000 eurogaz grabau zan, mirari hutsa; orain, produktoreek ezelako arazorik barik jarten ditue 250.000 euro proiektu bakotxean (Bombay-n, Bollywood-eko mekan, batazbestekoa hiru miloe buetan dago). Zinemagintza independenteagaz arrisku ekonomikoa txikiagoa dala konturatu dira eta emoitzak 'blockbuster masala' diralakoakaz lortutakoak baino hobeak izan daitekez'.

Oraindino badagoz zinema-zuzendari barriei lekua egin gura ez deutsienak. Indiako historiako zinema-estudiorik garrantzitsuenaren, Mehboob, zuzendari Iqbal M. Khan-ek mespretxu arpegia jarten dau indiar zinema independentea aitatzen jakonean. 'Ikus-entzuleek denporea pasau gura dabe, entretenidu. Ez errealidadea ikusi. Horregaitik, Indian, ‘Slumdog Millionaire’ filma ez da izan arrakastatsua. Bollywood magia da. Errealismoa, barriz, Hollywood. Hori dala eta, amerikarrek hemen ez daukie merkadu-kuota zabalik. Herrialde honetan, 1.300 miloe lagun baino gehiago dagoz, baina gitxik daukie hezkuntza-maila nahikoa zinema independenteko film bat ulertzeko eta, ingelesa be, gitxik dakie. Jantzak, maitasuna, heroiak, zorigatxak eta sasoi bateko zinema-izarrak gura ditue. Hau da, eguneroko bizimodua ahaztuteko moduko filmak'. Gatazkea mahai ganean dago.

Erreportajearen bigarren atalean, ‘Slumdog Millionaire’ filmak indiar zinemagintzan izandako eraginaren eta lekuan lekuko zinemagintzearen garrantziaren ganean egingo dogu berba. Bestalde, Danny Boyle zinema-zuzendariaren filmagaz lotutako primizia bat emongo deutsuet.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu