'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean, Bernardo Atxaga eta Joxe Mari Iturralde gaur Bilbon
2009-03-17 09:53Bernardo Atxaga eta Joxe Mari Iturralde adinkideak dira (biak 1951an jaioak baitira), jatorriz eskualde gipuzkoar berekoak, Tolosaldekoak, eta euren hastapen literarioa Pott talde abanguardistan emon eben, pasa dan mendearen 70. hamarkadearen erdialdera Bilbon.
Jentaurreko hitzaldi batez literaturgileakana hurreratzea proposatzen dauen Kultura eta Hezkuntza Sailaren 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenak amankomunean asko daben bi euskal idazle batuko ditu martiaren 17rako antolatutako topaketan. Bernardo Atxaga eta Joxe Mari Iturralde adinkideak dira (biak 1951an jaioak baitira), jatorriz eskualde gipuzkoar berberekoak, Tolosaldekoak, eta euren hastapen literarioa Pott talde abanguardistan emon eben, pasa dan mendearen 70. hamarkadearen erdialdera Bilbon.
Pili Kaltzada kazetariak aurkeztu eta zuzenduko dauen hitzaldia, Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldien aretoan izango da 19:30etatik aurrera. Proposatu dan gaia irakurtearen eta idaztearen egintza da hasiera batean, baina seguruenik hitzaldiak esparru zabalagoa be hartuko dau. 'Eztabaidak Literatureagaz' denporaldi barriko euskerazko lehen hitzaldia dogu hau, eleberri historikoaren inguruan Toti Martínez de Lezea eta José Luis de Corralen topaketea (urtarrilak 20) eta fikzinoaren mugei buruz zezeilean Kirmen Uribe eta Vicente Molina Foix alkartu zituan hitzaldien ondorendoa dalarik.
Joseba Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga goitizen literarioagaz ezagutzen dogun idazlea, euskal literaturgintzako idazle ezagunenetakoa dogu. Besteen artean, Euskadiko kritika Saria bi aldiz irabazi ditu, baita Espainiar Eleberrien Sari Nazionala eta Frantziar Prix Millepages Saria be. Bere eleberrien artean ezagunenak 'Obabakoak', 'Gizona bere bakardadean', 'Zeru horiek' edo 'Soinujolearen semea' dira, 'Etiopia' olerki argitalpenaz gan.
Bestalde, Joxe Mari Iturralde katedraduna eta Euskal Literaturako irakaslea, Eusko Jaurlaritzako Eleberri Laburren Sariduna da, Bizkaiko Foru Aldundiko Eleberri sariduna, Bilboko Udaleko Ipuin Sariduna eta Kritikako Sari Nazionalaren jaube be bada. Euskerazko 40 lanetik gora argitaratu ditu, horreetariko batzuk gaztelaniara itzuliak izan diralarik, adibidez 'Las moscas no salen en las fotos', ingelesera 'Red smoke', 'By the big tree', 'The Mexican friend', 'The dream pilot' eta beste zenbait hizkuntzatara be. Gainera, Hemingway, T. S. Eliot, Roal Dhal, Paul Éluard edo Ignacio Martínez Pisón lako idazleen lanak berak euskeratu ditu.
Gipuzkoar bi idazle honeek, Pott Banda izenaz ezagutzen dan taldekideak izan ziran, talde literario underground bat, aldizkari propioa be argitaratu ebana. Talde honek Bilbo erdaldun batean, euskal literaturako ikuspegia erreboluzionau eban 70. hamarkadearen erdialdera. Atxaga eta Iturraldegaz batera, Joseba Sarrionaindia, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Manu Ertzilla idazleek be parte hartu eben talde honetan.
Datorren hilebetean, apirilaren 21ean, Eztabaidak Literatureagaz programeak Espido Freire eta Rafael Chirles aurkeztuko ditu. Ekimena igazko zezeilean abiatu zan Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta ordutik, honako idazle-bikoteak izan ditu hizlari: Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel de Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid edo Fernando Aranburu eta Pedro Ugarte.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen hau idazleakana hurreratzeko era barri eta barritzailea da, aldez aurretik aukeratutako aztergai bati buruz berba egiteko konbita luzatzen deutsena. Idazle bakotxaren azken lana aurkeztu beharrean, horixe izaten baita jenteak idazleakaz harremanetan sartzeko dauen aukera bakarrenetakoa, irakurleen interesekoak izan daitekezan gaiak eztabaidatzea proposatzen deutse. Ekimenaren helburua, lehen mailako idazleakazko alkargunea sortzea izan da, idazteko ofizioagaz zerikusia daben gaiak alkarrizketearen bidez aztertuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!