Txaboletatik bost izarreko hoteletara
2009-03-13 14:34 BidaideIndia lako herrialdeetan sano gatxa da buruko osasunari eustea eta gatxagoa kazetaria bazara eta jorratu behar dozuzan gaiak era guztietakoak diranean. Nire kasuan, txabola auzoetan, 50 rupiaren trukean (euro bat baino gitxiago) beharrean dabilzan prostitutakaz nabil gaur eta bihar, barriz, Bollywoodeko gehiegikeriatan, Informazinoaren Teknologia arloko enpresa munduan mobiduko naz.
India lako herrialdeetan sano gatxa da buruko osasunari eustea eta gatxagoa kazetaria bazara eta jorratu behar dozuzan gaiak era guztietakoak diranean. Nire kasuan, txabola auzoetan, 50 rupiaren trukean (euro bat baino gitxiago) beharrean dabilzan prostitutakaz nabil gaur eta bihar, barriz, Bollywoodeko gehiegikeriatan, Informazinoaren Teknologia arloko enpresa munduan mobiduko naz.
Sarritan, mundu batetik bestera ezelako bitarteko pausu barik pasetan naz, hau da, txabola auzo batetik urten, taxia hartu eta bost izarreko hotelera joaten naz eta han zain daukat handi-mandikeriazko Mercedes kotxean heldu dan alkarrizketatua.
India holakoa da. Bidaia honetan beste begi batzukaz ikusten dodaz gauzak. Akaso, babesten nauen talde mediatiko garrantzitsuaren babesari esker, orain arte jorratu ez dodazan gaietan sakontzen nago. Esangura horretan, kontraste eta gorabehera handiak bizi dodaz, zoragarriak bai baina bildurgarriak be bai sarritan.
Krisia, berbarako, triskantza handia eragiten dago nazinoarteko Gobernuz Kanpoko Erakundeen artean.
Kasu batzuetan, abiatutako proiektuak bertan behera itxi behar izan ditue milaka lagunen amesak zapuztuz.
Beste alde batetik, Global Humanitaria GKEk, barriz, kanpoko horrenbeste laguntzino eta diru barik (Normalean Madriletik jasoten izan dabe dirua) diseinau eta garatu ditu proiektu batzuk.
Indiak berez bizi dauen egoereak eta egungo krisiak makinatxu bat galdera eragiten dabe. Lehenengoa: Indiak mundu mailan hazkunde ekonomiko handiena baldin badauka eta miloe batzuk aberastu badira, beharrezkoa al da munduko GKEak (Egun milaka dagoz Indian proiektu desbardinetan burubelarri) beharrean jarraitzea Indian? Galdera honegaz lotuta, beste zalantza bat nabarmenduko neuke, hau da, ez ete dabilz herritarren bizi kalidadea hobetu beharrean ustelkeria kasuetan nahastauta dagoan Gobernuak egin beharreko lana egiten? Kontuan hartu, Indiako 600 miloe herritarrek ez daukiela komunik eta 700 miloe inguru egunean 20 rupia (30 zentimo euro) baino gitxiagogaz bizi dala.
'Ez emon arrainik, erakutsi arrantzan'. Karidadearen eta alkartasunaren arteko diferentziaz nabil. Lehenengoa ez da jasangarria egungoa lako krisialdi ekonomikoetan; alkartasunak, barriz, herrialdearen garapen bidean laguntzen dau baina herritarrek euren kabuz atara behar izaten dabe bizimodua. Zoritxarrez, ez dira asko aukera hori hartzen dabenak eta horren ondorioz, partidea dira zarratu beharrean dagozan eskola eta umezurtz-etxeak. Dana dala, sekulako lana egiten dabenak be nabarmentzen dira, berbarako, Vicente Ferrer Fundazinoa. Bere sortzaileak 89 urte ditu eta 40 urtetik gora daroaz Anantapur eskualdearen garapena bultzatzen eta emoitzak agirikoak dira. Ni neu bertan egon naz eta Fundazinoak egindako beharraren frutuak begibistakoak dira. Onuradunek, minusbaliatuak izan zein ez, beharra daukie eta Fundazinoaren lanari esker herritarrek etekina ataraten dabe eskura dituen baliabideetatik, beti be ingurumena jagonda eta hori gogoan hartzekoa da, bizi doguzanak bizita.
Vicente Ferrer jn.agaz egon nintzan orain egun batzuk eta esan eustan pobreziari aurre egiteko bide bakarra aberastasuna banatzea dala. Besterik barik. Baina guk mendebaldarrok arin ahaztuten dogu hori, baita Indiako herritarrek eurek be. 'Miseriaren aurrean, desbardinak gara' onartu eustan filmetarako jantzien diseinatzaile batek. 'Oinarri-oinarrian pobreeek ez deuskue ardura eta horregaitik ez dogu euren historiarik ikusi gura pantailan'. Jakina, ‘Slumdog Millionaire’ filmak bazterrak astindu ditu; 'badakigu pobreak egon badagozala baina ahal dala ahaztu eta baztertu egiten doguz'.
Askok pentsetan dabe bardin, baita Gobernuak be. Izan be, Indiara etorri nintzan azken alditik hona pasau diran zazpi urteotan hobekuntza handirik ez dot igarri; aireportu barria dago eta ibilgailu kopurua hazi egin da baina hortik gora bardin antzean dago dana. 'Pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago' dinost Urmi Basu bertako New Light Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak. Jakin bagenkian hori baina alde handia dago, gauza bat da jakitea eta beste bat lekuan bertan norberaren begiakaz ikustea. Niri bigarrena tokau jat eta berehala, esne-mamitan bizi eta ezikusiarena egiten daben lagunen artera salto egitea. Sano mingarria da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!