San Justoko karobia barriro ketan

Bizkaie! 2010-07-27 16:33
Garagarrilaren 31n, zapatuan, goizeko 11:00etan piztuko dau karobia Juan Aranak

Kareharria, egurra eta sua nahastauko dira San Justoko karobi frantsesean. Lanbide honen gorabeherak ezagutu eta aldi berean Arratian ospatzen dan erromeria bitxi eta herrikoienetako batez gozau nahi dauenak, hitzordua dauka datorren garagarrilaren 31an eta abuztuaren 1ean Zeanuriko San Justo eta Pastor-en omenezko baseleizearen inguruan.

Karobien ke zurixkea XX. mendearen erdirantz amatau zan. Dana dala, orain hamabost urte Gorbeia mendiaren magalean kokaturik dagoan San Justoko karobia berreskuratu eta karea antxinako erara egin eban Ipizki Taldeak. Ordutik, abuztuko lehenengo astegoiena karegintzearen gune bihurtu da Zeanuriko (Bizkaia) Otsemendi auzunea. Aurten be, garagarrilaren 31n eta abuztuaren 1ean kareharria, egurra eta sua batuko dituan labea ketan ikusteko aukerea izango dabe bertara hurreratzen diranek.


1950ean azkenengoz

Orain hamabost urte jarri eben martxan 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan karobi hau. Horretarako, urte haretan eta toki berean azkenengoz karea egin eban Juan Aranagaz hartu-emonetan jarri ziran Ipizkikoak, eta haren zuzendaritzapean konponketa lanak egin zituen bi hilebetetan zehar, kare labea ketan jarri aurretik.

Otsemendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziran 1950ean toki horretan azkenen aldiz lan egin ebenak. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziran bitartean, Julian eta Kandidok, idipareagaz, Atxebeiko beheko errekatik —San Justo goiko aldean— kareharria, eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekarten eben. Soroetan ongarri moduan erabili ziran 2.000 kintal —100.000 kilo— kare produzidu zituen danetara.


Karobi frantsesa

San Justokoa karobi frantsesa deritzona da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauta eregitakoa. Apurka-apurka estutzen doan zulo bat da, 4 metroko sakontasuna dauena, 150 zentimetroko zabalerea goiko aldean eta 40koa behekoan. Ondokoa da kare labe frantsesen funtzionamendua: erregai funtzioa jokatzen dauen egurrez beteten dira, gero, gainean, kareharri kapa bat jarten da eta sua emoten jako. Harria errez kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egur eta kareharriz kargetan da karobia. Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban, horregaitik hiruzpalau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.


Karearen erabilerak

Antxinaroko zibilizazinoek erabilten eben karea, adibidez egiptiarrek gorpuek baltsamatzeko erabilten eben. Euskal Herrian, erromatarren garaian eraikuntzan erabilten bazan be, XVII. mendetik aurrera, nekazaritzan erabilten hasi ziranean, erabat zabaldu zan. Baina zertarako egiten zan karea? Hainbat zereginetarako: eraikuntzan, lurraz eta uraz nahastauta etxe-paretak eta mota guztietako hormak eregiteko morteroa egiten zan, eta uraz bakarrik nahastauta, baserrietako hormak zuritzeko. Nekazaritzan, soroetako ongarri moduan eta koko edo harren kontra erabilten zan. Abeltzaintzan, korten desinfekzinorako eta ganaduen apatxetako gaixotasunak osatzeko. Larrugintza industrian, animalien larruari okelea kentzeko erabilten zan. Medikuntzan, amigdalitisa, faringitisa eta azaleko gaixotasunak osatzeko kare uragaz gargarak egitea agintzen zan. Aitagarria da arrautzak kontserbetako erabilerea be.

Euskal Herri tradizionaleko geografian edonon azaltzen ziran karobiak. Baina, XX. mendean zehar, abonu kimiko eta porlanaren produkzino industrialagaz lehiatu ezinik, bertan behera ixten hasi ziran, mendearen erdirantz guztiz desagertu arte.


Karobia pizteko ekitaldia

- Eguna: garagarrilaren 31n, zapatuan, San Inazio egunean.
- Ordua: goizeko 11:00etan.
- Zer egiten da: karobia egurrez beteten da, gainean kareharria jarri eta piztu egiten da. Hurreratzen dan jenteak preparazino lanetan parte hartzeko aukerea izaten dau.
- Hamaiketakoa: Karobia piztu ondoren, San Justora hurreratu diranen artean hamaiketakoa banatuko da: urdaia, pamitxea, Zeanuriko Iñaki Arraindegiak emondako sardinak, ardaoa eta ura.
Informazino gehiago: 653016117 / 630927576 telefono zenbakiak eta www.ipizki.com webgunea.


Ondare historiko-kulturala berreskuratu guran

Orain 15 urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak San Justoko karobia, eta ordutik abuztuko lehenengo astegoienean martxan jarri dabee kare-labea. Baina ketan jarteaz gan, urtero-urtero karobiaren inguruan zaharbarritze eta egokitze lanak egin ditue Ipizkikoek. Konponketa horrekaz Zeanuriko nahiz Gorbeialdeko ondare historiko-kulturalaren berreskurapenean garautxo bat jarteaz batera, abuztuko lehen astegoienean ez eze urteko edozein momentutan bisitau daitekeen gune interesgarri bihurtu nahi dabe San Justoko karobia. Dana dala, holako lanak aurrera eroatea, herritarren, erakunde publiko zein enpresa pribatuen laguntzinorik barik ezinezkoa izango litzateke eta Ipizkikoen arabera, 'Juan Aranaren gidaritzarik barik ezinezkoa izango jakun karobia berreskuratzea eta martxan jartea, bera izan zan 1950ean toki berean azkenen aldiz karea egin ebenetako bat eta bera da gure maisua; bestalde, dirulaguntzinoak be eskertzekoak izan dira, hasiera batean Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartetik etorritakoak, eta gero, batez be, Zeanuriko Udalarenak. Zaharbarritze lanen amaierea Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak emondako laguntzinoari esker egin ahal izan genduan. Horrez gan, herritar askok eta enpresa pribatu batzuk be lagundu deuskue, adibidez BBK-k, Cementos Lemonak edo Bernaola Zerrategiak'.

Kontuak kontu, aurtengoagaz hamabosgarren aldiz jarraian kareharria, egurra eta sua nahastauko dira San Justoko karobi frantsesean. Lanbide honen gorabeherak ezagutu eta aldi berean Arratian ospatzen dan erromeria bitxi eta herrikoienetako batez gozau nahi dauenak, hitzordua dauka datorren garagarrilaren 31an eta abuztuaren 1ean Zeanuriko San Justo eta Pastor-en omenezko baseleizearen inguruan.


San Justokon Baseleiza eta Otsamendiko Kofradia

Abuztuko lehenengo domekan, Gorbeia mendiaren magalean, Zeanuriko (Bizkaia) Otsemendi auzunean kokaturik dagoan Justo eta Pastor Deunen baseleizaren inguruan Arratia bailarako erromeriarik bitxi eta herrikoienetakoa ospatzen da.

Beste osogai batzuekaz batera, baseleizea azuneari nortasuna emoten deutson ardatzetako bat da. Baina horrezaz gan, Otsemendikoaren kasuan Kofradia izenaz ezagutzen dan Euskal Herri tradizionalaren gizarte eta politika antolaketarako egiturearen hainbat elementuk bizirik diraute oraindino: maiordomoa eta basazaina karguak; Kofradiaren urteko batzarra, auzolanean egiten diran bidegintza eta landare imintea, eta abar.

Urtero, abuztuko lehenengo domekan ospatzen dan San Justoko erromeriara hurreratzen diranek —aurten abuztuaren 1ean—, hamabietako meza osteko barauskarria —maiordomoak banatutako ardao zuria eta gailetak— probau, harizpean bazkaldu, bolalekuan bola batzuk bota eta karobia lanean ikusteko aukerea izaten dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu