Oreka Tx-ek 'Nömadak Tx Zuzenean' aurkeztuko dau Arriagan

Bizkaie! 2009-03-03 11:18   Musikea

Harkaitz Martínez de San Vicente, Igor Otxoa eta Mikel Ugartek (2008 urtetik) osotzen dabe Oreka Tx taldea, eta, Donostiako Zinemaldia hasteko eta zarratzeko lako ekitaldi zehatz batzuk kenduta, bi urte eszenatokietatik urrun egon ondoren, barriro itzuliko dira euren musikea zuzenean eskaintzeko.

Bilboko Arriaga Antzokian, gaur, martiak 3, arratsaldeko 20:00etan hasita, txalapartea izango da ikuskizunaren protagonista nagusia baina kontzertu-bidaia ikusgarrian, musikea eta irudiak buztartuko dira.

Oreka Tx eta konbidatutako musikariak izango dira taula gainean, hain zuzen, Mendebaldeko Saharako Aziza Brahim abeslaria, Mongoliako jotzailea Saruultus Myagmarjav 'Saruul' eta Yamna Ounacer eta Saida Ounacer abeslari amazigh bereberea.

Harkaitz Martínez de San Vicente, Igor Otxoa eta Mikel Ugartek (2008 urtetik) osotzen dabe Oreka Tx taldea, eta, Donostiako Zinemaldia hasteko eta zarratzeko lako ekitaldi zehatz batzuk kenduta, bi urte eszenatokietatik urrun egon ondoren, barriro itzuliko dira euren musikea zuzenean eskaintzeko Mixel Ducau, Ritxi Salaberri, Juanjo Otxantorena eta Iñigo Egiagaz batera.


'Nömadak Tx zuzenean', musika-bidaia

Oreka Tx txalapartariek, okasino honetarako batutako musikariakaz batera, eskenatokian musikea eta irudiak nahasten dituan kontzertu-bidaia harrigarria eskainiko dabe ikuskizunean. Indiara, Laponiara, Saharara eta Mongoliara egindako bidaien ondorioz sortutako musikea interpretauko dabe, eszenatokiaren ondoan jarritako pantaila handian agertuko diran beste musikari batzuekaz batera. Pantaila hori leiho handi bihurtuko da, eta hor ikus eta ezagutu ahal izango dira leku eta persona desbardinak oso bidaia berezian. Zuzeneko musikea 'Nömadak Tx' pelikulako soinu-bandan oinarrituko da.

Pasa dan astegoienean, zezeilaren 27an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian ekin eutsen bireari eta gaur, zezeilak 3, Bilboko Arriagan izango dira. Martiaren 6an, Iruñeako Gaiarre Antzokian; martiaren 7an, Gasteizeko Principal Antzokian; 14an, Donibane Garaziko Herri Antzokian eta, azkenik, martiaren 20an, Miarritzeko Gare du Midi Antzokian esakiniko ditue kontzertuak.


Nömadak Tx, proiektua

'Soinua mobimentutik sortzen da. Benetako musikariak mobidu, bidaiak egin behar ditu, orduan bakarrik topauko baititu soinu barriak'. Oreka Tx taldeak modu horretan arrazoitzen dau Nömadak Tx. Proiektua 2003. urtean abiarazo eben. Proiektuan bi musikarien historia kontetan da; hain zuzen be, India, Laponia, Sahara eta Mongoliara joan ziran txalaparteagaz, euren musikea urruneko herri nomadetako musikeagaz batze aldera.

Proiektuak fase desbardinak izan ditu urteetan zehar. Lehen fasean, bidaiak egin zituen 2003, 2004 eta 2005 urteetan zehar, eta, horren ondoren, Oreka Tx-ek bigarren faseari emon eutson hasierea, Nömadak Tx film dokumentalagaz. Zinta Donostiako Zinemaldian estreinau zan 2006an. Ondoren, mundu osoko ehun jaialdi baino gehiagotan emon da, eta orain arte 15 sari jaso ditu.

Gainera, pelikula dokumentala erakutsi da Alemania, Erresuma Batua, Holanda, Austria, Polonia, Bulgaria eta Benelux lako herrialdeetako zine komertzialetan. Proiektuaren eduki guztiz musikala jaso da Txalap art produktoreak autoproduzidutako CD bikotxean. CDa 2006. urtearen amaiera aldera argitaratu zan.


Oreka Tx

Taldea 1997an sortu eben Harkaitz Martínez de San Vicente eta Igor Otxoak. Proiektu, talde eta jaialdi ugaritan (Europa, Amerika eta Japonia) hartu dabe parte txalapartea nazinoartean ezagutzera emonaz.

Kepa Junkeraren taldean ibili dira 10 urtetan, eta Oreka Tx honako talde eta artistakaz izan da eszenatokian: Carlos Núñez, Altan, María del Mar Bonet, Susana Seivane, Dulce Pontes, Pat Metheny, Berrogüeto edo Phil Cunningham. Gainera, zenbait musikariren proiektu diskografikoetan esku hartu dabe, besteak beste, Alasdair Fraisier, Kepa Junkera, Phil Cunningham, Oskorri, Hevia edota Gontzal Mendibilen proiektuetan.

'Quercus Endorphina' izeneko lehen diskoa 2001ean argitaratu eban Oreka Tx taldeak eta Kepa Junkerak produzidu eban.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu