Ana Arguinzona: 'dendan salgai dagozan mozorro guztiak Internet bidez erosi daitekez'

Saioa Torre Gereketa 2009-02-19 13:52   Barriketan
Bilboko Birlibirloque mozorro-dendako jaubea

Birlibirloque. Bilboko Santutxu auzoko mozorro-denda honen izena ikasteko, birritan edo hirutan irakurri behar da lehenengo, ez da bape erraza eta. Baina, behin ikasita, ez jaku sekula ahaztuko eta, gitxiago ganera, dendara bisitatxua egin eta mozorro kontuetan danetarikoa topau geinkela konturatzen bagara. Halanda be, trankil, ezinezkoa bajatzue Bilbora joatea, Internet bidez erosi daiteke dendan dagoan guztia, www.birlibirloque.com webgunean. Inauteri-sasoia dala aprobetxauta, Ana Arguinzona jaubeagaz egon gara. Jatorriz lekeitiarra da eta oso ondo ezagutzen ditu jentearen ohiturak eta jokerak mozorro kontuetan.


1.- Lehenengo eta behin, mozorro-dendearen sorrerea gogoratuko dogu. Zelan otu jatzun ideia? Noiz?

Bost urte dira, gitxi gorabehera, dendea zabaldu genduala, senarrak eta biok. Orduan, senarra langabezian egoan eta hari otu jakon proiektu honi ekitea. Neu be, beragaz hasi nintzan eta, gero, lana topau eban eta ordutik neu nago hemen.

Lehenengotan, oso txarto pasau genduan ze honelako proiektuak ezagutarazoteko denporea behar da. Baina, gitxika-gitxika, gure lekua hartzen joan gara eta bagoaz aurrerantz.


2.- Ordutik hona, asko aldatu dira joerak?

Ez, ez. Nik uste dot mozorro batzuk betikoak dirala.

Guk mozorro asko kanpotik ekarten doguz, hemen jenteari asko gustetan jakozalako, eta aldiro-aldiro egiten dogu enkargua. Halanda be, askok, batez be gazteek, aldatu egin gura izaten dabe, barrikuntzearen alde egin gura izaten dabe eta han edo hemen ikusi daben zeozergaitik galdezka etorten dira dendara, zenbat eta arraroagoa, bereziagoa eta deigarriagoa, hobeto, ganera.


3.- Jazteko kontuetan, modeak zuzen-zuzenean eragiten dau. Zein da aurten umeen artean arrakasta gehien daukan mozorroa? Eta helduen artean?

Umetxuen artean, batez be, animalien mozorroak izaten dira arrakastatsuenak, tigrearena berbarako, bero gehien emoten dabenak dira-eta.

Bestela, nagusienen artean, aurten gitarrearen mozorroak izan dau arrakasta gehien, dendan euki orduko saldu dana. Ganera, bigarren eskaera bat egin behar izan deutsagu hornitzaileari eta mozorroak ailegau baino lehenago, ze hilebete inguru behar dabe etorten AEBetatik, agortuta egozan, erreserba bidez. Danak. Ganera, mozorroa webgunetik be kendu egin behar izan dogu, ez daukaguzanak kendu egiten doguzalako. Gehien gustau diranak gitarra gorria eta baltza izan dira. Larrosea be euki dogu, baina astiroago saldu da.


4.- Baina mozorro guztien artean egongo da klasikoren bat. Zein da urtero-urtero gehien errepetiduten dan mozorroa?

Pirata-mozorroa. Betikoa da. Aurten be asko saldu da, betiko mozorroa da eta.


5.- Nortzuk dira gehien animetan diranak erostera? Ze, askok, jantzia etxean egiten dabe...

Edade guztietako jentea dator, batez be gazteak, baina persona nagusiagoak be etorten dira, semearentzako edo alabearentzako erostera. Baina, nire ustez, gazteak gehiago mozorrotzen dira nagusiak baino.


6.- Mozorroen prezioa ikusita, gehienak 30 eurotik gorakoak, krisiak sektore honetan be eragina eukiko dauela pentsau daiteke. Igarri dozue beherakadarik?

Bai. Igarten da, asko ganera. Batez be igaztik hona. Halanda be, jentea azken momentura arte egoten da mozorrorik barik eta, orduan, Inauteriak baino egun batzuk lehenago, dendea jentez ganezka egoten da eta pentsau daiteke krisiak ez daukala ezelako eraginik. Baina bai, igarri dogu, asko ganera.

Aurten, Inauterien sasoia igaz baino beranduago etorri da. Igaz, gabon ostean, segidu-segiduan etorri ziran, baina aurten ez, eta horrek mesede egin deusku, sikieran. Ze, Inauteriak Gabonak eta segiduan izan ezkero, jenteak ez dauka astirik pentsetako ez dirurik gastetako, Gabonetan gastau dau-eta. Baina tartetxua egon ezkero, mozorroan pentsetako astia egoten da. Halanda be, krisiak bete-betean atrapau gaitu geu be.


7.- Zer dau gurago jenteak, dendara joan eta mozorroa erosi ala, diru apur bat aurreztu asmoz, etxean egin?

Dendara etorten diran edadekoek -batez be emakumeek- dinoskue ez dauela merezidu mozorroa etxean egiterik. Lehenengo oihala edo telea erosi behar da, gero hariak eta, askotan ikusi ez arren, norberaren denporea be gastau behar da mozorroa egiten. Dendan, danetariko prezioak dagoz, mozorro merketxuagoak eta karuagoak daukaguz, danetarik. Hori dala eta, batzuetan ez dau merezidu etxean mozorroa josten hastea, dendan erosita antzera urtengo dauelako prezio aldetik eta ardura gitxiago emoten dauelako.


8.- Imajinazino faltarik ez daukazue eta animalientzako, txakurrentzako hain zuzen be, mozorroak be saltzen dozuez. Zelako harrerea daukie 'jantziek' jentearen artean?

Atzerriko hornitzaile batek eskaini euskuzan produktuak eta pentsau genduan: 'zergaitik ez?'. Txakurrentzako mozorroak salgai jarri eta berehala arrakasta itzela euki eben, orain dala urte batzuk. Halanda be, egunotan, nahiko motel dabil salmentea, krisiaren eragina izango da...

Arlo honetan, batez be superheroien mozorroak saltzen dira gehien, Superman, Batman...


9.- Birlibirloquek ez ditu albo batean itxi teknologia barriak eta, webgunearen bitartez, edonondik erosi daitekez mozorro guztiak, eta bai bestelako hainbat produktu be.

Dendan salgai dagozan mozorro guztiak Internet bidez erosi daitekez. Agortu egiten diranean, webgunetik kendu egiten dira, arazorik ez egoteko. Gure helburu nagusia da erabiltzaileak ahalik eta errazen jakin daian produktua zelakoa dan; horregaitik, mozorro bakotxaren azalpen laburtxua be jarten dogu, prezioagaz eta neurri desbardinakaz batera.

Behin mozorroa erosita, egun bateko epean ailegetan da eroslearen etxera mezularitza-agentzia baten bidez. Egunero-egunero bialtzen doguz mozorroak eta igarten dogu eskaerek gora egiten dabela. Baina, betikoa, aurten, krisiagaz, gorakadea ez da horren nabarmena izan.

Mozorroez ganera, jaietarako eta mozorrotzeko hainbat produktu be saltzen dira webgunearen bitartez, uleordeak, makillaje bereziak, mozorroentzako osogarriak... Halanda be, baleiteke horreek guztiak Interneten ez egotea, oso gatxa dalako, ze produktu larregi dira eta asko aldatzen dira. Gure helburua webgunea ahalik eta errealena izatea da eta, holan, jenteak erosketea hobeto egingo dau. Ganera, gura izan ezkero, telefonoz deitzeko aukerea be badago eta, gu, ahalik eta informazinorik zehatzena emongo dogu.

Batez be, estadu guztira bialtzen doguz mozorroak, eta arraroa izan arren, Madrilera asko bialtzen dira, han danetarik dagoala pentsau arren.


10.- Nazinoarteko azoketara be joaten zarie. Zer erakusten da han?

Etorriko diran mozorroak erakusten ditue eta, guk, ideiak hartu ostean, azoka horreetan ezagututako nazinoarte mailako honitzaileakaz bat egiten dogu. Mozorroak mundu guztitik ailegetan jakuz. Berbarako, Ameriketako Estadu Batuetako hainbat hornitzaile daukaguz.


11.- Inauteri-sasoia pasau ostean, zeri esker bizirauten dau negozioak urte osoan?

Sasoi bat ezkongaiei egiten jakezan agur-jaietarako mozorroak salduz emoten dogu. Horretan be, danetariko gustuak egoten dira. Mutilek ez dabe ezta bost minutu be emoten dendan, zenbat diru daukien kontuan eukita erosi ahal daben mozorroa ikusi eta jarraian erosten dabe; ganera, zenbat eta lotsagarriagoa izan, hobeto. Neskek, barriz, mila buelta emoten ditue, batera eta bestera, hau honegaz zelan geratzen dan ikusi, mozorroa jantzi behar dauenaren gustuak kontuan izan... Mutilek, barriz, ez; etorri, erosi eta kitto.

Bestalde, herriko jaietan, batean ez bada bestean, beti egoten dira mozorro-jaiak, batez be udan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Olatz 2014-12-02 16:16 Erantzuna | #1

Marimototsen mozorrorik ba daukazue 4 ureteko ume batentzat?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu