Gotzon Garateren 'New York, New York' liburuaren edizino barritua udabarrian argitaratuko dau Elkarrek
2009-02-12 12:03 KultureaGotzon Garatek dozenaka liburu kaleratu zituan, -tartean gurean best-seller izatetik gertu egon ziran polizi eleberri batzuk- , baina hareen artean badago bat oso bitxia dana, bere garaian eskuz eskuz pasau zana, New York, New York izenburukoa eta 1988an argitaratutakoa.
Badira bost hilebete Gotzon Garate joan jakula eta berak itxitako hutsunea ez dago beteterik. Idazlea, irakaslea eta hizkuntzalaria oso maitea izan zan gure artean. Izan be, hizkuntzan aditua ez eze, oso hurreko gizakia izan zan Elgoibarren (Gipuzkoan) 1934an jaiotako jesuita eta gizon aparta.
Garatek dozenaka liburu kaleratu zituan, -tartean gurean best-seller izatetik gertu egon ziran polizi eleberri batzuk- , baina hareen artean badago bat oso bitxia dana, bere garaian eskuz eskuz pasau zana, New York, New York izenburukoa eta 1988an argitaratutakoa. Datorren udabarrian Elkar argitaletxeak birrargitaratuko dau edizino berezi batean, Juanra Madariagaren hitzaurre batez hornitua.
Bidaiari amorratua, Gotzon Garatek New Yorken pasetan zituan udarak. Manhattanen, Bronxen eta Washington Heights auzoeetan egoten zan bi hilebete eta erdi marginatuakaz lanean. Gauez abade lanak egin behar zituan eta sarritan deitzen eutsen hospitaletara joateko, larrialdian egozanengana. Hango prostitutakaz, drogazaleakaz eta pobreakaz berbaldi luzeeak izaten zituan, psikiatrearen papela eginez.
Material horregaz guztiagaz idatzi eban Garatek New York, New York liburua, 1984an kaleratua. Drogadikzinoa, prostituzinoa, gurasoek abandonautako umeak, porrot egindako familiak, bortxaketak, delinkuentzia, homosexualidade arazoak, HIESa eta holako arazoak topetan doguz liburu honetan, hainbat kronikatan. Hizkera arin eta natural bategaz idatziak, hogeita hamabost kontakizun labur honeek indar handia dabeeta Estadu Batuetako uri erraldoien arpegi iluna erakusten deuskue.
New York, New York liburua argitaratu eta hamasei urte beranduago, Garatek beste liburu bat idatzi eban, New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk izenekoa. Berrogei urtean zehar marginatuen aldeko Counseling Center-en emondako egonaldiak liburu askorren iturburu dira. Berak kontetan eban legez, arazo sikologiak ugariak ziran hango biztanleen artean: bakardea, drogadikzinoa, depresinoa, etsipena... Errealidade hori guztia kontetan dau Garatek bere bi liburu horreetan, errealidade gordina, artifiziorik bakoa.
Beste alde batetik, Deustuko Unibersidadeak Gotzon Garatek argitaratu barik itxi zituan lanak berreskuratuko dituala iragarri dau. Deustuko Jesuiten abade-etxean bizi zan Garate eta bere bizitzaren azken momentura arte ibili zan beharrean. Minbiziak jota egoalarik, Euskal Filologiako irakasle honek esapideak eta atsotitzakaz lanean jarraitu eban. Ehunka esamolde batuta zituan, baina lana amaitu barik geratu zan. Manu Etxebarria buru, Deustuko Unibersidadeak lan hori batu, aztertu eta amaitu egingo dauela ziurtatu dau.
Era berean, Garatek nobela batzuk be amaitu barik itxi zituan.
Garate jn.a baserriz baserri ibili zan urteetan atsotitzak batzen, euskerearen mesederako. Danetara, 17.000 esaera zahar inguru batu zituan.
Idazle moduan, hainbat genero buztartu zituan Gotzon Garatek: poliziakoak, ipuinak, baserrian entzundako istorioak eta bidaia-liburuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!