The Black Crowes da Azkena Rock jaialdirako baieztatu daben lehen taldea

Bizkaie! 2009-01-28 14:22   Musikea

The Black Crowes talde estadubatuar mitikoak 2009. urtean disko barria atarako dau eta lan horretako kantuak zuzenean aurkeztera etorriko da Robinson anaien taldea Gasteizera.

Egunotan jakin dogu aurten Azkena Rock Festival jaialdia irailetik maiatzera ekarriko dabela eta kontzertuak maiatzaren 14, 15 eta 16an izango dirala. Hori bai, urtero legez, Gasteizko Mendizabalan izango dira 3 egunez kontzertu guztiak.

Gaur, barriz, urtarrilak 28, jaialdiko kontzertu nagusietako bat iragarri dau Last Tour enpresa antolatzaileak, The Black Crowes talde estatubatuarra, hain zuzen be. Rock garaikidearen talde mitikoak 2009. urtean disko barria atarako dau eta lan horretako kantuak zuzenean aurkeztera etorriko da Robinson anaien taldea Gasteizera. 2005eko Azkena Rock jaialdiko kartelean be egon ziran baina Europako birea bertan behera itxi behar izan eben eta, tartean, baita Gasteizko emonaldia be.

Kontuak kontu, datorren astean, Azkena Rock Festival jaialdiak 3 egunetarako bono berezien eskaintzari ekingo deutso. Zezeilaren 3an hasi eta 27ra bitartean, 60 euroren truke (+ banaketa gastuak) erosi ahal izango dira jaialdi osorako bonoak Tick Tack Ticket sarean, 902 15 00 25 telefonoan, FNACen, Carrefourren, MosaicoDiffusion webgunean, Irungo Bloody Mary dendan eta Gasteizko Electra Storen.

The Black Crowes taldea Chris (kantaria) eta Rich (gitarra) Robinsonek sortu eben 1984an, 18 eta 15 urte zituela. Orduan, Mr. Crowes Garden zan taldearen izena. Lehen diskorako, barriz, izena aldatu eben. 1990ean agertu zan 'Shake Tour Money Maker'. Taldea gaztea zan orduan, baina heldutasun handia erakutsi eban lehen diskoan. Zuzeneko indartsuak emoten zituen eta The Rolling Stones taldeagaz biran be ibili ziran. 1992ko 'The Southern Harmony and Musical Companion' diskoagaz gora egin eben. Robinsondarren estiloa finkatzen hasi zan eta 1994an hori erakutsi eben 'Armorica' disko esperimentalagoan. Bi urte geroago, 'Three snakes and one charm' lan hippie-psikodelikoa kaleratu eben eta 199an, barriz, 'By your side' atara eben. Garai haretan Jimmy Page alkartu jaken hainbat kontzertu emoteko. Orduko kontzertuetan oinarrituta, zuzeneko disko bat argitaratu eben: 'Live at the Greek'. 2001ean argitaratutako 'Lions' disko bikainaren ostean, anaien arteko tira-biren ondorioz, taldea bertan behera geratu zan baina 2005ean barriro alkartu ziran AEBetan Tom Pettygaz batera bira bat egiteko. 2008an 'Warpaint' lana kaleratu eben eta 2009rako beste bat iragarri dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu