Korrikaren Kulturbireak dozena erdi ikuskizun baino gehiago eroango ditu euskal herrietara
2009-01-27 11:20'Euskal Herriko edozein txokotan dagozan, baina plazaratzeko aukerarik ez daben emonaldi kulturalak egiteko aukerea eskaintzea da Kulturbirearen helburua'. Herri eta auzoetan, berbaldiak, kontzertuak, erakusketak, txapelketak, trikitilariak, bertsolariak, ipuin kontalariak… egongo dira. Tartean, Benito Lertxundi musikaria, Pirritx eta Porrotx pailazoak, 'Erregea eta bufoia' bertso-ikuskizuna...
Euskal kulturea bultzatzea eta euskerea gizartearen esparru guztietara eroatea helburu dauen ekimena da Korrika Kulturala. AEKren ustez, 'egokia eta bidezkoa da Korrikari esker lortzen diran diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarren baina gizarte-onura topetan daben ekimenetan inbertidutea'. Euskerazko arte eszenikoak bultzatu, euskal sortzaile barriei bidea egin eta Korrika Kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jentaurrean aurkez daitekezan lanak sortzen laguntzea dira, besteak beste, ekimenaren helburu nagusiak.
Korrika Kulturalak, ekitaldi kulturalez gan, programazinoa osotu eta aberasten dauen Kulturbirea antolatzen dau.
Kulturbira proiektua Korrika 15egaz batera jarri zan martxan eta herri eta auzoetan egingo diran hainbat kultur ekitaldiri lagunduko deutsen egitasmoa da. Ohiko Korrika Kulturalari gehituko jakozan hainbat emonaldi bultzatzeko, azpiegitura eta emonaldi kulturalen barri emango dauen eszenatokia jarriko da hainbat herri eta auzotan.
'Kulturbireak euskal kultura herrikoiaren isla izan nahi dau. Euskal Herriko edozein txokotan dagozan, baina plazaratzeko aukerarik ez daben emonaldi kulturalak egiteko aukerea eskaintzea da Kulturbirearen helburua'. Herri eta auzoetan, berbaldiak, kontzertuak, erakusketak, txapelketak, trikitilariak, bertsolariak, ipuin kontalariak… egongo dira.
Ekitaldiak
Benito Lertxundi musikari oriotarraren kantaldiagaz emongo jako hasierea urtarrilaren 31n Gasteizen Kulturbireari. Apirilaren erdialdera bitartean, beste hainbat ekitaldi izango dira. 'Erregea eta bufoia', bertsoa eta antzerkia buztartzen dituan lana aurkeztuko dabe lehenengoz Tolosako Leidor antzokian zezeilaren 7an Ander Lipusek, Unai Elizasuk eta tokian-tokian aldatuz joango dan bertsolari batek. 'Kanpaiak jo bitartean' komedia barregarri eta eroak umedun geratu gura dauen neskatoaren istorioa kontauko dau taula ganetik Elgoibarreko Herri Antzokian zezeilaren 13an. 'Mirande kabareta' izenburupean, berbarako, 'ikuskizun lotsabakoa, ausarta eta politikoki ez-zuzena' aurkeztuko dabe Galder Perez eta Ane Zabala aktoreek eta Edorta Jimenez idazleak Bilboko Balcon de la Lola aretoan zezeilaren 26an. 'Ibañeta' antzezlana be etorriko jaku Kulturbirearen eskutik, Donostiako Antiguako frontoian martiaren 14an. 'Anitzak Hitzak' ikuskizunean, berbak, bertsolaritzea, musikea eta multimedia nahastauko dira etorkinen egoerearen barri emoteko, Errenteriako Niessen aretoan lehenengoz, martiaren 15ean. Bestalde, Kukai jantza taldeak 'Soka' izeneko obrea estreinauko dau martiaren 26an Tuteran. Ander Izagirrek 'Munduko zaintzaileak. Euskal Herriko 20 sekretu txiki' izenburuko diapositiba emonaldia eta berbaldia eskainiko ditu hainbat herritan. Bestalde, 'Atxikistan' umeentzako ikuskizuna Ondarroako antzokian estreinauko da martiaren 6an. Azkenik, 'Karrika korri' umeei zuzendutako emonaldiak Korrika zer dan azalduko deutse eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek be euren ekarpentxua egingo dabe 'Piratak' lan ezagunagaz hainbat herritan.
Ekitaldion inguruko informazino zehatzagoa atxikitako dokumentuan dozue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!