Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak EikenBANK Internet bidezko proiektuen lehiaketea antolatu dau

Bizkaie! 2009-01-23 13:54

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak EikenBANK Internet bidezko proiektuen lehiaketaren bigarren edizinoa jarri dau martxan. Eikenen proiekturik barritzaileenetako bat da, eta sortzaile gazteen talentu ez-profesionala Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresakaz zuzenean hartu-emonetan jartzea da bere helburu nagusia.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak EikenBANK Internet bidezko proiektuen lehiaketaren bigarren edizinoa jarri dau martxan. Eikenen proiekturik barritzaileenetako bat da, eta sortzaile gazteen talentu ez-profesionala Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresakaz zuzenean hartu-emonetan jartzea da bere helburu nagusia, lankidetza horretatik proiektu lehiakor barriak sor daitezan. Era berean, EikenBANKen helburua sorkuntzarako talentua topetea da, eta talentu hori Euskadin geratzea lortzea.

Eikeneko arduradunek adierazo dabenez, lehiaketearen bigarren edizinoak lehenengoaren eskemari jarraitzen deutso oinarrian, baina baditu nobedade batzuk be. Proiektu irabazlea aurrera eroateko konpromisoaz eta 4.000 euroko diru-sariaz gan, proiektuaren titularrak zenbateko bereko beka bat jasoko dau, lau hilabetez bere ideia garatuko dauen produkzino-etxeagaz batera lan egiteko.

Ganera, aurten, EikenBANKek Euskadiko produkzino-etxeetako erreferentziako programetako gidoigileen lankidetzea izango dau; izan be, prestakuntza-zentroei, zine-eskolei eta unibersidadeei egin beharreko informazino-aurkezpenetan hartuko dabe parte.

EikenBANKen arduradunek urteko lehenengo hiruhilekoan aurkeztuko dabe ekimena, prestakuntza-zentroetako, zine-eskoletako eta ikus-entzunezkoakaz lotutako zenbait titulazino unibersitariotako ia 500 ikasleren aurrean.

Aurreko edizinoan legez, programa honetan ikus-entzunezko proiektu originalen bat daben gazte sortzaileek parte hartu ahal izango dabe, ez badagoz edukien esparruko sektoreko enpresakaz lanean edo lankidetzan, modu profesional eta jarraituan. Programaren oinarriak eta prozedura osoa webgune batean dago jasota; bertan, ekimen osoaren barri emoten da zehatz: www.eikenbank.com.

Proiektu irabazlea EiTBn emitiduko da. Era berean, programa honetatik beste lankidetza osogarri batzuk sortu ahal izango dira sorkuntzarako talentuaren eta Euskadiko produkzino-etxeen artean.

'Helburua da talentua edo sormena topetea, eta daukan ideia hori egia bihurtzeko aukerea emotea; ganera, bere produktua profesionalakaz batera garatu ahal izango dau. Igaz 27 proiektu jaso ziran, itxaroten zana baino gehiago; irabazlea, Alazne Paramo, honezkero lanean dago bere proiektuaren garapenean, 3Koma produkzino-etxearen eskutik', azaldu dau Eikeneko zuzendari Itziar Menak.

Bideragarritasuna

EikenBANK edegita dago ikus-entzunezko produktuetarako proiektu, gidoi, maketa edo pilotuetara (telesailak, lehiaketak, magazinak edo realityak, animazino-produktuak, dokumentalak, multimedia edukiak...), beti be EikenBANK programearen ardatzen arabera garatutakoak. Programearen arduradunek, batez be, proiektuen originaltasuna eta bideragarritasun komertziala balorauko dabe.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak sustatutako proiektuan 3Koma, Baleuko, Canal Bizkaia, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K2000, Orio Produkzioak eta Pausoka enpresek parte hartzen dabe. Ganera, babes instituzional handia dauka; hain zuzen be, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Kultura Sailak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Berrikuntza sailek, SPRIk, Bilboko Udalak eta BBKren Gazte Lanbidean Fundazioak babesten dabe ekimena.

Instituzinoek modu positiboan balorau dabe alkarren lehian dabizan enpresak -Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko garrantzitsuenak- proiektu batean alkartu izana, profesionala ez dan talentuaren aldeko proiektu bat bultzatzeko. Aurreko edizinoan legez, ekimenak EHUren, Mondragon Unibersidadearen eta EAEko zine-eskola guztien babesa dauka.

Proiektua ESCIVIko, Erandioko Ategorri-Tartanga Institutuko eta ikus-entzunezkoen ikerketarako IMVAL Zentroko ikasleei aurkeztu jake honezkero. Datozan asteotan, Bizkaiko eta Arabako ikus-entzunezkoen hainbat ikastetxetan, Deustuko Unibersidadean eta Mondragon Unibersidadean aurkeztuko da.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 30era arte dago zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu