Idiek tiraka joango dan urtea
2009-01-19 14:12 BidaideHoroskopo txinatarrean, idia arratoiaren ondoren dator, eta urtarrilaren 26aren ostean, erabateko protagonista bihurtuko da. Munduko hiru biztanletik batek egingo deutso ondo-etorria idiaren urteari. Txinatar aroaren 4707 urtea da eta, oraingoan be, Bizkaie! Shanghain urte barri txinatarrari harrerea egiteko antolatutako ekimenetan egon da.
Kontuz gaurtik aurrera mundura ume barri bat ekarteagaz. Ohartxu horrek ez dauka zerikusirik mundu mailako krisi ekonomikoagaz, umetxuak izango leuken izakereagaz baino, txinatar astrologiaren arabera burugogorra eta nahiko zoroa izango litzatekelako eta, arrakastea lortu arren, sufrimentu lar izango leukez. Gitxi gorabehera, idi baten antzera. Horoskopo txinatarrean, idia arratoiaren ondoren dator, eta urtarrilaren 26aren ostean, erabateko protagonista bihurtuko da. Munduko hiru biztanletik batek egingo deutso ondo-etorria idiaren urteari. Txinatar aroaren 4707 urtea da eta, oraingoan be, Bizkaie! Shanghain urte barri txinatarrari harrerea egiteko antolatutako ekimenetan egon da.
Idiaren zeinupean jaioten dan umeak Adolf Hitler, Napoleón Bonaparte, Saddam Hussein edo Margaret Thatcher politikarien antza eukiko leuke, alkarrizketa gitxiren aldeko politikoak, duda barik. Zorionez, 'idi' karismatikoak egon, badagoz, izakera zabalagoagaz, Barack Obama edo Diana printzesea, kasurako. Dana dala, txinatarrek mendebaldarrakaz bat egiten dabe honako ideia honetan: urte barria ez da urte ona izango. Edo, behintzat, ez dau zerikusirik izango 2008ak izan dauen energiagaz. Urte barriari harrerea egiteko, kolore gorriak subertea dakar baina, aurten, kolore hori alarmea biztuteko erabili izan da, jai-giroko produktuen salmenteak % 20 egin baitau behera. 'Beste batzuetan baino jai-girorako gogo gitxiago dago', dino buruan idien adarrez hornidutako txano gorria daroan kaleko saltzaile gazte batek.
Bitartean, Shen Yuan, Shanghaiko 20 urteko ikaslea, pozik dago eta, urtero legez, familian ospatuko dau Urte Barriaren etorrerea, kristauek Gabon gaua ospatzen daben egunaren antzekoa baita. Neskatoak etxeko sarrerako atea horniduko dauen kartel erraldoi bat erosi dau, idi baten irudiagaz; bitartean, aita legez kanpo dagozan su artifizialak erostera joan da kale ilun batera. 'Familiagaz egoteko, jateko bolanderak botateko egunak dira'. Gazteei eta umeei gehien gustetan jaken momentua be gogoratu dau: 'Subertearen dirua izenekoa be jasoten dogu, gure diru-iturri nagusia', dino, barre artean. Hori bai, sasoi postmodernoen ikutua be igarten da eta, oraingoan, Shen-en familiak enpresa baten esku itxi ditu jateko kontuak. Txinatar urbanita gehienek aurretik egindako jatekoa jan dabe.
Aurten, aldatu ez dan gauza bakarra tren eta autobus geltokien itxurea da. Urteroko landa guneetarako exodoa bere horretan manteniduten da eta jai-egunak etxera pasetan doazenen kopuruak gora egin dauela esan daiteke. Izan be, landa guneetatik urietara lan bila joandako miloeka etorkin lanik barik gera daitekez krisi ekonomikoa dala eta. Asfaltozko txinatar amesa, goizetik gauera, amesgaizto bihurtu jake. Eta, oraingoan be, Gobernuak garraiobideak hobetzeko egindako ahaleginak ahalegin, asko berandu ailegauko dira euren etxeetara edo, besterik barik, ez dira ailegau be egingo. Halanda be, aurtengoa idiek zakatutako urtea izan beharko dan arren, gehienek, arpegian irribarrea jarri, bolanderak bota eta 'xin nian kuai le' (urte barri on) esateko gogoa izaten jarraitzen dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!