Diego Errandonea eta Arturo Martínez: 'karuagoa da Euskal Herrian bizitea gure moduan bidaiatzea baino'
2009-01-05 13:22 BidaideJoko Olinpikoen oihartzuna aprobetxauta, aurten, antza danez, edozein muetatako abentureari ekiten deutsen abenturazaleen helmuga gogokoena Pekin izan da. Abenturazale horreek euren jatorrizko lekuak eta Txinako uriburua lotu ditue eta, bide batez, euren bizitzako amesak errealidade bihurtu. Erronka desbardinei aurre egiteko helburuagaz, mueta guztietako garraiobideetan ailegau dira baina, esan geinke, gehienak errobera biren ganean etorri dirala. Bizikleten uriak inspirazino-iturri moduan balio izan dau mundu mailako zikloturistentzat eta ekimena bizimodu ekologikoaren eta osasuntsuaren aldeko aldarrikapena egiteko aprobetxau dabe. Arturo Martínez, 32 urteko gasteiztarra eta Diego Errandonea, 47 urteko bilbotarra pasa dan apirilaren 5ean ailegau ziran Pekinera, 12.600 kilometroko bidaia egin ostean. Gasteiztik Pekinera dagoan distantzia da hori. Danetara, sei hilabeteko bidaia izan da baina oraindino ez dabe ahaztu gura. Egia esateko, ahaztu gura daben gauza bakarra bizikletearen jarlekua da, 'duda barik, gogorrena', dino Diegok. Shanghaiko asfaltoaz gozau ostean, Bizkaiegaz berba egiteko tartetxua atara dabe, etxera bueltan joan baino lehenago. Bueltea... trenez egingo dabe!
Ez da bape erreza izakera horren desbardina daukien persona bi topetea. Arturok egunero erabilten eban bizikletea lanera joateko, Cegasa enpresara; Diegok, lantzean behin, domekatan, Casa de Campo dalakotik bueltatxuren bat emoten eban eta zordunei zorrak kobretan egiten eban lan mundu osoan zehar; lantzean behin, arte arloan be lantxuak egiten zituan. Gasteiztarrak babes ofizialeko etxe bat jaso barri eban; bilbotarrak, barriz, Madrilen eukan etxea saldu eban Ekuadorren etxe bi erosteko, bertan bizi baitzan bidaia honi ekin baino lehenago; Arturok ibilbidea egiteko nonor behar ebala jarten eban iragarkia irakurri eta berehala apuntau zan abenturan, lar pentsau barik, proiektua garatuta egoala ikusi ostean. Bizikleta ganean jarri baino lehenago, lau biderrez baino ez eben alkar ikusi, eta Arabako uriburua atzean itxi ebenean, hilabete eta erdi baino ez zan pasau Diegori belaunean ebakuntza bat egin eutsienetik.
1.- Belaunetik operau barri egotea eta bidaia horren bereziari ekitea ez da, ba, erraza izango.
Diego: Egia esateko, bidaia bete-betean egin ahal izateko animau nintzan ebakuntzea egitera, belaunean tontortxu bat neukalako. Baina, akaso, arinegi urten neban eta, hasieran, txarto pasau neban ze handitu egiten jatan eta kojuka be ibili nintzan.
Arturo:Benetako balentria Diegorena izan da. Adin horregaz, eta aurretik ezelako prestakuntza berezirik egin barik, 7.000 kilometro egin ditu bizikleta gainean eta egoera oso gogorretan. Europan, lehenengo hilabetean, hotza eta euria izan genduzan lagun; Mongolian, bakardadez inguratuta egon ginan. Diegoren esperientziak erakusten dau zelan persona normal batek, kirolari izan barik be, honelako abentura bat egin leikela.
Diego:Hasiera-hasieratik pentsetan neban edozein momentuan bizikletatik bajau eta etxera bueltauko nintzala. Ez neukan ezelako asmorik errekor berezirik egiteko, herrialde ezezagunak bisitetako baino.
2.- Baina, azkenean, zure aurreikuspenak bete eta gainditu dira.
D: Hori da, bai. Arturogaz lehenengoz berba egin nebanean esan neutsan, asko jota, egunean gehienez 55 kilometro egiteko kapaz izango nintzala; gero, ia ehun egin izan ditugu. Hori bai, apurtu-apurtuta ailegetan nintzan leku danetara, ezer ikusteko gogorikb arik. Lo egiteko gogoz. Psikologikoki be, oso gogorra izan da.
A: Arazoa zan askotan Hospitality Club programearen barruan dagozan etxe partikularretan egiten genduala lo eta, etxe horreetan, ezin zeinke ailegau eta zuzenean lotara jo.
D: Bidaiaren nondik norakoak kontau behar genduzan, behin eta barriro, baina nik ezin neban ezta zutunik egon be. Azkenean, bide erdia eginda geunkanean, atzera ezin nebala egin esan neutson nire buruari. Taberna txikietan lortutako coca-colak edaten eta txokolatea eta azukerea jaten lortu genduan bizirautea. Orain, zelan ez, erabat lodituta nago...
3.- Askok pentsauko dabe aberatsak zariela horrelako bidaia bat egin eta hainbat hilabetetan gora adi bizirau ahal izateko.
A: Bai, askok pentsetan dau hori. Baina ez da bape egia. Babesleei esker egin ahal izan dogu bidaia. Ganera, oso erraza da diru gitxigaz bizirautea, jentea eskuzabala dalako, baita Frantzia edota Alemania lako herrialdeetan be. Askotan, hostaletan erdia baino ez euskuen kobretan eta jatera konbidetan euskuen. Karuagoa da Euskal Herrian bizitea gure moduan bidaiatzea baino.
4.- Zer nabarmendu zeinkie bisitau dozuezan herrialdeetatik?
A: Garrantzitsuena, beti, jentea da. Horrek erakusten dau herrialde bat atsegina dan ala ez. Horregaitik, ni Alemaniak itxi nau harrituta, onerako baina, jenteak txirrindularia asko errespetetan dauelako. Rusia hotza eta gogorra da, baita errusiarrak be; herrialdea ez da bape atsegina.
D: Errusiarrek ez deutsue kasurik be egiten, onerako zein txarrerako. Horregaitik, niretzat be, Errusia izan da herrialdearik gogorrena; ostean, Mongolia, ze, antza danez, han, alkar jotea kirol nazionala da.
A: Uriburua leku oso arraroa da. Burruka ugari ikusi genduzan eta hamar metrora egoan poliziak ez eban ezer egiten egoerea baretzeko. Ganera, gero, Gobiko basamortura ailegau eta ordura arte gurpiletan zulaketa barik gengozalako pozik egon arren, landare txiki baten erruagaitik zuloak hirunaka egiten jakuzan.
D: Halanda be, ni Txinak itxi nau harrituta. Ez neban uste jentea horren atsegina eta eskuzabala izango zanik. Mugea pasau eta berehala igarten dozu hori, ganera. Herrialdea asko gustetan jat eta baleiteke Ekuadorren daukadan etxe bat alokatu eta, denporalditxu batez, hona bizitera etortea.
5.- Baina seguru Txinan ezustekoren bat edo beste izan dozuela.
A: Bai, bai. Pare bat. Lehenengoa niri pasau jatan, mugan, Mongoliatik gentozanean. Bidean, neu bakarrik nengoan eta, bapatean, auto bat agertu zan. Geratzeko agindua emon eustan. Ni urduritzen hasi nintzan, baina aurrerantz jarraitu neban, kasurik egin barik. Orduan, bueltea hartu eta niganantz abiatu zan, kontrako bidean, eta auto barruko txinatarrak zarataka. Egia esateko, dardakadan hasi nintzan, baina ez eustien ezer egin. Nire pentzura barre egin, hori baino ez. Orain, uste dot herritarrez jantzitako poliziak zirala. Bestalde, Pekinen, zoritxarrez, argazki-makinea eta bidaia-egunerokoa lapurtu eustien, baina ia seguru nago atzerritarren bat izan zala, ez txinatarrak.
6.- Abenturearen helburuetako bat bizikletearen erabilerea sustatzea zan. Bizikleteak etorkizuna izan leike garraiobide moduan?
A: Gauza berezia pasetan da. Mundu garatuenean garraiobide honen aldeko apustua egin arren, garapenaren bidean dagozan herrialdeetan bizikletea baztertu egiten dabe. Txinan, berbarako, bizikleta asko dagoz, baina auto kopurua izugarria da, eta gorantza doa ganera. Hori ez da garapen eroangarria. Eta orain, krisi ekonomikoaren sasoian, bizikletearen erabilerea inoiz baino gehiago sustatu beharko litzatekela uste dot.
7.- www.vitoriabeijing.com izeneko blogean idatzi dozuez zuen gorabeherak. Ez zan lan erraza izango...
D: Hori Arturoren lana izan da, etapa bakotxaren amairan, Internetera konektau eta idazten hasteko indar nahiko zitualako. Bitartean, ni, bazter batean geratzen nintzan, hil beharrean.
A: Ez da izan erraza, baina jenteak proiektuagazko eukan interesa ikusteak indarrak emoten deutsuz aurrera ekiteko. Euskalteli esker, satelite bidezko konexinoa geunkan. Bestela, ezinezkoa izango litzateke.
8.- Euskaltel, Polonia, Orbea, eta baita txinatar gobernua be, proiektua babesteko prest dagoz. Zelan lortu dozue?
A: Txinaren kasuan, helmugea aldatu behar izan genduan, hasiera batean Hong Kong zalako. Bestela, ez euskuen euren babesik eskaintzen. Orokorrean, oso harrera ona izan dogu. Topetan genduzan diru-kantidadeak ez ziran horren handiak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!