Orain Shanghai 2010 (II)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-12-24 13:49   Bidaide

Abangoardia etxe orratzen urian, pabiloiak bisitariak ahoa zabalik eta adurra dariela ixteko modukoak izango dira. Erakustazokan, zientziaren azken aurrerapenak erabiliko dira energia aurrezteko. Komunikazino eta garraio arloetako ‘gadget’ teknologiko puntakoenak be ez dira faltako, baina Expo Shanghai 2010ek izango dauen erronkarik handiena aurrerapausu horreek erakustazokako mugetatik kanpo zabaltzea da.

Abangoardia etxe orratzen urian, pabiloiak bisitariak ahoa zabalik eta adurra dariela ixteko modukoak izango dira. Horren erakusle garbia da Britainia Handiaren pabiloia, ideien pabiloia deiturikoa. Eraikinaren fatxadea pantaila digital erraldoi bat izango da eta argi-izpi erraldoi baten itxurea izango dau. Baina, zelan ez, Txinak be burua erakutsi behar dau; baina, anfitrioiaren kasuan, tamainua izango da garrantzitsua, ez diseinua. Sasoi batean, 'mendebaldeko koroa' zalakoaren dinastiek egiten zituen eraikin erraldoien antzeko bat eregiko dabe. Azaleran, 50.000 metro koadro baino gehiago izango ditu eta 63 metroko altuerea. Danetara, 150 miloe euro. Fakturea ikusita, Udala babesle bila hasi da uriko enpresari aberatsenen artean.

Txinatar espazioa Taiwanen espazioa be izango da, Pekinek beretzat erreklametan dauen probintzia berez independientea. Horra hor, polemikea. Expo-ra joatea erabagi ezkero, Taiwanek Hong Kong eta Macao Lurralde Administratiboei eskainitako 3.000 metro koadroak konpartidu beharko ditu. 'Hori egiten badau, txinatar herriak bere batasuna erakutsiko dau munduan', esan eban Shanghaiko alkateorde Yan Xiong-ek txinatar espazioaren inaugurazino-ekitaldian.

Espainiak ez dau atzean geratu gura eta, Bartzelonako Miralles-Tagliabue estudioak irabazitako diseinu-lehiaketeari esker, espainiar eta txinatar kulturea lotzen dituan minbrezko otzara erraldoi bat irudikatzen dauen eraikina izango dau erakustazokan. Proiektuaren arduradunen esanetan, 'eraikina plaza baten inguruan eregiko da; plazea arnasa hartzeko gunea, trankil egotekoa edo, aldi berean, jaia ospatzeko eremua izan daiteke'.

Pabiloia ez da ohiko eraikin karratua izango. Otzara itxurakoa da eta espazio edegi ugari izango ditu; jentea lasaitasunez ibili ahal izango da hara eta hona. Ganera, material ekologikoakaz eregitakoa izango da. Fatxadea zumez -minbrez- inguratuta egongo da, mueta guztietako formak eginez, eta altzairuzko zutabe borobil batzuetatik argia pasauko da, modu berezian ganera. Teilatuan, plaka fotoboltaikoak jarriko dira energia-sistema legez; barruko aldean, barriz, banbua eta argia pasetan ixten daben oihalez egindako materialak topauko doguz.

Erakustazokan, zientziaren azken aurrerapenak erabiliko dira energia aurrezteko. Komunikazino eta garraio arloetako ‘gadget’ teknologiko puntakoenak be ez dira faltako, baina Expo Shanghai 2010ek izango dauen erronkarik handiena aurrerapausu horreek erakustazokako mugetatik kanpo zabaltzea da. Orain arte, 1851n lehenengoz mundu mailako ekimen hau egin zanetik, erakusketa bakotxa amaitu eta urteak pasau arte ez da ezelako aldaketa nabarmenik igarri antolatu izan daben urietan. Oraingoan, antolatzaileek autortu daben moduan, ez dago astirik. Webgune ofizialean, honakoa irakur daiteke: 'Lurra gaixorik dago eta urtenbideak ahalik eta arinen topau behar dira. Txinako Mundu Mailako Erakusketea urien etorkizuna aldatzeko plataforma egokia izan daiteke, uriak baitira planetako kutsadurearen erantzule nagusiak'.


Bilbo Shanghai-n

'Uri ona, bizitza hobea' lelora gehien hurreratzen diran uriek espazio berezia izango dabe Shanghaiko Erakusketa Unibersalean. Mundu osoko berrogei urik osotuko dabe esparru hori. Egun, industria gune diran 15,08 hektareak erakustoki bihurtzen hasi dira honezkero eta, bertan, iraganeko, egungo eta etorkizuneko uri-ereduak ikusi ahal izango dira. Uri horreetatik bost espainiarrak izango dira eta, tartean, Bizkaiko uriburua egongo da.

Azken proiektuak aukeratu dituan epaimahaiaren arabera, aurkeztutako 118 lanen artean, Bilbok jakin dau industriaren kolore grisa ganetik kendu eta uri moderno bilakatzen, txikia izan arren. Uri garrantzitsua da orain, estadu mailako finantza-gune esanguratsua; ganera, kutsadura-maileak nabarmen egin dau behera eta espazio publikoen kalidadea oso ona da. Horregaitik, Bilbok 'bizitzeko egokiak diren uriak' espazioaren barruan parte hartuko dau eta, ohore hori, gitxi batzuek baino ez dabe izango.

Kategoria berean, Bartzelona be badago, zelan ez, 1992an Joko Olinpikoak antolatu zituanetik ganerako uri olinpikoentzat inspirazino-iturri izan baita, baita Pekinentzat be. Ganera, ondarea babesteko egindako lanei, Gaudí izena buru dala, eta koadro itxuran oinarritutako uri-antolaketeari esker, ohorezko lekuan kokatu dabe. Bertan, uriaren etorkizunerako dituan proiektuen barri emongo dabe. Santiago, Madril eta Zaragoza be aukeratu ditue bertan egoteko, baina ez dira 'biziteko egokiak diran uriak' eremuan egongo.


Hurrengo artikuluan, Olinpiaden osteko Pekin aztertuko dogu, Jokoen astrapalearen ostean uria zelan geratu zan jaiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu