Erakusketa barritzaile eta esperimental bi zabaldu ditue Bilboko Rekalde Aretoan

Bizkaie! 2008-12-18 14:37   Kulturea

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak, Leire Vergara, Frederique Bergholtz & Annie Fletcher arte-komisarioakaz batera, 'Desbardintasun Simetrikoa/Desigualdad simétrica' eta 'If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution' erakusketak zabaldu ditu.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak, Leire Vergara, Frederique Bergholtz & Annie Fletcher arte-komisarioakaz batera, erakusketa barritzaile eta esperimental bi aurkeztu ditu gaur Rekalde Aretoan.

Berlinen bizi dan Haegue Yang Koreako artisteak 'Desbardintasun Simetrikoa/Desigualdad simétrica' erakusketea zabaldu dau, lengoaia abstraktuaren gaitasun narratiboaren esplorazino bat egiten dauena.

'If I Can’t Dance, I Don’t Want To Be Part Of Your Revolution' kolektiboak, 'Maskarada' bidez, identidadearen eta espazino publikoaren arteko egungo harremana aztertzen dau.

Ekitaldian, Josune Ariztondok arte eta kulturearen sorkuntza eta eztabaida irekia nabarmendu ditu; izan be, horreexek dira Bizkaiko Foru Aldundiaren helburuak Bilbo erdiko eszenatoki honetan sustatzen diran erakusketatarako.

Arte garaikidearen ganeko eztabaidearen arloan, Rekalde Aretoak nazinoarte mailan lortu dauen prestigioa azpimarratu ondoren, Bizkaiko Kultura arloko arduradunak jentaurrean jartzen diran erakusketa barrien ganean egin dau berba, eta hareen sorkuntza-maila zein kalidade altua nabarmendu ditu.

Azkenik, Kultura diputaduak eskerrak emon deutsiez komisarioei, eginiko lanagatik; izan be, erakutsitako artelanen konfigurazino berezia, hau da, alkarren artean desbardinak diran errepresentazino-forma bi horreek buztartzen jakin dabe.

Martiaren 8ra arte iraungo dau Koreako artistaren erakusketeak, eta apirilaren 19ra arte, barriz, plataformeak antolatutakoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu