Orain, Shanghai 2010 (I)
2008-12-12 14:13 BidaideGuzurra dala pentsau arren, urte bi barru 'Uri Ona, Bizitza Hobea' lelopean, urte birik behin antolatzen dan Erakusketa Unibersala Shanghain izango da. Hori dino autobus geralekuetako markesinetan agiri dan 'haibao' izeneko maskota urdinak. Baina Shanghai 2010eko maskotearen irribarrea ez dator bat autobusa itxaroten dagozanen jente piloaren arpegi serioakaz.
Shanghaiko hondeatzeko-makinek ez dabe deskantsurik hartzen. Makineria astunaren zaratea etenbakoa da, gau eta egun. Hautsa nonahi dago, Txinako hogei miloeko uribururik jentetsueneko biztanleak ate- eta lehio-zirrikituak tapetan sutsu ibili arren. Etxe orratzak arin baino arinago hazten dira baina Dragoi Handiko uriburu ekonomikoaren zerutik hurren egoteko ohoreak ez deutse luze irauten. Batek garaipena eskuratu orduko, garaikurra kenduko deutsona eregiten hasita dagoz. Zortzi erreietako autopistetan, barriz, trafikoa astiro mobiduten da. Asfaltoaren ganean ez da orratz bat bera be kabiduten eta, uritarrek autortzen daben legez, egoerea txarrerantz doa egunez egun.
Guzurra dala pentsau arren, urte bi barru 'Uri Ona, Bizitza Hobea' lelopean, urte birik behin antolatzen dan Erakusketa Unibersala Shanghain izango da. Hori dino autobus geralekuetako markesinetan agiri dan 'haibao' izeneko maskota urdinak. Baina Shanghai 2010eko maskotearen irribarrea ez dator bat autobusa itxaroten dagozanen jente piloaren arpegi serioakaz. Urigintzeari eskainitako lehenengo Erakusketa Unibersala izango da, XXI. mendeko gai nagusienetako bihurtu dan honetan, izan be, honezkero, jente gehiago bizi da urietan landa eramuetan baino. Munduko biztanleen % 55 asfaltoaren ganean bizi da eta, datuen arabera, kopuru horrek gora egingo dau; hori dala eta, uri handi jasangarrien planifikazinoa gero eta garrantzitsuagoa da.
Ganera, Txinan, dana da posible. 'Pekin 2008' Joko Olinpikoek ondo baino hobeto erakutsi dabe uriburu gris bat biziteko moduko leku bihur daitekela. 2010erako, antzeko zeozer egingo dabe Shanghain, izan be, honezkero, Txinako Expo definiduteko, berba potoloak baino ez ditue erabilten. Eta, zelan ez, handiena izango da: uria bitan zatitzen dauen Huangpu ibaiaren ertz bietan banandutako 310 hektareako espazioa okupauko dau. Bisitari kopuru gehien be jasoko ditu: 70 miloe etorriko dirala uste da, horreetatik bost, atzerritarrak. Eta 210 parte-hartzaile baino gehiago izango dira, estaduak eta nazinoarteko erakundeak kontuan izanda. Duda barik, Expo 2010, honezkero, jaio baino lehenago, arrakastatsua da.
Bide luzea
Maiatzaren 1ean hasi eta 31n amaituko dan ekitaldiagaz mundua aho zabalik itxi gura badau, Txinako uriburu ekonomikoaren udalak gogor egin beharko dau lan datozan 139 egunetan. Metropolia inguratzen dauen 'smog' geruza lodia ganetik kentzea gatxa izango da, eta neurri gogorrak hartu beharko ditu errepideetatik lujozko autoak kentzeko. Eta beste hainbat kontu gehiago. Uria garbi eukiteagaitik, estadu txinatarrak 4.000 miloe euro gastau beharko ditu. Atmosferea garbi eukiteko Pekinen gastautako 12.000 miloe euroakaz konparetan badogu, ez da asko.
Honezkero, aldaketak igarten hasi dira. Gitxika-gitxika, uri osoko kaleen goikaldeko 'espageti hegalariak' edo kable-sareak desagertzen doaz, ez baitira bape politak. Ganera, uri barruko garraiobide-sarea be hobetzen doa. Ibilbide ia guztietan, gitxiago kutsatzen daben autobusak jarri ditue eta, aurten, metroko hiru linea barri hasi dira martxan. Baina ez da lan erraza izango airetik kutsadura-partikulak desagertarazotea ze, Pekinekoak legez, Shanghaiko biztanleak oso zikinak dira.
Zhejiang y Jiangsu probintzietan, industriak sortutako jarioak kontroletea eta gitxitzea ia ezinezkoa da. Uriaren albo banatan dagoz eta mundu mailako eskulan-eremu garrantzitsuena dira. Agintariek, arazoari aurre egiteko, Pekin 2008an hartutako muturreko erabagiak hartu gura ditue: zilarrezko nitratoa jaurti hodeietara meteorologia aldarazoteko eta, aldian-aldian, fabrikak zarratzeko agindua emotea. Halanda be, desbardintasuna begibistakoa da. Pekinen, 16 egunez baino ez zan emon behar irudi ona, baina Shanghain, zifra hori bider hamaika egin behar da.
Megapoliak arazoak izango ditu Expo erakusketearen beharrizanetara eta helburuetara egokitzeko be. Batez be, energia aurreztearen arloan. Uriak, Espainia osoak beste energia kontsumiduten dau, eta oraindino ez ditue martxan jarri birziklapen-programak. Iraganaren eta etorkizunaren arteko harmonia eta ondarearen babesa dira beste eztabaidagai nagusi bi. Erdigunetik bueltatxu bat emoteagaz batera konturatuko gara Shanghaik txinatar esaera zaharra ondo baino hobeto beteten dauela: 'zaharra bota eta barria jarri'. Egia esateko, leku askotan lurrikara suntsigarriren bat egon dela pentsau daiteke.
Erreportajearen bigarren zatian, pabilioi ikusgarrienetatik osteratxua egin eta urbanismo arloan Bilbo eredugarria dala ikusiko dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!