Euskal webgunerik ikusgarrienaren Buber Saria lortu dau botasarean.biz webguneak

Bizkaie! 2008-12-12 11:25

Teknologia barriakaz eta Internetegaz lotura zuzena daben 300 pertsona inguru batu dira euskal webgune onenak saritzen dituan ekitaldian.

Euskera, kultura eta aisia izan dira nagusi 2008ko Buber Sarietan, Bilboko Guggenheim Museoan egin dan ekitaldian.

Teknologia barriakaz eta Internetegaz lotura zuzena daben 300 pertsona inguru batu dira euskal webgune onenak saritzen dituan ekitaldian.

Webgune ikusgarrienen atalean, saria www.botasarean.biz aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen webguneak lortu dau.

Webgunerik erabilgarrienaren saria www.sidrerias.es-entzat izan da, mueta horretako jatetxeen gidea eskaintzen dauelako.

Webgune dibertigarrienaren saria tradizinoa eta teknologia buztartzen dituan www.baserrieskolak.com-ek eskuratu dau.

Barrikuntzeari jagokonez, www.paseosvirtuales.com izan da euskal webgunerik barritzaileena.

Erabilterrazenaren saria www.lotura.com-entzat izan da, diseinua eta kalidadea erabilera errazagaz bateragarriak dirala erakutsi dauelako.

Bestalde, www.argia.com izan da, epaimahaiaren arabera, euskerearen sustapenaren arloko webgunerik onena.

Posta elektronikoari jagokonez, www.akaridesign.net izan da sariduna. Japoniako kulturearen ganeko atariak Japoniako eta Euskal Herriako kulturak batu ditu.

www.arreglamicalle.com webguneak be saria jaso dau herritarrei eskainitako zerbitzuagaitik. Izan be, herritarren eta udalen arteko zubi-lanak egiten ditu herrietako arazoak konpontzeko asmoz.


Ohorezko Buberra

Internet&Euskadi Euskal Internauten Alkartearen presidente eta fundatzaile Valentin Garciak jaso dau Ohorezko Buber Saria.

Blas Uberuagak, Buberrek, bere aldetik, esker oneko mezua bialdu dau AEBetatik bideo bidez, orain hamarkada bat sortu eban webgunearen izena daben sariak banatzeagaitik.

Sariak emon baino lehenago, bederatzi adituk Interneten etorkizunaren ganean berba egin dabe eta danak datoz bat honetan: Interneteko eta eskuko telefonoetako bideoetan aurrerapausu handiak egongo dira datorren urtean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu