'Ahotsenea'sortzaileen gunea abian
2008-12-03 14:48Ahotsenearen aurkezpena datorren zapatuan, abenduaren 6an izango da Durangon, Landako Elkartegian. Ekitaldiak 10:00etatik 15:00etara izango dira. Tartean Mikel Laboari omenaldia eskainiko jako.
Ahotsenearen aurkezpena datorren zapatuan, abenduaren 6an izango da Durangon, Landako Elkartegian. Ekitaldiak 10:00etatik 15:00etara izango dira. Tartean Mikel Laboari omenaldia eskainiko jako.
Durangoko Azokaren 43. edizioa tarteko eta egindako lanaren balantzea eginez, sortzaileon artean kezka bat nagusitu da, hain zuzen be, sormenak orain arte zein leku izan dauen, aurrerantzean zein leku izan behako leuken, noren ardurea dan sortzaileok Durangon dogun partehartzea beste erabatekoa izatea...
Ardura horreei urtenbidea bilatuz, lehen axioma edo lege moduko bat ikusi dogu: sortzaileon zeregina da Azokan sormenak izan behar dauen lekua proposatzea, beste inork egitea ez baitogu aurrikusten. Hori onarturik, ideia bat proposatzera gatoz. Ideiaren izena Ahotsenea. Sortzaileen gunea da.
Proiektua
Ahotsenea, sortzaileen gunea gune jakin bat izango litzateke, egungo Azokea aterpetzen dauen Landakotik kanpo eta kafe-antzokien taxuan antolatua, hau da, espazio bigaz. Gunea, karpa baten aterpean kokatu gura geunke, Durangoko Ezkurdi plazan, berbarako.
Guneotako bat Kafearen espazioa litzateke, eta horretan literaturazale eta musikazaleek jesarrita egoteko lekua legoke, lasai egotekoa, mahaiaren inguruan zernahi hartzen dan bitartean besteari adi egoteko moduan atondua.
Bigarren espazioan (Sortzaileen espazioan) Durangora hurreratuko litzatekezan idazle eta musikariakaz elkarrizketak, mahai-inguruak, solasaldiak eta antzekoak bertatik bertara egiteko eta ordu erdi zein 40 bat minutuko musika emonaldiak egiteko modua legoke.
Ahotsenean gertatzen den guztia zuzenean aditzeko aukerea legoke, batetik, eta bestetik Interneten bidez zabalduko litzateke Euskal Herri osora zein mundura. Egun horreetan Azokara hurreratzeko aukerarik ez dabenek eta Euskal Herritik kanpo bizi diran euskaldunek Ahotseneak zabalik dirauen artean euskal sortzaileon jardunaren barri izateko aukerea izango leuke. Ez litzateke baztertu behar irratiz be emotea.
Programazinoa bi kazetariek, koordinatzaileak eta produkzino arduradunek diseinauko leukie baina horretarako, aurrez, idazle, musikari, editore eta diskoetxe zein argitaratzaileen adostasun eta oneretxia izango leukie. Azokara hurreratuko litzatekezan sortzaileakaz izango geunkezan alkarrizketa, mahai-inguru, solasaldi eta zuzeneko musika emonaldiek osotuko leukie programazinoa, baina batez be, literaturazale, musikazale, ikusle eta entzuleen parte hartzea bermatu beharko geunke.
Ahotsenea ekimen independente, profesional eta autonomo modura ikusten dogu. Eta euskalduna, jakina.
Helburuak
Urteotan Azokara etorteari itxi deutsen zaleak barriro erakarri nahi doguz, argi, eta era berean beste Aro bat sortu, berbearen zentzu bietan.
Horretan ezinbestekoa da sortzaileon inplikazinoa, gu geu baikara gure zaleei beste zeozer eskaini behar deutsegunak, liburuak eta diskoak sinatzeaz eta gure arpegiak han edo hemen ikusteaz gainera. Hartu-emon zuzenak bultzatu gure geunkez.
Azoka bera aberastu gura dogu, horren gunea herrira zabalduz, eta erreferentzi puntu edo leku bat mapan -benetakoan eta birtualean- kokatuz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!