Eusko Jaurlaritzeak Euskal Herriko historian sortutako bibliografia-produkzinoa digitalizauko dau

Bizkaie! 2008-12-02 16:42

Ondarenet-en helburua euskal ondare digitala osotu leikien baliabide digitalak (web orriak, foroak eta banaketa-zerrendak eta edukiei lotutako fitxategi digitalak) jasotea izango da, bai eta erakunde-gordetegia osotu be.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak informazino-sistema batean oinarritutako 'Ondarenet' asmo handiko proiektua abiarazotea erabagi dau. Ondarenet-en helburua euskal ondare digitala osotu leikien baliabide digitalak (web orriak, foroak eta banaketa-zerrendak eta edukiei lotutako fitxategi digitalak) jasotea izango da, bai eta erakunde-gordetegia osotu be.

'Azken hamarkadetan teknologia barriak indarrez sartzean eta jakintza-diziplina askotarikoei buruz euskarri digital barrien bitartez osotuz joan dan euskal ondare digitalaren multzoa batu, zaindu eta zabalduko dauen artxibategi elektroniko handia sortzea da asmoa', Arantza Arzamendi Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen zuzendariak eta Francisca Pulgar Liburutegien Zerbitzuko arduradunak Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dabenez.

Eusko Jaurlaritzeak sustatutako proiektua bat dator 2010ean herritar guztiek eskuratzeko moduan egongo diran sei miloe dokumentuz osotutako liburutegi digitala sortzeko Europar Batasunak dauen estrategiagaz. Europa mailako ekimen honen helburua bibliografia eta artxibo-gordailuak formatu bateragarrietan digitalizetea da.

Esangura horretan, web ingurunean sortutako ondare digitala berreskuratu eta babesteko asmoagaz beste herrialde batzuek abian jarritako antzeko ekimenei jarraitzen deutse Ondarenet-ek, besteak beste, Pandora (Australiako Liburutegi Nazionala), Minerva (Europar Batasuna), Internet Archives (Erresuma Batua) edo Padicat (Kataluniako Liburutegi nazionala).

Ondarenet Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako 'Ondare digitala: berreskuratu, zaindu eta hedatzeko estrategiak' izenburupeko jardunaldien barruan aurkeztu da. Jardunaldiotan izen handiko bi txostengilek esku hartu dabe: Allan Arvidsonek (The Royal Library, The National Library of Sweden, Stockholm) eta Luis Colladok (Google Book Search-en Espainia eta Portugalerako Zuzendaria) eta internet bidez ezagutza unibersalera heltzeko Google Book Search proiektua aurkeztu dabe.


Euskadiko Liburutegien Legea

Urriaren 26ko 11/2007 Euskadiko Liburutegien Legea da euskal kultura ondarea digitalizetako proiektuaren lege-esparrua. Euskadiko Liburutegia euskal ondare digitalaren egoitza izango dala ezartzen dau Lege horrek 27.4. artikuluan. Era berean, Euskadiko Liburutegiaren eginkizunei buruz (29.c. artikulua) adierazoten da euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondare horretarako erispidea' bermatzeko mekanismo egokiak izan beharko dituala.

Euskadiko Liburutegien Legea onartzeagaz batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, EJIEren (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) laguntzinoagaz eta lankidetzeagaz, Kulturearen Euskal Planaren arlo digitalaren ekintzen artean hartutako nahi handiko proiektu honi ekin eutson. Lehenengo urtean zehar informazino-sistemea abiarazo da, jagokozan froga eta egiaztapen estandarrak eginez.

Urtebetez jardun ondoren, Kultura Sailak garrantzi handiko proiektua sustatzea lortu dau, eta egun, baliabideak deskribiduten dabilz nazinoarteko estandarrei jarraituz. Holan, Ondarenet erakunde-gordetegi bat bihurtuko da, eta bertan, era guztietako web-orriez gan, edozelako dokumentu digitalizatuak gorde ahal izango dira.

Informazinoa jaso, babestu eta antolatzeko erabilitako tresnei jagokenez, International Internet Preservation Consortium (IIPC) erakundeak onetsitako eta nazinoarteko estandarrak beteten dituen tresnen bidez garatzen ari da.


Bilaketak

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak 'ad hoc' ezarritako sailkapen baten arabera jaso, artxibau eta indexatutako webguneez osotuta dago Ondarenet-en datu-basea, eta 12 gai handitan banatuta: Artea, Zientzia eta Teknologia; Euskal kultuera; Euskerea; Aisia eta kulturea; Politika eta Gobernua; Enpresa, Aisia eta kulturea; Ekonomia eta negozioak; Hezkuntza eta ikerketea; Osasuna, Gizartea, Informazinoaren Gizartea.

Gaur egun, jaso eta alta emon diran 14 'url'-ez osotutako laginketa erabilten ari da, eta euskal kulturearen inguruko 400 helbide baino gehiagoz jaubetu da.

Kultura Sailak abian jarritako ekimen hau Euskadiko Liburutegi Digitalaren ekintza nagusia da. Ekimenak, historian zehar sortutako eta euskal kultur produkzinoaren muina osotzen daben bibliografia-funts publiko eta pribatuak digitalizetea barne hartzen dau, hau da, papelezko euskarri tradizionalean sortutako bibliografia-produkzino osoa formatu digitalean jasotea.

Proiektu hau abian dago, honezkero, eta egile-eskubiderik ez daben bibliografia-funts historikoak eta funts historiko eta instituzionalak digitalizetan ari dira. Proiektu handi honen hurrengo pausoan egile-eskubideak dituen bibliografia-funtsak digitalizeteari ekingo jako, eta horretarako, horreen jaube diran partikularrakaz eta erakundeakaz akordioak lortu beharko ditu Eusko Jaurlaritzeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu