Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, euskal herri erakundeen konpromisoa: adostasuna, atxikimendua eta erabilerea
2008-12-02 11:40 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak, hiru foru aldundiek eta Eudelek adierazoten dabe hizkuntza minorizatu bat normaltasunera heltzeko, ezinbestekoa dala hizkuntza horrentzako bizigiro egokia, eta bizigiro hori sortzen eta horri eusten, euskal gizartea osotzen dogun guztiok euskal hiztun izan edo ez konprometidu behar garela, nor bere hizkuntz aukereari uko egin barik, baina baita hurkoarena erraztuz be.
Idatzian, Eusko Jaurlaritzeak, hiru foru aldundiek eta Eudelek adierazoten dabe hizkuntza minorizatu bat normaltasunera heltzeko, ezinbestekoa dala hizkuntza horrentzako bizigiro egokia, eta bizigiro hori sortzen eta horri eusten, euskal gizartea osotzen dogun guztiok euskal hiztun izan edo ez konprometidu behar gara, nor bere hizkuntz aukereari uko egin barik, baina baita hurkoarena erraztuz be. Euskereak, jakina, nahitaez behar dau gizarte osoaren konpromiso hori.
Euskerearen Nazinoarteko Egunak urtero gogorarazoten deuskuez Mitxelena handiaren berbak: 'gure herriak herri artean bere tokia behar dauen legez, hizkuntzak be berea aurkitu behar dau hizkuntza artean: handikeriazko menturarik barik, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar ainako tokia'. Berba gogoangarri horreek aurtengo ospakizunean hartzen dabe, akaso, oihartzunik beteena. Izan be, Hizkuntzen Nazinoarteko Urtea dan 2008 honen hasieran, Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntako hizkuntza politikarako arduradunek hizkuntza aniztasunaren aldeko Pariseko Adierazpena sinatu eben, nazinoarteko foroetan, besteak beste, honako hau aldarrikatzeko: 'hizkuntz aniztasuna Europar Batasunaren balio oinarrizkoetako bat da, eta, era berean, baita Europa batu eta anitz baten aldeko berme sendoa be'.
Aldarrikapen positibo horregaz batera, eta aniztasun linguistikoaren aldeko jarrereagaz koherentziaz jokatuz, aitatu adierazpenak salatu egiten zituan 'hizkuntz aukerak baliatuz jokabide diskriminatzaileak eragiten edo babesten dituen praktikak'.
Bazter daigun inposaketea, beraz, hizkuntza politikatik, gaztelania nahiz euskera, zeinahi dalarik be. Bazter daigun hurkoaren hizkuntz aukerea zapuzteko tentazinoa, baita euskerearen balizko mesedetan be. Euskerearen kontrako inposaketea sufridu dauen gizarte honek ondo daki ez dala inposaketearen bidea euskerearen erabateko bizibarritzeraino eroango gaituana.
Era berean, beste gauza bat aldarrikatu behar da sendotasun berberaz: benetako elebitasunaren aldeko hizkuntza politika eragingarri batek, ezinbestez, betebeharrak dakarz, eta betebehar horeiek, bereziki, hizkuntza ahulagoaren zaintza eta sustapenari lotzen jakoz, berau dalako esparru, funtzino eta hiztunak irabazi behar dituana. Betebehar horreek, gainera, adostasunaren frutu umotua izan behar dabe, gizarte bizitzan benetako eraginik izango badabe. Adostu beharrekoak, beraz, euskerearen sustapenerako, eta eleaniztasunaren ikuspegitik, ezarri beharreko betebeharren nolakotasuna eta erritmoak dira, ez euskerearen eta elebitasunaren aldeko politika publikorik behar dan edo ez dan. Alor honetan, iruzur nabaria baita eskaintza-eskaria balizko legeen esku ixtea hizkuntzen bilakabidea eta hizkuntzen arteko bizikidetzea. Okerra ez eze, faltsua be bai hizkuntza alorreko arau ezaren aldarria. Are faltsuagoa eta okerragoa, alor horretako araupetzeari zilegitasuna ukatzen deutson diskurtsoa. Eta faltsutik maltzurrerainoko saltoa egiten dau arautzea eta inposaketa bardindu nahi dituanak.
Eleaniztasunak, guk nahi dogun eleaniztasun orekatuak, alor publikoan gauzatzen diran hizkuntz jokabideak arautzea eskatzen dau, arau ezak hizkuntza sendoenaren alde egiten dauelako. Ez daigun ahaztu gizartearen ahotsa eta arauaren beraren izaera demokratikoa dirala arau danen zilegitasunaren iturburua. Inposaketearen antipodetan dago, beraz, araupetze demokratikoa, eta horren preminea dogu, nahitaez, euskerearen erabilerea areagotu eta esparru barrietara zabaltzeko asmoz diseinautako hizkuntz politika aurrerakoia mamitzeko.
Edozelan be, autor daigun, berandu baino lehen, arauak ez dirala, honetan be, nahikoa. Urik bako uberka baita, atxikimendurik barik, araua: solora heldu arren, lurra emonkortzeko ahalmenik ez. Baina erro politikoak, kulturalak edo sozialak izanik be, baldintza garbi batzuk bete behar ditu euskereak: bateratzailea izan behar dau, kohesinoa sortu behar dauelako, eta ez zatiketea; zabala izan behar dau, aniztasunetik ataraten dau-eta euskereak aurrera egiteko kemena, eta ez afinidadezko bardinkeriatik. berba batean, naturaltasuna arnasten dauen atxikimendua behar dau euskereak, euskal herritartasuna pentsau eta biziteko norberak dauen modu partikularragaz berez eta samur buztartzen dana.
Azken batean, hizkuntza minorizatu bat normaltasunera heltzeko, ezinbestekoa da hizkuntza horrentzako bizigiro egokia lortzea, eta bizigiro hori sortzen eta mantentzen, euskal gizartea osotzen dogun guztiok -euskal hiztun izan edo ez- konprometidu behar gara, nor bere hizkuntz aukereari uko egin barik, baina baita hurkoarena erraztuz be. Esangura horretan, gure herrikide elebakarrei zuzendutako mezua da eleaniztasun orekatuaren eta, beraz, hizkuntz normalkuntzearen bidean aurrera egiteko, elebakarrek pausoak emon behar ditue euskerarantz. Ezin jako-eta euskereari bermatu ezinbestekoa dauen arnasa, gutariko bakotxa ez bada, bere hizkuntz aukera personala edozein izanda, euskeraz ari danaren jarduna ez oztopatzeko gauza. Errespetu praktiko horretatik, eta ez beste inondik, dator eleaniztasunaren bideragarritasuna. Gurean eta edonon.
Era berean, euskararen aldeko hizkuntza politika batek ezin dau sekulan inongo erdara, are gitxiago erdal mundua, areriotzat hartu, besteak beste, kontraesan jasanezina litzatekeelako gure herriaren kohesinoagazko. Izan be, euskal herritarrok osotzen dogun gizarte bakar honetan mundu ugari bizi dira aldi eta toki berean, eta danak dira alkarren osogarriak. Hau da, erdal mundua indartu egiten da euskereari babesa emonaz, euskal mundua indartu egiten dan legez erderakazko bizikidetza gogo onez onetsiz. Bere barruan mundu ugari izateaz gan, bere barruko mundu horreez guztiez harro sentiduten dan herria dalako gurea. Horregaitik, besteak beste, izan nahi dau eleanitza gure gizarteak, eleaniztasunagaz danok irabazten dogulako, inork ezer galdu barik. Euskereari bizkar emonda, barriz, ez dago ezer irabazteko. Bai, ostera, galtzeko. Galtzaile, gainera, danok ginateke euskereari bizkar emonda bizi ezkero, eta danok irabazle, barriz, euskereari gure bizitzan eta gizartean behar dauen tokia egin ezkero. Horretan baitatza, azken finean, herri bat izatea.
Hizkuntzen arteko hartu-emon sanoen bidetik, ez beste inondik, bilatuko dau, beraz, euskereak Mitxelenak opa eutson hizkuntzen arteko tokia.
Eta lankidetzea da, helburu horretarainoko bidean, gakoa; hizkuntza politika edegi eta eragingarria gidari dauen lankidetzea. Horixe baita, azken batean, euskal herri erakundeoi alor honetan jagokun zeregina: eleaniztasun orekatuaren bidean, euskal herritar guztiontzako toki egokirik dauen euskerea bizibarritzeko politika adostua eta eraginkorra diseinau, erabarritu eta gauzatzea.
Horren aldekoa da, beraz, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian eta Mitxelenaren asmo zuhurra gogoan, euskal herri erakundeok aldarrikatzen dogun konpromisoa: adostasuna, atxikimendua, erabilerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!