Mikel Laboa hil da
2008-12-01 10:45 MusikeaMikel Laboa musikaria hil da Donostian 74 urtegaz, hainbat egunez ospitalean egon ostean. Gorpua gaur erraustuko dabe.
Mikel Laboa musikaria hil da Donostian 74 urtegaz, hainbat egunez ospitalean egon ostean. Hil-kaperea Errekaldeko beilatokian egon da jarrita eta gorpua gaur erraustuko dabe. Gipuzkoako Urrezko Domina jasotekoa zan Gabonak baino lehenago.
Laboa Donostiako Parte Zaharrean jaio zan 1934ko bagilaren 15ean. Gerra Zibila hasi orduko familiak alde egin behar izan eban: aitak, zinegotzia zanak, Frantzia aldera jo eban; ama eta zazpi seme-alabak Lekeitiora joan ziran. Donostiara bueltautakoan, marianisten ikastetxe batean ikasi eban. Batxilergoa amaituta, medikuntza ikasten hasi zan. 1953an ekin eutson horri eta Madrilen, Iruñean, Zaragozan eta Bartzelonan aritu ostean, 1967an haur neuropsikiatrian espezializau zan. Lanbide horretan 20 urte baino gehiagoz jardun arren, bere bizitza musikeari eskaini eutson Laboak, bakarka zein taldean.
1960ko hamarkadan Ez Dok Amairu osotu eban beste hainbat euskal artistagaz. Batez be Benito Lertxundigaz batera, euskal kantagintza barria sortu eben.
1964. urtean grabau zituan lehen kantak Laboak. Tradizinoa, poesia eta esperimentalismoa buztartu ditu bere musika ibilbidean. Kanta zahar herrikoiei kutsu modernoa emon izan deutse. Aitatzekoak dira Lekeitioak, haren musika esperimentalaren adierazle handienak.
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzearen bozeroaleak adierazo dauenez, Ibarretxeren Gobernua beste hainbat instituzinogaz kontaktuan jarriko da Laboari merezidutako omenaldia egiteko. Azkarateren ustez, 'aparteko personea zan Laboa, danek maite eta miresten ebena. Musikeagaz loturea daukienentzat erreferentea zan'.
Diskografia
-
Lau herri kanta, 1964 (EP)
-
Ursuako Kantak, 1966 (EP)
-
Bertolt Brecht, 1969 (EP Bertolt Brechten letrakaz)
-
Haika Mutil, 1969 (EP)
-
Euskal Kanta Berria, 1972 (LP. Aurrekoen bildumea)
-
Bat-Hiru, 1974 (LP bikotxa. Bi izeneko diskoa ez zan argitaratu Bertolt Brechten letrak zentsurau zituelako)
-
Lau-bost, 1980 (LP bikotxa).
-
Sei, 1985.
-
Lekeitioak, 1988 (7tik 11ra arteko Lekeitioak diska ez argitaratuak)
-
Hamabi, 1989
-
Hamalau, 1994
-
Mikel Laboa Zuzenean, 1997
-
Zuzenean II - Gernika, 2000 (Donostiako Orfeoiagaz).
-
60ak+2, 2003 (Lehen obren bildumea).
-
Xoriek - 17, 2005
-
Lekeitioak, 2007
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!