'Otalorea' eta 'La flor de la argoma', Toti Martinez de Lezearen liburu barria euskeraz eta gaztelaniaz aldi berean

Bizkaie! 2008-11-28 14:54   Kulturea

Erein argitaletxearen eskutik, XIX. mendearen amaieran, azken Karlistadan girotutako nobela historikoa dakar Toti Martinez de Lezeak, Oñatin kokatua eta, beraz, Gipuzkoa barrualdeko nekazaritza giroa jorratzen dauena.

Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak, Toti Martinez de Lezeak liburua eskaini deutson laguna, egileak berak eta Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoak aurkeztu dabe liburua Bilbon. XIX. mendearen amaieran, azken Karlistadan girotutako nobela historikoa dakar Toti Martinez de Lezeak, Oñatin kokatua eta, beraz, Gipuzkoa barrualdeko nekazaritza giroa jorratzen dauena.

Asier Muniategik hartu dau hitza aurkezpenean eta liburuaren eskaintza eskertu ostean, Toti Martinez de Lezeak istorio zoragarria kontau dauela adierazo dau eta sasoi jakin haretako Euskal Herriaren zati bat erakusten deuskula modu ederrean.

Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko buruak, barriz, pozarren hartu dau lana, bera oñatiarra dala ezagutzera emonaz. Edozelan be, literatur balioari jagokonez, 'Otalorea' obrearen egitura edo eraketa narratibo bikaina eta kontakizunaren orekea azpimarratu ditu.

Gehienbat euskal gaiak lantzen dituan egilea, Toti Martinez de Lezea pozik agertu da egindako lanagaz, asko gozau dauela esan dau baina lan asko egin dauela orain emoitzea kalean ikusteko.

XIX. mende nahaspilatsuak zelan eragin eban Oñatiko herritar arruntakan islatu gura izan dauela adierazo dau. Nekazaritza giro horretan, familia baten gorabeherak, sentimentuak, pasadizoak, tradizinoa kontetan ditu, bi anaien arteko burrukea maitasunagaitik eta lurren kontu bategaitik. 'Historiako pertsonaiak baino gehiago, gu eta gutarroi buruzko kontuak maite dodaz'

Beste alde batetik, gaztelaniazko jatorrizko bertsinoa eta euskerazkoa aldi berean argitaratzeko erabagiaz, Toti Martinez de Lezeak argi esan dau Herri elebiduna dala gurea eta euskeraz irakurten dauenari zor jakon errespetua dala ele bietan argitaratzea. Itzulpenaren ardurea Rosetta Itzulpenak taldearena izan da eta hor tartean Josu Zabaleta dabil aurtengo Euskadi Saria itzulpen arloan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu