Jaioterritik urrun
2008-11-28 13:52 BidaideIndustriak Ekialdera eskapau dau. Baina industriak baino ez dauela eskapau pentsetan dauena oker dabil. Gure planetearen grabedade-zentroa Asiara begira dago, eta ekonomia zein gizarte arloetako sektore guztiek pastel gozo hori probau gura dabe. Artea ez da salbuespena.
Industriak Ekialdera eskapau dau. Baina industriak baino ez dauela eskapau pentsetan dauena oker dabil. Gure planetearen grabedade-zentroa Asiara begira dago, eta ekonomia zein gizarte arloetako sektore guztiek pastel gozo hori probau gura dabe. Artea ez da salbuespena baina, kasu honetan, ikuspuntu bi ditu: batetik, bildumazale mendebaldarrek jakin badakie asiar merkadua pil-pilean dagoala eta orain arte ezezagunak diran artisten obrak erosten ditue prezioek gora noiz egingo daben zain dagozan bitartean. Baina txanponaren beste aldean, euren jaioterrian topetan ez dituen aukerak bilatzera atzerrira joan behar diran artista gazteak dagoz. Azken aldian, bost kasu paradigmatiko ezagutzeko aukerea izan dot eta bertatik bertara ikusi hainbat gazteren balentasuna eta gure herrialdearen gainbeherea.
Lehenengoa, denporeari eta hurrekotasunari jagokonez, hainbat arlotan ezaguna dan margolari eta artista Judas Arrieta da, Hondarribikoa. Orain dala hiru urte ailegau zan Txinara, jaioterritik urrun joan behar izan dan bizilagun legez. Euskadiko prezio altuek eta eskaintza barriak onartzeko merkadu falteak bultzatu eben Arrieta Txinara joatera. Gipuzkoarrak, ganera, asiar kulturea ezagutzeko gogo berezia eukan. Orain, handitzen dagoan merkaduan eskaintza barriak egiteko eta bere tartetxua topetako aukerak topau ditu, askozaz merkeago ganera. Laster, ez da bakarrik egongo ze honezkero artista espainiarrei zuzendutako lehenengo egoitzea zabaldu dau Dragoi Handian. Hainbat euskaldunek emon dabe izena ekimenean. Artista horreek, zeozelan, sasoi batean bizimodua aurrera atarateko Alemaniara joandakoen antza daukiela autortu dau Arrietak. Eta bizimodua ataraten dabil, baita, María Das Dores, Txinara lehenengoz bideoarte formatuko euskal kulturearen zati bat ekarri dauen artistea.
Yolanda Pascual hegoalderago, Logroñon hain zuzen be, jaio zan. Diseinatzailea helburu berezi bategaz etorri da Shanghaira, Txinako uriburu ekonomikora: unibersidadean diseinu-eskolak emotea. Arrieta legez, Pascual be Vietnamen eta Tailandian ibili da lanean. Espainian errealidade bihurtu ezin diran proiektuak hemen gauzatzea da bere helburua. Zeozelan, curriculum-a kanpoan osotu gura dau, etxera bueltan doanean bidea eginda eukiteko eta arrakasta gehiago lortu ahal izateko. Joera horrek ondo baino hobeto erakusten deusku egungo gazteriak begiak zabaldu behar dituala, kanpora urten eta errealidade oso desbardinak ezagutu; holan, etxera bueltan, arrakastea lortzeko aukerak zabalagoak dira.
Hiru istorio horreek azken hamarkadetan gure herrialdean nagusi izan dan sistemearen ganeko galderak egitera bultzatzen deusku. Zorionez, sistema hori orain krisian dago. Azkar-ustekoak sortzaileen ganetik egon diran sasoian bizi izan gara. Lapurrak jente zintzoaren pentzura bizi izan diran sasoia. Ikasketa bako igeltsero batek 'diru baltzean' kobretan dauela harro esan eta BMW autoa eta 120 metro koadroko pisua erosten dauen bitartean Unibersidadeko ikerlari batek edota artista batek hilebetea mila eurogaz, ailegetan bada, pasau behar dauen sasoia. Eta txarrena da hierarkia ekonomikoak gora egin ahala orduan eta garun gitxiago topetan dogula. Espekulatzaileak eta kontratistak aberastu egin dira, mileuristen beharrizanakaz negozioa eginda. Horren aurrean, batzuek hegazkina hartu eta Planetearen beste aldera iges egin dabe, sistemeari lepoa emoteko.
Halanda be, nire atentzinoa Abraham Carmonaren kasuak erakarri dau gehien. Odolean flamenkoa daroa eta Carmonatar ijitoen dinastiakoa da. ‘Silencio’ izeneko lehenengo diskoa argitaratu barri dau, berak produzidutakoa. Prozesu osoa zuzendu dau berak, konposizinotik grabazinora, Shanghain. Urian eroso eta libre sentiduten dala dino, bere herrialdean baino hobeto. Batez be Txinak bere proiektuak errealidade bihurtzeko aukerea eskaintzen deutsolako dino hori.
Euren jaioterritik urrun dagozan lau artista horreek bertoko, Txinako merkaduan sartzeko interesa daukie, enpresa handiek legez. Asiar herrialdeek interes bizia dabe nazinoarteko kulturekazko, gure herrialdean ez bezela. Bide barriak edegi dira eta ateak zabalik dagoz, abenturazaleak noiz sartuko; horreek dira, hein handi batean, europako mundu artistikoaren etorkizuneko ordezkariak. Zorigaiztokoa da euren jaioterria abandonau behar izatea, baina, duda barik, etxetik horren urrun bizitako esperientziek eragin positiboa izango dabe euren artelanetan. Norbanakoaren bizipenetan oinarritutako mestizajea da balio dauena, ez liburuek edo joerek dinoena. Hori erakusten dabe Judas Arrietaren edo Abraham Cardonaren obrek, alkarren artean oso desbardinak izan arren, bien obrek asiar elementuen ikutuak ditue eta.
Pedro Arroyo arkitektoak gauza bera egin dau. Orain dala egun batzuk, Txinan egin dauen lehenengo zubia inaugurau eban, bere Shanghaiko estudioak, CA-Group izenekoak, oso-osorik diseinau eta garatutako obrea. Qingpu auzoan dagoan oinezkoentzako zubi izugarria da, txinatar tradizinoko baratzeetako zubiak oinarri hartuta eregitakoa. Bera be jaioterritik urrun dago eta, badaki, edozein lanbidetan, bidaiak egitea baino, hoba dala jomugan geratzea. Denporalditxu batetarako baino ez bada be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!