Xabier Amurizak 'Orain ezin naiz hil' bere nobela barria aurkeztuko dau asteon

Bizkaie! 2008-11-24 14:50   Kulturea

'Orain ezin naiz hil', 'Joan ziren' zikloko bigarren liburukia da, igazko 'Dinosauroak horizontean' izeneko lehenengoaren ondoren datorrena. Aurkezpenaren nobedadeetariko bat da liburua interneten argitaratzen dauela.

Xabier Amurizak 'Orain ezin naiz hil' izeneko nobela aurkeztuko dau, etzi, hilak 26, AEKren Kalderapeko Kulturgunean. 'Joan ziren' zikloko bigarren liburukia da, igazko 'Dinosauroak horizontean' izeneko lehenengoaren ondoren datorrena. Aurkezpenaren nobedadeetariko bat da liburua interneten argitaratzen dauela.

Bigarren liburuki honen marko orokorra haurtzaro-gaztaroa da aurreko liburuan bezela. Egileak dino ez dala, ezelan be, nobela autobiografikoa, Prousten 'Denbora galduaren bila' be ez dan moduan. Geografia eta zenbait abiapuntu errealak izan arren, fikzino handi bat nahi izan dau, errealidadea hobeto adierazoten dauena, hain zuzen.

James Joyceren nobela bat be aitatzen dau, gaztelaniaz 'Retrato del artista adolescente' izenburuagaz itzuli zana, non dublindarraren haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroa hartzen diran motibo nagusitzat. Amurizak be, liburu honetan, edade horrexek hartzen ditu oinarritzat, handik ingurura eta mundura salto amaibakoak eginez.

Egoera asko Joyceren nobelaren antzeko markoan garatzen dira, oso trataera desbardinez bada be: ikasketak, komentua, diziplina, erlijinoa, estutasun moralak eta askakuntza intelektualak. Pentsamenak ere ibilera amaibakoak eta diferenteak egiten ditu, denpora guztiakaz eta erregistro mota askogaz batera jokatuz.

'Orain ezin naiz hil' nobelak, oinarrizko fikzino eskerga baten gainean, bizialdi bat eta beragaz Euskal Herriaren aro bat konfiguretan dau: batetik, errealidadearen errepresentazino artistiko bat izan nahi dau; bestetik, haluzinazino handi bat dirudi.

'Joan ziren' zikloko bigarren liburuki honek jarraipena izango dau ia amaitua daukan hirugarrenean. 'Zikloak jarraituko dau, sano banaiz -dio egileak-, Prousten zazpi liburukiak bardindu arte. Kalidadean gatxa izango da, baina luzeran, zergaitik ez?'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu