Badator IX. FIOP-PNZJ Portugaleteko Nazinoarteko Zortzikote Jaialdia

Bizkaie! 2008-11-19 11:00   Musikea

Gaur, zemendiak 19, hasi eta datorren domekan amaituko da Portugaleteko IX. Nazinoarteko Zortzikote Jaialdia bertoko zein kanpoko taldeakaz.

Gaur, zemendiak 19, hasi eta datorren domekan amaituko da Portugaleteko Nazinoarteko Zortzikote Jaialdiaren IX. edizinoa bertoko zein kanpoko taldeakaz.

PNZJ Jaialdia munduko zortzikoteak ezaguterazoteko jaio zan orain bderatzi urte eta ordutik munduan antolatzen diran era horretako hitzordu garrantzitsuenetako bat da.

Portugaleteko Nazinoarteko Zortzikote Jaialdiak pauso handia emon eban 2002. urtean, izan be, bertokoak ez eze, munduko zortzikoteak eta emakumezko ahotsak konbidatzen eta programetan hasi ziran. Era horretara, musika estilo desbardinak entzuteko aukerea izan zan, folka eta bestelakoak.

Bien bitartean, euskal zortzikoteek ohiko errepertorio tradizonalari eusten deutsie, abentura edota arriskuak baztertuz. Horregaitik, Portugaleteko Nazinoarteko Zortzikote Jaialdiaren etorkizuna Europa edo Amerikako 8 kantariz osotutako taldeen parte hartzean dago. Modu horretan, publikoari errepertorio desbardinak eta kantetako era diferenteak eskainiko deutsoz Jaialdiak.

Bederatzi urteotan zehar, Portugaleteko Nazinoarteko Zortzikote Jaialdian Georgia, Frantzia, Italia, Portugal, Belgika, Danimarka, Alemania, Eslovenia, Austria, Hungría, Argentina edo Kortzegako taldeak izan dira gurean; eta estadu mailan Asturias, Kantabria edo Madrilekoak. Era berean, Euskal Herriko zortzikote guztiak urtez urte PNZJ-ko eskenatoki desberdinetatik pasetan. dira


Emakumezko ahotsak

Emakumezko ahotsek badaukie protagonismoa Portugaleteko Nazinoarteko Zortzikote Jaialdian. Euskal Herriko emakumezkoen zortzikoteen historian zehar, bi formazino baino ez dagoz: Errenteriako Alai eta Laudioko Laudiotarrak. Azken bolada honetan, barriz, Manuel Iradier Koralean zortzikote bat sortu da eta zenbait ekitaldi eskaini ditue. Euskal Herriko zortzikotegintzan emakumezko ahotsik ia ez dagoan arren, Hego Amerikan hainbat talde dagoz, besteak beste, Argentinan, Brasilen, Ekuadoren, Méxikon edo Kuban. Halan da be, Europako abesbatzetan oso normala da sortzea kamara talde desbardinak, zortzikoteak, seikoteak edo laukoteak bezla baina Euskal Herrian holakorik ez da pasetan.

Kontuak kontu, IX. PNZJ-ak bere konpromisoari eusten deutso, hau da, nazino desbardinetako zortzikoteak ezagutarazoteko, ahots zuriak programetako eta errepertorio diferenteak programetako konpromisoari.


'PNZJ Lagunak'

PNZJ sendotzeko eta lagun barriak erakarteko asmoz, bederatzigarren edizino honetan 'PNZJ Lagunak' sortu da eta abantailak ugari izango dira: PNZJri buruzko informazino zehatza, konbidapenak zein PNZJko produktuak eskuratzeko deskontuak (diskoak, kamisetak, poloak, liburuak, litografiak...).


PNZJ'08 Egitaraua

- Zemendiak 19, 20:00etan, Gran Hotel Puente Colganten, TXIPLI TXAPLA (Bilbo).

- Zemendiak 20, 20:00etan, Andra Mari eleizan, TEMPUS FLORIDUM (Florentzia).

- Zemendiak 21, 20:00etan, Andra Mari eleizan, NOIALTRE (Madril).

- Zemendiak 22, 20:00etan, Andra Mari eleizan, LURRA (Bordele).

- Zemendiak 23, 13:00etan, kalejirea: BILBOTARRAK (Bilbo), MENDIBAIARTE (Erandio) eta ERROBI KANTA (Baiona).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu