Buber sarietan parte hartzeko epea zabalik dago
2008-11-18 16:46Abenduaren 3ra bitartean emon daiteke izena Internet&Euskadi alkarteak euskal webgunerik onenentzako Buber Sarien seigarren edizinoan. Edozein norbanako, enpresa edo erakunderen webgunea aurkez daiteke.
Internet&Euskadi alkarteak euskal webgunerik onenentzako Buber Sarien seigarren edizinoa jarri dau martxan. Honezkero, tradizinorik eta oihartzunik handienetarikoko euskal sari digitalak dira.
Parte-hartzea librea da eta abenduaren 3ra bitartean edozein norbanako, enpresa edo erakunderen webgunea aurkez daiteke sariketako kategorietako batean, http://buber.interneteuskadi.org/web/webgunean.
Web bakotxak kategoria bakar batean parte har leike edizino bakotxean. Honako honeek dira kategoriak: webgune ikusgarriena;
webgune erabilgarriena; webgune dibertigarriena; webgune berritzaileena; webgune irisgarriena; euskerea sustatzeko webgune onena; merkataritza elektronikoko webgune onena; eta
herritarrei zerbitzua emoteko webgune onena.
Euskal webgunetzat hartuko da Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Zuberoan edo Lapurdin egoitza edo jatorria dauen enpresa edo norbanako batek egindakoa. Euskal diasporako internautek sortutako webguneak be onartuko dira, hareen gaiek Euskal Herriagaz zerikusia badabe.
Epaimahaia ospe handiko hamar euskal internautek osaturik egongo da, eta internautek aurrez aukeratutako bost webguneak bozkatuko ditu. Aukeratzeko erispideak izango dira, besteak beste, egindako ahalegina, kalidade artistikoa, diseinua, egituraketea, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, negozioko edo zerbitzu publikoko ikuspegia eta edukiaren aberastasuna.
Blas Pedro Urberuagak Interneten erabilitako 'nick' edo ezizena da 'Buber'. Idahora (AEB) emigrautako euskal artzainen semea da bera, fisikaria. 1994an, artean 23 urte besterik ez zituala eta Internet jaio barria zala, Euskal Herria gai bakartzat eban lehenengo webgunea sortu eban. Haren orriak euskal kulturearen ganeko erreferentzia bakarra izan ziran Interneten urte askoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!