'Gau ilunekoak', Joseba Sarrionaindiaren lan barria plazan
2008-11-14 15:14 KultureaFikzinozko lana da 'Gau ilunekoak'. Ipuin bat, berbearen zentzu guztietan. Narrazino fantastiko moduan irakur daiteke, besterik barik; umeentzako kontakizun entretenigarri eta jostalaria be izan daiteke, holan hartu gura izan ezkero; alegoria filosofikotzat be har leiteke, interpretazino asko izan leikezana, hainbat alorretara zabalik: erlijiosoa, politikoa...
Aspaldiko partez, liburu barria dakar Joseba Sarrionandiak, sailkapen errazik ez daukan literatur lan guztiz berezia, Maite Gurrutxaga ilustratzailearen marrazkiz horniduta aurkezten dana. Gaur aurkeztu dau liburua Elkar argitaletxeak.
Fikzinozko lana da 'Gau ilunekoak'. Ipuin bat, berbearen zentzu guztietan. Narrazino fantastiko moduan irakur daiteke, besterik barik; umeentzako kontakizun entretenigarri eta jostalaria be izan daiteke, holan hartu gura izan ezkero; alegoria filosofikotzat be har leiteke, interpretazino asko izan leikezana, hainbat alorretara zabalik: erlijiosoa, politikoa...
Zer kontetan dau ipuinak? Izaki berezi bat daukagu hasieran, Baionako portuan ezkutaturik agertu dana; berak dinoenez, beste planeta batetik datorrena, baina agintarien ustez immigrante ilegala, beharbada espioia... Epailearen aurrera eroanda, nondik datorren kontauko dau dana dalako horrek, eta hor ezagutuko dogu beti ilunpean bizi dan planetearen historia, urruneko izarren zain beti, baina izar horreen argia hurreratzen dalarik uste ez bezelako arazoak biziko dituana...
Esandako irakurketa-aniztasun hori da lanaren ezaugarrietako bat, beste batzuen artean: idazkera argia, prosa malgua, irudi ederrak, iradokizunerako gaitasuna... Zer pentsatua emoten dauen idazlana, eta aldi berean lilurarako bidea biztu leikena.
Joseba Sarrionandia Uribelarrea 1958an jaio zan Iurretan, eta 1985etik aurrera planetako bazter galduetan dabil, handik edo hemendik botiletan sarturiko mezuak bialtzen deuskuzala. Bere liburuen artean badira poema-sortak: 'Izuen gordelekuetan barrena' (1981), 'Gartzelako poemak' (1992) 'Hnuy illa nyha majah yahoo' (1995); Ipuin-bildumak: 'Narrazioak' (1983), 'Atabala eta euria' (1986), 'Ifar aldeko orduak' (1990); saiakerak: 'Ni ez naiz hemengoa' (1985), 'Marginalia' (1988), 'Hitzen ondoeza' (1997); eleberriak: 'Lagun izoztua' (2001), 'Kolosala izango da' (2003).
Maite Gurrutxaga Otamendi, barriz, 1983an jaio zan Amezketan. Arte Ederrak ikasia da, Leioan eta Bartzelonan, eta ilustrazinogintzan sakontzen dabil gaur egun. Zenbait erakusketa egin ditu, autoedizinoko proiektuak, testuliburuetako marrazkiak... Berak eginak dira Karlos Linazasororen 'Zein beste mundukoa' liburuko irudiak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!