Arnaud Frey (eta II): 'orain, ez da beharrezkoa 'freaky' izatea bideo-jokoen zaletua izateko'
2008-11-12 10:28 BidaideBideo-jokoen produktore Arnaud Frey-ri egindako alkarrizketearen bigarren atalean, frantsesak industria hori ezagutzeko gako batzuk emongo ditu.
Bideo-jokoen produktore Arnaud Frey-ri egindako alkarrizketearen bigarren atalean, frantsesak industria hori ezagutzeko gako batzuk emongo ditu.
1.- Bideo-kontsolen arloan, genero desabardintasunak igarten dira?
Bai; bitxia bada be, igarten dira. Bideo-jokoen merkatua segmentuetan bananduta dago, gero eta gehiago, eta neskek gero eta zeresan gehiago dabe. Berbarako, Nintendo Dsren erabiltzaile gehienak neskatoak dira, 'Play' kontsolea batez be mutilek erabilten daben bitartean. Azkenik, PSP dalakoa asiar nesken artean indartsu dabil pokemonez eta kolore bizidunez beteriko karkasei esker.
2.-Merkadu potentzial hori, antza, amaierarik bakoa da.
Oraindino ez deutsagu behar besteko etekina atara. Gero eta jokalari barri gehiago egongo dira, gero eta zaharragoak eta nerabeei zuzendutako produktu gitxiago egin beharko dira.
3.- Metroan zoazela konturatzen zara Japonian bideo-jokoek Mendebaldean baino pisu gehiago daukiela. Zergaitik?
Japonian, 'boom’ hori orain dala hiru hamarkada bizi zan. Europan eta Estatu Batuetan, barriz, Paystation 1 merkaduratu zanean, 1995ean. Lehenago, ‘underground’ mobimentua baino ez zan, joko-aretoetako kontua. Orain, 'freaky' izatea ez da beharrezkoa bideo-jokoen zaletua izateko ze Nintendok, Play bideo-kontsoleari ezker, gizarteko sektore guztietara ailegetea lortu eban, generoa, maila edo edadea edozein izanda. Baina Historia hor dago, eta oraindino be, Japonia pausu bat aurrerago doa.
4.- Makina barriak ikusiko ditugu laster?
Hardware barria ez da 2010era arte ailegauko. Baina baleiteke 2011n edo 2012an bideo-kontsolen munduan iraultza barria egotea.
5.- THQn, sei hardware-plataforma dagoz aldi berean lanean. Zelan sortzen da bideo-joko bat?
Kanpotik, kaosa dala pentsau daiteke. Eta zoramen hutsa da, bai. Bederatzi hilabeteko prozesua da eta denpora horretan, aldi berean, pentsau, sortu eta lau belaunalditako kontsolak aztertu behar dira eta, hori guztia, hiru kontinentetan. Holan lan egiten dogun bakarrak gara.
6.- Ez dituzue atzean ixten bideo-kontsolen bersino zaharrak?
Ezta pentsau be. Jokoaren aurreko edizinoan, PS2erako bersinoa agortu zan lehenengo eta oraindino be eskari handia dago. Kontsumitzaileak honakoa pentsetan dau: nirean ondo badabil, zertarako erosiko dot PS3a?
7.- Krisi ekonomikoak eragin deutsu edota eragingo deutsula uste dozu?
Gero eta konpainia gehiago dagoz bideo-jokoak egiten eta gero eta karuagoa da bideo-joko bat merkaduratzea. Barrikuntzan inbertiduteko, diru asko behar da eta sortzaile-talde on bat eukitea oso karua da. Ganera, beharra ezin daiteke Indiara eroan. Horregaitik, gure industrian, honezkero, fusino asko egon dira. Edo alkartu edo hil. Etorkizunean, bideo-jokoen hiruzpalau enpresa indartsu baino ez dira egongo, zinema arloan pasetan dan legez.
8.- Badago formularen bat bideo-jokoa arrakastatsua izateko?
Ez. Eta egin daitekean gauzarik txarrena mundu guztia pozik ixten ahalegintzea da ze, orduan, seguru ez jakola inori gustauko. Egokiena merkadua arlo desbardinetan banatzea da eta produktua arlo horreetariko bati zuzenduta egitea. Arlo horretako erabiltzaileen gustuak, beharrizanak... aztertu behar dira, eta merkaduratu baino lehenago, probau. Hori bai, ezinbestekoa da teknologia arloan nobedadeak sartzea, pantaileari begira zurtz eginda geratzeko moduko nobedadeak.
9.- Pantailen ganean berbetan gagozala aprobetxauta... gustetan jatzuz bideo-jokoetan oinarritutako pelikulak?
Ez ditut ikusten. Birritan joan nintzan zinemara holako pelikulak ikustera eta desengainua hartu neban. Liburu batean oinarritutako film bat ikustea baino txarragoa dala esango neuke. Liburuaren kasuan, buruan protagonisten irudia zeuk egiten dozu eta normala da gero filman irudi horreek ez agertzea; baina, bideo-jokoen kasuan, irudiok sortuta daude eta oso gatxa da honezkero eginda dagoan istorioa barriro kontetea.
10.- Eta kontrara?
Hori txapuza hutsa da. Ezin daiteke film batean oinarritutako bideo-jokorik sortu. Lehenengo eta behin, ez dauelako zeluloideko istorioaren errealismo bera izango; ganera, pertsonaiak karikatura hutsak izango dira, aktoreen karikaturak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!