18 egun liburu zahar eta okasinozkoakaz gozetako Bilbon
2008-10-30 14:44 KultureaBilboko XXX. Liburu Zahar eta Okasinozkoaren Azokea urriaren 31tik zemendiaren 16ra izango da aurten Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta. Ohikoa dan legez, Bilboko Arenalean egongo dira salmenta tokiak.
Bilboko XXX. Liburu Zahar eta Okasinozkoaren Azokea urriaren 31tik zemendiaren 16ra izango da aurten Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta. Ohikoa dan legez, Bilboko Arenalean egongo dira salmenta tokiak, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Zapatu eta domekan eta jai egunetan, barriz, ordu erdi gehiago.
Danetara, 53 stand izango dira eta parte-hartzaile gehienak EAEkoak diran arren, badira Nafarroakoak, Malaga zein Leongoak, baita Peruko bat be, 'Libros + Peq', hain zuzen be.
Ohikoa dan legez, kulturea herritar guztien eskura jarteko ahaleginean, aukerako liburuen artean, euro batean hasita eskuratu ahal izango dira liburuak, deskatalogatuak eta holakoak.
Beste alde batetik, liburu zahar eta antxinakoen eskaintzea be inoizkorik handiena izango da aurtengo azokan; zehatz esateko, 18 salmenta tokitan topau ahal izango dira ehun urtetik gorako liburuak. Berbarako, azokan erosgai egongo dan liburu karuena: teologiaren gaia jorratzen dauen XVII. mendeko 'Summae Thelogicae D. Thome Aquinatis', lau liburuki dira eta prezioa: 1171,97 euro.
Azokearen aurkezpen ekitaldian izan dira: Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, Lorenzo Portillo, Euskadiko Liburu Ganbarako presidentea, Iñaki Lopez de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria eta Fernando Fernandez, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteko presidentea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!