Nicholas Negropontek hasiko dau zemendian Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astea
2008-10-29 14:19Nicholas Negroponte injineru estadubatuarrak emongo dau Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astearen hasierako berbaldia, zemendiaren 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldi honegaz hasiko da dibulgazino-jardueren programea, Innobasquek koordinauta.
Nicholas Negroponte injineru estadubatuarrak emongo dau Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astearen hasierako berbaldia, zemendiaren 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Ekitaldi honegaz hasiko da dibulgazino-jardueren programea, Innobasquek koordinauta.
Negroponte mundu-mailako aditu ospetsuenetakoa da Internet gaietan, eta teknologia eta kultura digitalaren aitatzat hartzen da. Bere ekarpenik garrantzitsuenetakoa Massachusetts Institute of Technology (MIT) ezagunean Media Laboratory sortzea izan da, punta-puntako zentroa teknologia barrietan eta etorkizuneko komunikazinoetarako horreek dituen aplikazinoetan, bai hezkuntzearen arloan eta bai aisialdian be. Gaur egun MediaLab-eko presidente emeritua da.
Bere eragin publikoa oso loturik dago kostu txikiko ordenagailu eroangarriak egiteko proiektuagaz, zehatz esanda 100 dolarreko prezioan, eta herrialde garatuen eta garatzeko bidean dagozanen arteko 'zulo digitala' murrizteko helburua dauka. Esangura horretan, OLPC, Haur Bakotxarentzat Ordenagailu Bat Fundazinoak -Negropontek eta MediaLab fakultadeko beste kide batzuek sortuak- informatikearen eta Interneten erabilerea bultzatu nahi dau gitxi garatutako herrialdeetan.
Negropontek 'Being digital' argitaratu eban 1995ean, aro digitaleko aldaketei buruzko hausnarketea. Gaur egun ia mitikoa da liburu hau, bertan aurreikusi zitualako gaur egungo Interneten nondik norakoa eta bilakaerea, eta 40 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da.
Astea
Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astea izaten da alor honen gizarte-komunikazinorako ekitaldi nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan. Aurten zemendiaren 10etik 16ra bitartean izango da, eta bat dator alde batetik '2008 Barrikuntza Urtea Euskadin' dalakoagaz, eta bestetik Lur Planetearen Nazinoarteko Urteagaz.
Ekimen honen helburu orokorra gizartearen eta zientzia, teknologia eta barrikuntzearen arteko alkarrizketea hobetzea da, eremu horreen garapenagaz zerikusia daben gaietan herritarren parte-hartzea sustatzeko.
Horren haritik, hona hemen programautako ekintzen helburu zehatzak: zientzia eta teknologia-gaien eztabaidan herritarren parte-hartzea sustatzea; zientzia-bokazinoak sustatzea eta etorkizuneko lehiakortasuna bermatzea I+G+b terminoetan; komunikazino-formatuak hobetzea, zientzia eta teknologiaren aurrerapenak gizarteari egoki transmitiduteko; zientzia-zabalkundea sustatzeko egitura barriak zabaltzea eta lehendik dagozanak sendotu eta bultzatzea.
'Lehengaia' da astearen edizino honetako ardatz nagusia. Antolatzaileentzat, 'kontzeptua zabala da, eta Lurrean dagozan natura-baliabideak sartzen doguz kontzeptu honetan, baita EAEn dagozan giza baliabideak be, bertan bizi eta lan egiten daben personak, natur baliabideak eta giza baliabideak, barrikuntzarako eta zientzia-ikerketarako beharrezko oinarri moduan'.
Astea Innobasque Barrikuntzearen Euskal Agentziak koordinauko dau, eta bere eragileak dira Euskal Herriko Unibersidadea, SPRI, Eusko Jaurlaritzea, Elhuyar Fundazinoa, Zientziaren kutxaGunea, Rialia, EAEko Parke Teknologikoen Sarea, Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa, eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazinoa (FECYT).
Zazpi egunetan zehar, zientzia, ikerketa, hezkuntza, teknologia, kultura eta komunikazinoan dabilzan 50 euskal erakunde baino gehiagok parte hartuko dabe zabalkunde-ekintzen programa zabal batean. Danetara, 200 jarduera baino gehiago izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!