Arnaud Frey (I): 'gurasoek seme-alaben jokoak ezagutu beharko leukiez'

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-10-28 14:17   Bidaide
Bideo-jokoen produktorea

Arnaud Frey-gaz zita bat lortzeko, lehenengo tetrisean olgau behar da agendeagaz eta gero txanpon-makinetako lehenengo saria toketea itxaron behar da. Eta, kasurik onenean, topaketea 45 minutukoa izango da, orain dala hamar urte Japonian bizi dan frantziarrak Yokohaman daukan bulegotik Tokioko THQ erakundeko egoitzara ailegetako behar dauen denporea. Egoitza horretan, Frey-ren Smackdown vs Raw izeneko azken jokoari amaierako ikutuak egiten dagoz. THQ enpresa nipondarrak hiru sorkuntza-talde koordinetan ditu eta, tartean, kontinente desbardinetako diseinatzaileak eta itzultzaileak dagoz. Japonian, danetara, enpreseak 200 behargin ditu, Europan dozena bat itzultzaile eta Estadu Batuetan ehun sortzaile inguru, bertan oinarritzen baita jokoan ikusten dan 'show'-a. Europan, zemendiaren 7tik aurrera ikusi ahal izango dogu.

Shibuya-n, Tokioko gazteen auzo ezagunean alkartu gara, Hachiko urteerako tren berdean. Frey-k dino ez dauela larrosa gorririk eroango, baina bai bere Playstation 2 makinatxuaren boltsa gogokoena. Hori bai, gorria. Denporaz estu eta larri goaz eta, zelan ez, produktoreak bideo-jokoen gune bat aukeratu dau alkarrizketea egiteko, zarata artean: burrukak, auto-istripuak eta zaldi-lasterketak, besteak beste. 'Vending' makina batetatik coca-cola bi atara ditu. Gatxa da bere argumentuak ulertzea. Berba egiteko modu berezia dauka, berba-zaparradea botaten dau etenik barik.


1.- Japoniako lan-bizimodu estresagarrian bete-betean sartu zarala esan geinke.

Lehenengo eta behin, herrialdea eta lan-muetea izan behar dira kontuan. Bideo-jokoen sektoreak etenik bako jarraipena eskatzen dau eta horrek, askotan, desesperazinoa eragiten deutsu. Sormen-prozesua hiru kontinentetan egiten bada, gehiago ganera, ordutegi-aldaketeak dakarrenagaitik. Nik Japonian egiten dot lan, afarian pentsetan hasten nazanerako, Europa lanean hasten da. Ohera joan baino lehenago, Estadu Batuakaz burrukan egin behar dot eta, batzuetan, ohea ikutu be ez dot egiten. Astegoienak, bulegoan; eta jai-egun nazionalak, bat bera be ez. Bideo-jokoen munduan, Estadu kontzeptuak ez dau balio.


2.- Baina bizimodu horretara ohitzeko, balio egin behar da, gero.

Asko bidean geratzen dira, eta ez ezaugarri falteagaitik. Tentsinoari aurre ezin deutselako egin erretiretan dira. Beharrezko ezagutza teknikoez eta irudimen nahikoaz gan, mundu honegaitik danak emoteko prest egon behar zara, zoratuta.


3.- Horrek zer esan gura dau, ‘freaky’ bat izan behar zarala?

Hein handi batean, bai. Baina beti berbearen zentzu onean. egiten dozunagaz disfrutetea da garrantzitsuena, beste lanbideetan baino gehiago. Nire gaztetako amesa, Nintendok antolatutako lehiaketa bat irabazi nebanetik, oraindino be gogoan daukat: Mario Bros-en sortzailea, Shigeru Miamoto, ezagutzea. Lanbide honek eskatzen dauena emoteko prest egoteko, barru-barruan eroan behar dozu, ezin dozu zuk sortu. Lankide asko bidean geratu dira, gogorregi lan egin ostean.


4.- Lortu zenduan Miamotori eskua emotea?

Bai, bai. Azkenen aldi honetan, sarritan ikusi dot eta japoniarrez egin dot berba beragaz. Hori oso pozgarria da niretzat eta, horregaitik baino ez bada be, hizkuntzea ikasteak merezidu izan dau.


5.- Smackdown vs. Raw
jokoaren produktorea zara. Biolentziaz beteriko jokoa da, Mario Bros-egaz zerikusi gitxi daukana. Zer deritxazu bideo-jokoak odolagaz eta bortizkeriagaz lotzen dirala salatzen dauen polemikearen ganean?

Ba, uste dot polemika hori guztiz antzua dala. Gure jokoa 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta hori argi eta garbi agiri da, filmetan legez. Egia da odol asko ikusten dala, baina ez dot uste horretaz gozetan dabenei eragingo deutsenik. Izakera hiltzailea daukienek ez ditue bideo-jokoak behar ideiak lortzeko, zoritxarrez ideia horreek eguneroko errealidadean be topau daitekezalako. Arazoa ez da produktua, personea baino. Gurasoen partetik, erantzukizun faltea dagoala uste dot, ez dabelako interesik erakusten euren seme-alabek egiten dabenaren ganean, ezta euren jokoetan parte hartzeko be. Gurasoek euren seme-alaben jokoak ezagutu beharko leukiez. Ez dau balio berandu danean bildurtzea.


6.- Egia da indarkeriazko bideo-jokoek arrakasta gehiago dabela mutilen artean eta neskek gitxiagotan ikutzen dituela botoiak?

Bai eta ez. Bideo-jokoen industrian, gaien kontuan topikoak beteten dira. Baina ez da egia neskek ez dabela olgetan. Adibide bat jartearren, ‘Animal Crossing’ bideo-jokoak lau miloe kopia saldu ditu Japonian, eta ez dot uste erosleen artean mutil asko dagoanik. Hori bai, neskek hezkuntza-produktuen alde egiten dabe eta mutilek gurago ditue sexuz, bortizkeriaz eta kirolez beteriko istorioak.


7.-
Kirol-jokoak betirako dira.

Bai. Apustu segurua dira, beti be ondo diseinauta dagozanean.


Jarraipena egun batzuk barru...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu