Zerberri.com, euskarazko albisteen bilatzaile aurreratua

Bizkaie! 2008-10-16 15:07

Bildu.net, Euskaltube.com eta Txioka.net lako webguneen sortzaile diran Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek Zerberri.com aurkeztu dabe. Tresna barria Google bilatzailean oinarrituta dago eta euskerazko 100 albiste-iturriren artean topetan ditu barriak.

Zerberri.com Google bilatzailean oinarritutako tresnea da. Bilatzaileak hainbat hizkuntzatan eskaintzen dau albisteak topetako zerbitzua, GoogleNews legez ezaguna dan arloaren bidez. Baina, orain artean, Googlek ez dau euskerazko albisteen bilatzailerik garatu.

Gaztelaniaz, berbarako, 700 iturrik eskaintzen dituen albisteak topetan ditu Googleren tresnak, frantsesez 500 eta ingelesez 4.500. Zerberri bilatzaileak, momentuz, 100 albiste iturri ingururen artean topetan dau, danak euskerazkoak.

Iturrien aurretiazko aukeraketea eta denpora tartearen araberako bilaketea dira Zerberri.com webgunearen ezaugarri nagusiak, hizkutzeagaz batera. Hau da, bilatzaile honek aldez aurretik aukeratutako iturri euskaldunetako emoitzak baino ez ditu eskaintzen eta, ganera, bilaketa kronologikoak egiteko aukerea eskaintzen dau: azken 24 orduetan, azken astean, azken hilebetean, azken hiru hilebetetan, azken sei hilebetetan, azken urtean eta edonoiz.

Ekimen barriaren sustatzaileek adierazo dabenez, 'tresna honegaz, euskerazko Internet sareari ekarpena egin gura izan deutsagu, albisteak topetea ahalbidetuz'. Zerberri.com webguneak, momentuz, 100 iturri ingururen artean topetan dauen arren, aurrerantzean albiste-iturri gehiago be erabiliko dituala jakinarazo dabe arduradunek. Horretarako, iturri barriak proposatzeko deia egin dabe, webgunean horretarako preparauko daben txokoaren bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu